Eusko Legebiltzarra martxan hasi zenetik 45 urte beteko dira aurten. Gogotik ospatuko dute urteurrena, urte osoko egitaraua antolatu baitute. Lehen ekintzak gaur izango dira, ateak irekitzeko jardunaldiak antolatu dituzte eta. Gizartearen eta parlamentuaren arteko distantziak txikitu nahi dituzte. Bide horretan, talde politikoetako ordezkariek eta legebiltzarreko langileek erakutsiko dizkiete herritarrei Gasteizko egoitzaren barrunbeak.
Mertxe Remiro Fernandez de Ganboak baino hobeto inor gutxik ezagutuko du Eusko Legebiltzarra. Ia-ia hasieratik ari da bertan lanean. Bilakaera handia izan dela kontatu du: hasieran, gizarte eragileen presentzia txikiagoa zen, batzorderik ia ez zelako antolatzen eta osoko bilkuretan soilik legebiltzarkide hautatutako politikariek zutelako hitza eta botoa; orain ere hala da hori, baina batzordeak ugaritu egin dira, eta gizarte eragileen ahotsa gehiago entzuten da. «Gizartea presente dago parlamentuan; bereziki, batzordeen bidez. Askotariko eragileak etortzen dira euren beharrak, kezkak, eskakizunak... helaraztera». Halere, zalantza du: «Gizartea sartu da Eusko Legebiltzarrean, baina legebiltzarra neurri berean gizarteratu da?».
Ospakizun ekitaldiak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hamaika tokitan egingo dira. Kultur ekitaldiak izango dira han eta hemen, eta martxoan ekitaldi instituzionala egingo dute Gernikan. Udaberrian, hamahiru legegintzalditan legebiltzarkide izan diren emakumezkoak omenduko dituzte.
Sexuari dagokionez, legebiltzarkideen ezaugarriak nabarmen aldatu dira. Lehen legegintzaldian hirurogeitik lau besterik ez ziren emakumeak (%6), eta egun 75etik 39 dira (%52). Langileen artean ere jauzia handia izan dela esan du Remirok. «Feminizatzen ari da». Geroz eta emakume gehiago direla dio, eta oposizioetara aurkezten direnen gehienak ere emakumezkoak direla. Ardura postuetan ere emakumezko bat baino gehiago dago.
99Zenbat funtzionario dauden Eusko Legebiltzarrean ia ehun funtzionariok egiten dute lan. Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen taldean hamahiru lagun dira. Hauteskundeetan 75 legebiltzarkideak hautatzen dira, eta haiekin beste 56 lagunek egiten dute lan.
Remiro itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen zerbitzuko arduraduna da. Labur esanda, talde politikoek prestatzen dituzten edukiak garaiz itzuli eta orraztu behar izaten dituzte; momentuan interprete lanak egiten dituzte, eta ondorengo argitalpenak ere haien eskuetatik pasatzen dira, akatsik gabe argitaratu daitezen. «Talde parlamentarioek aurkezten dituzte ekinaldiak, idatzizko galderak, eskaerak, legez besteko proposamenak... erregistrotik sartzen dira, eta buletinean argitaratzen dira azkenean. Bitarte horretan gu gaude, halako galbahe bat ezartzeko», deskribatu du Remirok. Apur bat denetarik jakin behar dutela zehaztu du: legeak, azken ordukoak, gizarte gaien egunerokotasuna... «Interprete lana bat-batekoa da. Behin tokatu zen politikari batek Maialen Lujanbioren bertso bat aipatu zuela. Nola itzuli hori?».
21 urterekin hasi zen Remiro lanean, oraindik ikasketak erabat bukatu gabe zituela. «Egunkarian ikusi nuen bi telefonista behar zituztela, eta izena eman nuen», kontatu du. «Nire ibilbide profesionala Eusko Legebiltzarrari lotuta egon da beti. Eta, neurri batean, pertsonala ere bai». Aurten hartuko du erretiroa. Legebiltzarrean lan egiteak «prestigioa» duela esan du. «Toki guztietan du garrantzia parlamentuak, eta gurean ere hala da».
«Gizartea sartu da Eusko Legebiltzarrean, baina legebiltzarra neurri berean gizarteratu da?»
MERTXE REMIROItzulpen zerbitzuko arduraduna
Teknologiak itzultzaileen, zuzentzaileen eta interpreteen jarduna «asko» aldatu duela oroitu du. 1980ko hamarkadan analogikoa zen nagusi, eta urteak falta ziren ordenagailuak eta Internet hedatzeko. «Aurrerapena izan da, baina arriskuak ere baditu», ohartarazi du. «Itzultzaile neuronalak jostailu arriskutsua dira. Erosoa da testu bat idatzi eta klik batekin itzultzea, baina emaitza errepasatu eta orraztu beharra dago. Lehen, itzulpenei arreta handiagoa eskaintzen zitzaien».
Legebiltzarreko korridoreetan eta bulegoetan euskara entzuten dela kontatu du. Itzulpen zerbitzuan, behintzat, euskaraz lan egiten dutela esan du. «Azpimarratu nahiko nuke arabar euskaldunok egin dugun ahalegina». Gainera, ardura postu askotan arabarrak eta euskaldunak izateaz gain emakumezkoak ere badirela nabarmendu du.
Izaroren gerizpean
Eusko Legebiltzarrak Nestor Basterretxea ere omenduko du gaur. Bien arteko lotura estua da, bermeotarrarena baita Osoko Areto Nagusia gainbegiratzen duen eta legebiltzarraren sinboloa den Izaro eskultura. Zazpi adarreko arbola irudikatzen du, eta legebiltzarreko mahaiaren gainean dago. Zuhaitzen azpian adosteko eta legeak egiteko garai bateko euskal tradizioa gogorarazten du.
Iñaki Palacios txistulariak artelanean oinarritutako konposizio bat joko du, eta Gasteizko Pol Pol antzerki taldeko eta Aguraingo Dardaragune dantza eskolako kideek emanaldiak egingo dituzte. Azkenik, Izaro-n oinarritutako proiekzio bat ere egingo da. Legebiltzarreko fatxada erabiliko dute mihise modura.
Halaber, Basterretxearen Eguzki lore laugarrena lana ere ikusgai dago sarrera aretoan. Urtebete egongo da jendaurrean. Eusko Alkartasunarena da jabetza, eta, instituzioaren eta artistaren jaiotzaren urteurrena baliatuta, legebiltzarraren esku utzi du.