EUSKO LEGEBILTZARRA. AURREKONTUAK. PPren sostenguarekin onartu dira Patxi Lopezen lehen aurrekontuak

PSE-EE eta PPren aldeko botoekin atera dira aurrera 2010eko aurrekontuak; EAJ eta UPD abstenitu egin dira

Edurne Begiristain.
Gasteiz / Joxerra Senar. Iruñea
2009ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
PSEk eta PPk legealdi osorako egindako akordioari esker, Patxi Lopez lehendakariaren lehen aurrekontuak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. Gehiengoz atera dira aurrera: PSEren eta PPren 38 botoen sostengua jaso dute Eusko Jaurlaritzak 2010. urterako landutako aurrekontuak. Kontrako sei boto izan ditu: Aralar taldeko lau legebiltzarkideenak eta Eusko Alkartasuneko eta Ezker Batuko legebiltzarkide banarenak. Eta abstentziora jo dute EAJk eta UPDk. PSErekin eta Hamaikabat alderdiekin sinatutako egonkortasun akordioari jarraituta abstenitu dira jeltzaleak bozketan. UPDk, ordea, aurrekontuen aldeko botoa iragarrita zeukan, baina Gorka Maneiro legebiltzarkidea nahastu egin da botoa emateko garaian, eta abstentzioaren alde egin du.

Horrenbestez, 10.315 milioi euroko aurrekontua izango du Euskal Autonomia Erkidegoak datorren urtean. Aurten baino %8,6 gutxiago. Defizitak baldintzatutako aurrekontuak izango dira, 1.914 milioi euroko zorra aurreikusi duelako Jaurlaritzak 2010erako. Oposizioko talde gehienen zuzenketak aintzat hartu gabe atera dira aurrera aurrekontuak, EAJ, Aralar, EA eta Ezker Batuak aurkeztutako milatik gora zuzenketa atzera bota baitituzte PSEk eta PPk. Eztabaidarako gordetako bat bera ere ez dute onartu. Soil-soilik PPk eta UPDk aurkeztutako zuzenketa bakan batzuk jaso dira aurrekontuetan:PPren zuzenketak, 16 milioi euroren balioa dutenak, eta UPDrenak, 1,6 milioirenak.

Azken hamarkadan aurrekontu batzuek jaso duten «babesik handiena» izan dutelako pozarren agertu dira alderdi sozialistako kideak osoko bilkurako eztabaidan. Eta bozketa amaitu ostean aurrekontuak onartu direnean ere, poztasun aurpegiak ikusi dira PSEko eserlekuetan eta gobernuko kideen artean: Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuari bostekoa eman dio Patxi Lopez lehendakariak, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere zoriondu egin du, jarraian.

Elkarrizketarik ez

Azkar joan da Legebiltzarreko eztabaida. UPDk bozketan egindako hutsa kenduta, espero bezala eta ezustekorik gabe egin dute osoko bilkura. Aurrekontuek Legebiltzarrean izan duten tramitazioan behin eta berriz agertutako jarrerei eutsi egin diete Legebiltzarreko taldeek: oposizioko taldeek gogor hitz egin dute Jaurlaritzaren politikaren aurka, eta Gobernuari babesa ematen dioten taldeek, berriz, sutsu defenditu dute Patxi Lopez gobernuaren kudeaketa.

«Jarrera eraikitzailea» erakutsi nahian egin dute abstentzioaren alde jeltzaleek, Ricardo Gatzagaetxebarriak azaldu duenez. Aurrekontuak gustukoak izan ez, eta hobetzen saiatu direla esan du, nahiz eta haren taldeak aurkeztutako zuzenketa bat bera ere ez duten onartu. Halaber, euskal gizarteak Jaurlaritzan ez duela konfiantzarik nabarmendu du, azken Soziometroaren datuak gogoan hartuta. Inkesta horrek «kezkatuta» egoteko moduko datuak utzi dituela uste du Gatzagabetxebarriak: «Konfiantza ez da bakarrik komunikazioarekin lortzen, konfiantza gizartearen bihotzaren taupadekin bat egiten duzunean lortzen da», esan dio Patxi Lopezi.

Bestalde, oposizioko taldeekinnegoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu diote Jaurlaritzari Aralar, EA eta EBk. Euskal gizarteari «bizkarra» emanda egindako aurrekontuak izatea eta egoera ekonomikoari aurre egiteko baliagarriak ez izatea egotzi diote. Hala, Aralarren irudiko, elkarrizketaren gobernua dela esan, eta «bakarrizketan» ari da Jaurlaritza, PP ez beste taldeekin hitz egiteko prest ez dagoelako. «Bizkarra eman diozue ez bakarrik gizartearen gehiengoari, baizik eta Legebiltzar honetako beste erdiari», salatu du Aintzane Ezenarrok. Gainera, herriak dituen beharrei erantzuten ez dieten aurrekontuak egitea leporatu dio Gobernuari: besteak beste euskararen eta giza eskubideen alorretan «atzerapausoak» ematea egotzi dio. EAJrenabstentzioa ere kritikatu du Aralarreko bozeramaileak: «Jaurlaritzari merezi ez duen titularra eman diozue, noiz eta trikimailuekin Jaurlaritza eskuratu dutenean eta euskal gizarteari bizkarra ematen aritzen direnean».

EAko Jesus Mari Larrazabalen irudiko, izaera «frontista» dute Jaurlaritzaren aurrekontuek, PSEren eta PPren arteko akordioaren ondorio direlako. Hori horrela, «transbertsaltasunaren» aldeko diskurtsoa albo batera uzteko eskatu dio PSEri, halako politikarik ez duelako praktikatzen. Larrazabalen ustez, PPren eragina erabatekoa da aurrekontuetan, «euskal unibertsoarekin» zerikusia duen oro suntsitu nahi delako.

Aurrekontuen inguruan izandako eztabaida «ahula» izan dela salatu du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak, eta PSEri eta PPri «zapalgailu politikoa» ezartzea eta gizartearen gehiengoari bizkarra ematea leporatu die. Halaber, PPren sostengua duten kontuak ezin direla «ezkerrekoak eta sozialistak» izan esan dio PSE-EEri.

«Trantsiziozkoak»

Aurkez zitezkeen aurrekonturik «orekatuenak, errealistenak eta sozialenak» direla nabarmendu du Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak. Argi utzi du Gobernuak egindako aurrekontuak aurreko Jaurlaritzak baldintzatutakoak direla, eta horregatik, «trantsiziozkoak» direla. Eta, horregatik, hemendik aurrera horiek sakontzeko lanetan arituko direla. Gizartearen errealitateari«primeran» egokitzen zaizkiola eta Patxi Lopezen gobernuaren «sendotasuna» agerian uzten dutela nabarmendu du. Gainera, aurrekontuak lantzeko elkarrizketa eta negoziazioa PP, EAJ eta UPDrekin erabili direla erantzun die oposizioko taldeei. Era berean, Jaurlaritzaren zilegitasuna zalantzan jarri dutenei esan die PSEk ez duela «iruzurrik» egin Ajuria Enera iristeko.

Oposizioko taldeekiko negoziazio ezaz argi hitz egin du Antonio Danborenea PPko legebiltzarkideak: ez badute inolako zuzenketarik onartu izan da ez direlako «onargarriak» izan, haren arabera. Zuzenketak aurkeztu dituzten taldeak oraindik aurreko legealdian jarraitzen dutela salatu du PPkoak. Haren ustez, Jaurlaritzaren aurrekontuak ez dira PPk nahiko lituzkeenak, baina EAJren babesarekin PSOEk onartutakoak baino «askoz hobeak» dira.

Bozketan nahastu arren, aurrekontuen aldeko botoa iragarrita zeukan UPDko Gorka Maneirok. Patxi Lopezi inbestiduran emandako babesaren ildotik, aurrekontuetarako ere sostengu «kritikoa eta askea» agindu zuen Gorka Maneirok.



Bizkartzain pribatuentzako diru saila %50 handituko da

2010ean igoko diren partida ugari Herrizaingo Sailekoak dira. Hala, 32 milioi euro gehiago daude segurtasun pribaturako (aurten baino %50 gehiago), eta 840.000 euroko partida sortu da presoen irudiak kentzeko. Hezkuntzan, berriz, A eredua beste ereduekin parekatzeko,4 milioi euroko partida egongo da.



ELA, LAB eta EILASek zorrotz kritikatu dituzte aurrekontuak

ELA, LAB eta EILASek aurrekontuak kritikatu dituzte. ELAren ustez, ez diote krisiari erantzuten. LABek elkarretaratzea egin du. Krisiaren aitzakian gastu soziala murriztea baina azpiegituretako inbertsioek gora egitea salatu du. Bestalde, GKEk salatu dute nazioarteko lankidetzarako jarritakoa ez dela nahikoa.



0

Diru partidarik ez. 2010ean diru laguntzarik gabe geratu dira, besteak beste: Herri Urrats eta Nafarroa Oinez jaiak, presoak bisitatzeko joan-etorriak, UEMA, Bakea eta Bizikidetza Plana, langabeentzako aldi baterako programak eta frankismoaren biktimak.



EAJk aurrera atera ditu Bizkaiko aurrekontuak

Bizkaiko Batzar Nagusietan 2010eko aurrekontuak onartu zituzten atzo. EAJk alde bozkatu zuen, PSE-EE abstenitu egin zen, eta PPk, Ezker Batuak eta talde mistoak (EA, Aralar) aurka bozkatu zuten. 6.827 milioi euroren aurrekontuak dira, aurtengoak baino %12 txikiagoak. 110 milioi zor publiko bidez finantzatuko dira, eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak azaldu du proiektu estrategiko bakar bat ere ez geldiaraztea dela helburua. Bilbaok nabarmendu du aurrekontuen ia %50 gizarte ekintzara bideratuko dela: «Kontua da krisia ahulenek ez ordaintzea». Oposizioak 604 zuzenketa aurkeztu ditu, eta PSE-EEren hiru onartu dira soilik. PSE-EEk argudiatu du «arduraz» jokatu dutela.



«NaBaikook salatu nahi dugu UPNren eta PSNren bezerokeriak pozoitutako aurrekontuak direla»

MAIORGA RAMIREZ
Nafarroa Baiko parlamentaria


Ezker abertzaleakNafarroako aurrekontuak kritikatu ditu

PSNk eta UPNk diru publikoa «krisia sortu dutenen mesedetan» jarri dutela salatu du Txelui Morenok
Joxerra Senar. Iruñea

«Aurrekontu sozialak direla diote, baina ez gaituzte engainatuko». Parlamentu aurrean euripean egindako elkarretaratzean, Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak gogor salatu zuen herenegun onartutako Nafarroako 2010eko aurrekontuak «antisozialak eta atzerakoiak» direla. Hori frogatze aldera, aurrekontuetako gizarte gastua barne produktu gordinaren %16,7koa dela eta Europako Batasunean, aldiz, %26,9koa dela esan zuen: «Horrek argi eta garbi uzten du PSNren eta UPNren ikusmolde atzerakoia».

Txelui Morenok gogoan hartu du osoko bilkuran Ion Erro Nafarroako Ezker Batuko parlamentariak eztabaida hura «zirku» batekin alderatu duela: «Ez dakigu euskararen aurrekontu sailetik 300.000 euro desagerrarazteko egin duten magiagatik zioen edo egunero ikustera ohituta gauden pailazokeriengatik zioen», esan du ironiaz Morenok. Haren ustez, benetako gizarte politika egiteko, aurrekontuek aberastasunaren banaketa egokia egin behar dute, zerga progresibitatean oinarrituta egon behar dute eta zerga iruzurraren aurka borrokatu behar dute. «Ez dute helburu horietako bat bera ere betetzen».

Morenok salatu du Estatuari ordaindu beharreko kupoa nabarmen handitu dela. Gogorarazi du 2010ean Nafarroak 547 milioi euro igorriko dizkiola Espainiari.

Egoera horri aurre egiteko, Txelui Morenok azpimarratu du «Nafarroan eta Euskal Herriko beste lurraldeetan UPNri, PSNri, EAJri eta kapitalari aurre egingo dion ezkerreko alternatiba sendoa» eraiki behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.