Eusko Legebiltzarrak atzera bota du frankismoko biktimen lege egitasmoa

EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute; argudiatu dute Jaurlaritzak aurkeztu duela proposamen bat, eta plataformak kendu zuela berea

Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideak, parlamentuan, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak memoria historikoari buruz egindako herri ekinaldi legegilea defendatu zuten atzo EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean. Lege egitasmo gisa aurkeztu zuten proposamena, eta horri bide emateko eskatu zieten gainerako taldeei. EAJk, PSEk eta PPk, baina, kontra bozkatu zuten. EAJk argudiatu zuen Jaurlaritzak lege egitasmo «osatuago» bat aurkeztu duela gaiari buruz, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi leporatu zien «zarata» ateratzea, gobernuak orain arte frankismoko biktimen inguruan ezer egin ez duela aditzera emateko asmoz. PSEk ere gogoratu zuen Jaurlaritzak egitasmo bat duela, eta azpimarratu zuen «sustatzaileek beraiek gelditu zuten ekinaldia» dela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legebiltzarrera eraman dutena.

Frankismoaren biktimek herri ekinaldi legegilea erregistratu zuen uztailaren 12an. Handik bi egunera, Jaurlaritzak iragarri zuen «antzeko» proiektu bat prestatzen ari zela. Orduan, plataformak erabaki zuen aurrera ez jarraitzea, baina legebiltzarreko taldeei eskatu zien haiek prestatutako araudia bultzatzeko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek heldu zioten horri, eta lege proposamen gisa erregistratu zuten, irailaren 10ean. Bi aste geroago aurkeztu zuen berea gobernuak, Gogora institutuaren txosten batean oinarrituta egindakoa.

1936ko gudariak eta ETA

Atzoko eztabaidan, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak salatu zuen EAJk ez duela inoiz argi izan lege bat behar zenik alor horretan, eta gogoratu zituen Jaurlaritzak berea aurkeztu duen arte izan dituen «jarrera alderdikoiak» eta egin dituen «itzulinguruak». Azpimarratu zuen, halaber, gobernuaren proposamenean ez zaiela entzun biktimen elkarteei, eta haiek «mespretxatzea» egotzi zien EAJri eta PSEri. «Dena biktimentzat, baina biktimak gabe», azpimarratu zuen.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek ere leporatu zien «luzamendutan» aritzea, eta ohartarazi zien hori «zigor» bat dela «hainbeste urtez» lege baten zain egon diren biktimentzat.

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak, berriz, azaldu zuen Jaurlaritzaren testuak «askoz hobeto» jasotzen dituela «etorkizuneko erronkak» eta kontuan hartzen dituela orain arte memoria historikoaren alorrean Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak onartu dituzten neurriak eta legeak. «Badirudi hutsetik hasi behar dugula, eta ez da horrela: aitzindariak gara». Hauteskundeak gertu daudela-eta gaiarekin «demagogia» egitea leporatu zien EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. Era berean, ohartarazi zuen «oso zaila» izango dela akordioak lortzea «1936ko gudariak eta ETAko kideak berdintzen» dituztenekin.

PPko Carmelo Barriok, berriz, adierazi zuen biktimen proposamenak «ahanztura asko» dituela. Halaber, «sarkasmotzat» jo zuen «gertuko historia [ETA aipatu zuen] ahazten duen [alderdi] baten eskutik» onartu behar izatea halako lege bat.

Eztabaida amaitu ondoren, frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideek agerraldia egin zuten legebiltzarrean. Haien iritzian, EAJren asmoa da, besteak beste, lege berriaren bidez Gogora institutuaren eskumenak indartzea, erakunde horrek memoriaren alorrean egin duen guztia Lehendakaritzatik «kontrolatu» ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.