Espero zen bezala Eusko Legebiltzarrak hurrengo urterako aurrekontuak onartu ditu PSE-EE eta PPren babesarekin -75 eserlekuetatik 38 dituzte-. EAJ eta UPD -akats baten ondorioz- abstenitu egin dira. Aralar, EA eta EBk, aldiz, aurkako botoa eman dute.
2010eko aurrekontuak 10.315 eurokoak dira, aurtengoak baino %8,6 baxuagoak. Defizita berdintzeko 1.914 milioi euroko zorra aurreikusi dute hurrengo urterako.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko eledunak adierazi du onartu dituzten aurrekontuak "trantsizioko lehenak" direla eta hemendik aurrera horiek sakontzeko lanetan arituko direla. Aurkeztu zitezkeen aurrekonturik "errealistenak, orekatuenak eta sozialenak" direla nabarmendu du Pastorrek.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak bere aldetik, aurrekontu horiek onartzearekin "gizartearen gehiengoari eta Legebiltzarreko beste erdiari bizkarra eman" dietela azaldu du.
Aralarrek, EAk eta EBk Eusko Jaurlaritzaren 2010eko aurrekontu egitasmoari aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota zituzten hil honen hasieran, PSE-EE, PP eta UPDren botoekin.
politika
Eusko Legebiltzarrak 2010eko aurrekontuak onartu ditu
PSE eta PPren aldeko botoekin atera da aurrera. EAJ eta UPD abstenitu egin dira eta Aralar, EA eta EBk aurka bozkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu