Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk 2022rako aurrekontu «errealistak eta egingarriak» defendatu ditu Eusko Legebiltzarrean, eta haren proiektuak beste urrats bat egin du onartua izateko. Legebiltzarkideek atzera bota dituzte Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs-k eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak, EAJren, EH Bilduren eta PSEren ezezko botoekin.
Azpiazuren hitzetan, egungo erronkei erantzuteko aurrekontuak dira Eusko Jaurlaritzak prestatutakoak, eta nabarmendu du hamar eurotik zortzi gizarte politiketara bideratuko dituztela, eta 1.605 milioi inbertsioetara, Europatik irits daitezkeen laguntzen esperoan. Sailburuak, baina, zenbakietatik harago, EH Bildurekin lortutako akordioa goraipatu du, eta koalizio subiranistaren «bide aldaketa» eskertu: «Akordio garrantzitsu bat dela uste dut, politika erabilgarriaren aldeko apustu bat». Haren esanetan, gainera, «beste akordio batzuk» iristeko bidea izan daiteke.
EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek ere akordioari esker lortutako «hobekuntza adierazgarriak» nabarmendu ditu —253 milioi euroren hainbat zuzenketa—, osoko zuzenketen aurkako boto argudiatzeko. Gogoratu du kontuak «hasiera-hasieratik» daudela onartuak, EAJren eta PSEren gehiengo osoa dela medio, baina koalizioak lan egin duela horiek hobetzeko. Iriarteren aburuz, 2022rako onartuko diren aurrekontuak ez dira «herri gisa aurre egin beharreko erronkei» erantzuteko modukoak, baina bai gobernuak «bide egokia» topatu izanaren adierazgarri. «Borondatea badago, akordioak lortzen dira», adierazi dio Iriartek Azpiazuri.
Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategi gogorrago mintzatu da. Haren esanetan, egungo egoerak «sakoneko esku hartze bat» eskatzen du, eta aurrekontuek ez dute modurik emango behar bezala erantzuteko. «Ez dute bermatzen kohesio soziala», gehitu du Jon Hernandez koaliziokideak: «Patronalaren beharrak langileen beharren gainetik jartzen dituzte». Era berean, Azpiazuren lantaldeak Elkarrekin Podemos-IUrekin izaniko jarrera kritikatu dute, koalizioaren proposamenak atzera botatzeagatik, hala nola Osakidetzak 4.000 langile berriz kontratatzea. Hernandezen arabera, «inoiz baino arrazoi gehiago» izan dituzte osoko zuzenketa bat aurkezteko.
EAJko eta PSEko parlamentariek bestelako iritzia plazaratu dute negoziazio horretaz. Itxaso Berrojalbiz jeltzaleak «ausardia falta» leporatu dio Gorrotxategiri, eta Jaurlaritzak aurkeztutako proposamen orori «ezetza eman» izana gaitzetsi; besteak beste, gogora ekarri du politika sozialetan 72 milioi euro gehiago jartzea proposatu zietela. PSEko Susana Corcuerak, berriz, «jeloskor» egotea egotzi dio, akordioa EH Bildurekin egin delako.
PP+Cs-ko bozeramaile Carlos Iturgaizek hizpide izan du Elkarrekin Podemos-IUk negoziazio mahaitik kanpo utzitako afera bat: aldundiekin eta udalekin adostutako «premiazko» erreforma fiskal bat. Haren hitzetan, gaiaren inguruko akordio bat erdiestea «ezinezkoa» izateak eta aurrekontuak «irrealak eta zaharkituak» egoteak bultzatu du koalizioa osoko zuzenketa aurkeztera. «Bira erabateko bat» egitea ere leporatu dio EAJri, eta Lizarra-Garaziko Hitzarmenarekin konparatu du EH Bildurekin eginiko akordioa: «Hausturarako akordioa bat da».
Azpiazuren hitzetan, baina, hasieratik izan zen «ezinezkoa» eskuin unionistarekin akordio bat ixtea. «Ez dut uste zuen asmoa akordioa lortzea izan denik», azaldu du Berrojalbizek, eta «oposizio frontista» bat izatea leporatu dio Iturgaizi. Corcuerak, berriz, gaitzetsi du akordio bat ixteko «aukera galdu» izana, «Euskaditik kanpoko arrazoiengatik».
Voxeko Amaia Martinezek, berriz, adierazi du aurrekontuek «gizonen aurkako diskriminazioan sakontzeko» eta «espainiarrak bereizteko» balio dutela. Corcuerak «Konstituzioaren aurkakotzat» jo ditu haren hitzak eta aurkeztutako osoko zuzenketa.
Jaurlaritzaren kontuak hilaren 23an onartuko ditu legebiltzarrak, EAJren eta PSEren baiezko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Denera, 13.107,8 milioi euro bideratuko dira aurrekontuetara, aurten baino %5,3 gehiago.