EH Bilduk mozio bat eraman du gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. Propio aipatu ditu testu horretan euskararen biziberritzearen aurkako «epaiak». Adierazi nahi izan du sententzia horiek autogobernua «higatzen» ari direla, eta euskararen biziberritzerako politika publikoak garatzeko bidea «oztopatzen» dutela: «Ezegonkortasun juridikoa sortu dute euskararen biziberritzeari begira eratutako lege, araudi eta dekretuetan». Eta eske zehatz bat egin nahi izan dio Eusko Jaurlaritzari: «Azter ditzala hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko lege aldaketarako aukerak». Mozio hori ez da onartu, ordea. EAJk eta PSE-EEk hitzartutako osoko zuzenketa bat onetsi da. «Deitoratu» egin du koalizio abertzaleak arloan aurrerabide bat egiteko aukera «galdu izana».
EH Bilduk bere testuan beren-beregi aipatu du Europako Kontseiluak berriki Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna zenbateraino betetzen den neurtzeko egin duen balorazio txostena ere, eta Jaurlaritzari eskatu nahi izan dio «intentsitate handiagoz» lan egin dezala azterketa horretan adierazitako gomendioak eta oharrak betetzeko. Beste puntu bat ere proposatu dute, euskara biziberritzeko neurrien inguruan zabaltzen ari diren hainbat mezuren inguruan kezka adierazteko asmoz: «Legebiltzarrak kezka handiz ikusten ditu euskara lan eskubideekin, talentua erakartzearekin eta kohesio sozialarekin kontrajartzeko etengabeko adierazpen eta argudioak».
Lau puntu onetsi dira EAJk eta PSE-EEk hitzartutako testuan. Horietan ez da proposatu sakoneko lege aldaketarik, eta ez dira aipatu propio euskararen biziberritzearen kontra metatzen ari diren ebazpenak, ezta egun ozentzen ari diren zenbait diskurtsoren gaineko kezka ere. Horra onartu diren lau gakoak. Baga: Jaurlaritzari eskatu diote «gauzatu» ditzala Europako Kontseiluak Hizkuntza Gutxituen Gutuna betetzeari buruz egin berri duen balorazio txosteneko gomendioak eta oharrak. Biga: herri administrazio guztiei eskatu diete «berma» dezatela bi hizkuntza ofizialetako edozein aukeratzeko eskubidea. Higa: Jaurlaritzari eskea egin diote bere esku dituen «lege mekanismo guztiak» erabil ditzan hizkuntza eskakizunak arautzeko onetsi duen dekretua «defendatzeko». Lauga: «eskerrak» eman dizkiete herri administrazioei sektore publikoa euskalduntzeko egindako lanagatik.
Beste osoko zuzenketa bat eraman nahi izan du eztabaidara Sumar taldeak. Testuan jaso dute, besteak beste, «bateragarri» egiteko hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak. Hori ere ez da onartu.
Legea lantzea da asmoa
Josu Aztiria legebiltzarkideak defendatu du EH Bilduren testua. Bere hitzaldian EAJri mintzatu zaio, beren-beregi. «Euskararen biziberritzearen aro berriak ausardia eta erabakimena behar dituela esan dut askotan, baina betorik gabe izan behar du», ohartarazi du. «Eta EAJko kideok, zuen zain geratzen gara. Zuen zain, bai, baina ez geldo, eta are gutxiago geldi», adierazi du. Izan ere, sakoneko aldaketa baterako abiaburua antzematen du gizartean: «Hizkuntza politika ausartagoak nahi dituzte herritarrek». Sakoneko aldaketen bila, EAEko Funtzio Publikoaren Legea aldatzeko ekimen legegile bat aurkeztuko dutela jakinarazi zuen. «Aterbe juridiko berriak behar ditugu».
PSE-EEren izenean, Pau Blasi solastatu da. Ukatu egin du euskararen kontrako «oldarraldia» dagoela, eta hizkuntza eskakizunen kontra ebatzi diren sententzien atzeko argudioak defendatzen ahalegindu da. Asmo horrekin, hizpide izan ditu oihartzun handienetarikoa izan duten epaietako bi, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako hizkuntza eskakizunekin lotutakoak biak: Uliazpi fundazioarena, eta aterpetxeetako garbitzaileena. Esan du ez dela «logikoa» hizkuntza eskakizun ia orokortua egotea langile guztientzat.
Jeltzaleen izenean, Gorka Alvarez aritu da, eta hizpide izan ditu hizkuntza eskakizunen kontrako «sententziak». Horien aurrean Jaurlaritzak «tinko» jokatu duela argudiatu du. Ororen gainetik, ordea, «elkarlana» lehenetsi behar dela uste du. Hizkuntza eskakizunak arautzeko dekretua Jaurlaritzak onetsi berria duela gogoratu du, eta hor jarri behar dela orain indarra. Hala ere, prest azaldu da aurrerago gai honetan EH Bildurekin «elkarguneak» lantzeko.