Eusko Legebiltzarraren jarduera abiadura hartzen hasiko da

Urtarrila ez da hilabete balioduna Gasteizko ganberan, eta, beraz, ez da osoko bilkurarik eta kontrol saiorik izan azken asteetan. Halere, legebiltzarkideak ez dira oporretan egon, eta izan da jarduerarik. Nafarroan ez da halakorik gertatzen.

Eusko Legebiltzarra, irailean egindako kontrol saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Legebiltzarra, irailean egindako kontrol saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Urtea hasi zenetik, erdi hutsik egon da Eusko Legebiltzarreko agenda, baina hasia da betetzen. Gaur egingo dute 2025. urteko lehen osoko bilkura, eta bihar izango da sasoiko lehen kontrol saioa. Segidan, astero elkartuko dira legebiltzarkideak ekainera arte, Aste Santuko oporretan atseden hartuta.

Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan zehazten da bilkura aldi arruntak bi direla: otsailetik ekainera bitartekoa bata, eta irailetik abendurakoa bestea. Hau da, urtarrila ez da hilabete balioduna, ez behintzat osoko bilkurak eta kontrol saioak egiteko. Bestelako hainbat jarduerak jarraipena izaten dute urte osoan. Bilkurak egiteko aldiak luzatu ahal izateko, beharrezkoa da erregelamendua aldatzea. Horretarako, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren gehiengoak ados egon behar du.

Abenduaren 20an egin zuten azkeneko osoko bilkura. Besteak beste, 2025. urterako aurrekontuak bozkatu zituzten. Are denbora gehiago pasatu da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Kontroleko Osoko Bilkura batean oposizioaren galderak azkenekoz erantzun zituenetik: 77 egun, zehazki. Egia da abenduaren 13an izan zela beste kontrol saio bat, baina Pradalesek ez zuen parte hartu, Santanderren (Espainia) baitzegoen, erkidegoetako presidenteen konferentzian. Kontrola ez zaio soilik lehendakariari egiten, Eusko Jaurlaritza osoari baizik.

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek egiten diezazkiokete galderak eta interpelazioak Jaurlaritzari. Aldez aurretik erregistratu behar dira, eta publikoa da zerrenda. EAJk, adibidez, lehendakariari galdetuko dio ea zer aurreikuspen duen Europak bizi duen egoeraren eta muga zergak igotzeko arriskuaren harira; EH Bilduk, berriz, Industria Planaren inguruan galdetuko dio lehendakariari, eta Eskola Mapa berritzearen gainean Hezkuntza sailburuari, besteak beste. PPk kode etikoaren aplikazioaren inguruan galdetuko du, Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohia Gasteizko klinika pribatu batek kontratatu izanaren harira. Galdera bat baino gehiago izango da Eusko Jaurlaritzarena izandako Parisko eraikinaren aferaren inguruan ere. Denera, hemezortzi galdera edo interpelazio erregistratu dira biharko.

Lehenago, gaurko osoko bilkuran osasun, industria eta hezkuntza gaien inguruan eztabaidatuko dute, besteak beste. 09:30ean hasiko da bilkura. Aurretik, Gregorio Ordoñez oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo dute. Aurten 30 urte bete dira ETAk Alderdi Popularreko politikari hura hil zuenetik.

Oporraldiak, laburragoak

Jaurlaritza bost bider elkartu da urtea hasi zenetik. Urtarrilaren 8an, 14an, 21ean eta 28an izan ziren Gobernu Kontseiluak, eta otsaileko lehen asteartean ere egin dute. Deialdi batzuetan, ordea, oso gai gutxi aurkeztu dira. Herenegun, adibidez, komunikabideei jakinarazitako akordio «nabarmenen» artean bi puntu baino ez zeuden: Luzarori buruzko gai ekonomikoa eta etxebizitza arloko berrikuntzak. Duela bi aste ere, oso laburra izan zen bilera.

Urtearen bukaeran, Pradalesek jendaurrean esan zuen «pausoa bizkortu eta beste martxa bat» sartu behar zela. Esan zuen «anbizioa» eta erabakiak hartzeko «abiadura» lotuta daudela. Maria Ubarretxena sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaileari astearteko Gobernu Kontseiluaren ostean galdetu zioten gobernuak jada aldatu ote duen erritmoa, eta ziurtatu zuen hasiera-hasieratik ari direla lanean, «autoexijentziaz» eta «erabakitasunez». Gaineratu zuen EAJren eta PSE-EEren gobernuak erritmo konstantea duela eta «normal» funtzionatzen duela. «Sailburu guztiak lanean ari gara, lehendakariak eskatu bezala».

Oposizioko alderdiek ere zehaztu dute osoko bilkurarik eta kontrol saiorik egon ez arren lanean aritu direla urtarrilean. EH Bilduk dio «lan handiko asteak» izan direla. Prestaketa lanak egiteko garai aproposa dela diote legebiltzarkideek, urte osoan izaten duten lan erritmoak zaildu egiten baitu eztabaidatu beharreko gaiak patxadaz aztertzea eta proposamenak ganoraz lantzea.

Bestelako 35 jarduera izan dira urtarrilean: prentsaurrekoak, kontratazio mahaiaren bilerak, bisitak, harrerak... Esaterako, legebiltzarkide talde bat UNRWAren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariekin bildu zen joan den astean, eta, Holokaustoaren Biktimak Omentzeko Nazioarteko Eguna baliatuta, legebiltzarrak bat egin zuen antolatutako hainbat ekitaldirekin. Ganberako Mahaia ere hiru bider elkartu da.

Nafarroako Parlamentuan, berriz, urtarrila gainerako hilabeteen parekoa da. Soilik udan egiten dute geldialdia Iruñean, uztailean eta abuztuan. Gasteizen ere baliogabeak dira udako hilabeteak, eta jardunak behera egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.