Gernikako arbolaren gerizpean batu dira atzera Eusko Jaurlaritzako lehen legegintzaldiko legebiltzarkideak, 45 urteren ondoren. 1980. urteko martxoaren 31n ere berdin egin zuten: zuhaitzaren inguruan elkartu ziren, eta, Javier Caño Euskal Kontseilu Nagusiko idazkariak banan-banan haien izenak esan ostean, Batzar Etxera sartu ziren, osoko lehen bilkurari ekiteko.
Oraingoan Eusko Legebiltzarreko Mahaiko ordezkariek egin diete harrera, Bakartxo Tejeria presidentea buru zela. Ez dira guztiak egon, 45 urte ez dira-eta alferrik pasatu. Batzuk adinean gora doaz, eta ezin izan dira Gernikan (Bizkaia) egon, eta beste batzuk hilda daude. Lehen legegintzaldian izan ziren 81 legebiltzarkideetatik, 30 egon dira. Haiekin batera izan dira mahaiko presidente historikoak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak. Juan Jose Ibarretxe ez da joan, arrazoi pertsonalak zirela medio.
Omenduak areto nagusira sartu direnerako, bertan zain zituzten Eusko Legebiltzarreko gaur egungo legebiltzarkide gehienak, Jaurlaritzako egungo sailburuak, alderdietako ordezkari gorenak eta erakunde publikoetako arduradun ugari. Txalo artean hartu dituzte. Batzuen eta besteen artean, lepo bete da aretoa.
Lehen legegintzaldiko legebiltzarkideei Eusko Jaurlaritzaren urrezko domina eman diete, gaur egungo mahaiko ordezkarien eskutik. Aurrena, ekitaldian izan ezin direnen txanda izan da: hurbilekoren edo alderdiko ordezkariren batek jaso du domina haien ordez. Ondoren, ordena alfabetikoan, legebiltzarkideek jaso dituzte: brontzezko dominak dira, zirkularrak; erdian, Nestor Basterretxeak Eusko Legebiltzarrarentzat diseinatutako Izaro eskulturaren irudia dute, Eusko Legebiltzarra - Parlamento Vasco leloarekin. Kutxa berde batean jasota banatu dizkiete, eta bakoitza izen-abizenekin pertsonalizatuta dago.

Carlos Garaikoetxeak jaso du azkeneko domina, legebiltzarkideek hura hautatu zutelako Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakari. Iruindarrari jo diote txalo zaparradarik handiena, baina guztiek jaso dituzte esku zartak. Halaber, alderdi guztietako ordezkariek jaso dituzte oroigarriak.
datuak
60
Zenbat legebiltzarkide. Lehen legegintzaldian 60 legebiltzarkide izan ziren, orain baino hamabost gutxiago. Eusko Alderdi Jeltzaleak 25 eserleku zituen; HBk, 11; PSEk, bederatzi; EEk eta UCDk, seina; APk, bi eta EPK-k, bakarra.
5
Zenbat emakumezko
. Legebiltzarkide gehienak gizonezkoak ziren lehen osoko bilkuran. Soilik bost ziren emakumezkoak: Begoña Amunarriz, Ana Bereziartua, Inmaculada Boneta, Maria Teresa Saez de Olazagoitia (EAJ) eta Itziar Aizpurua (HB).
Inmaculada Bonetak hartu du hitza, eta hastapenak gogoratu ditu. «Dena egiteko zegoen». Lortutakoa goraipatu du: kontzertu ekonomikoa, Hezkuntza Legea eta Osakidetza nabarmendu ditu, besteak beste. Berdintasunari ere egin dio aipamena. Emakumeek Eusko Legebiltzarra hartu dutela esan du, gaur egun gehiago direlako eta ardura postuetan ere badaudelako. Legebiltzarkide ohien elkarte bat sortzeko proposamena ere egin du.
Bakartxo Tejeria Mahaiko lehendakariak iragana, oraina eta etorkizuna errepasatu ditu. «Egungo Euskadi askoz gorago dago maila demokratikoan, ekonomikoan eta sozialean, 1980ko hamarkadako hura baino. 55 gizonezkok eta bost emakumek egungo Euskadi altxatzeko ezarri zenituzten oinarriak sendoak izan ziren», esan du. Gaineratu du bide «luzea» egin arren oraindik badagoela zer egina. «Gaur, herri honen eta haren askatasunaren aldeko konpromisoa berritu dugu. Gure esku dago, herri ordezkari izanik, herri hau oparotasunera, bakera eta askatasunera eramatea. Erakutsi dizkiguzuen irizpide eta balio horiei leial izanez jarraituko dugu lanean. Gure aurrekoei zor diegulako, eta gure ondorengoei ere bai».
Otxandianok «estatus politiko berria» eskatu du
Mikel Urdangarinek Kirmen Uribek idatzitako hiru poesia abestu ditu 45. urteurreneko festa bukatzeko. Euskal Herria nazio «hauskorra» dela abestu du, besteak beste. Bada, Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak bere egin ditu hitzok, eta «estatus politiko berri bat» desiratu du, «hauskortasunak halako izateari utz diezaion behar diren bermeak» emango dituena.
Estatus politiko berriari buruzko akordioa legegintzaldi honetan lortu behar dela esan du. «Ezinbestekoa da». Erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko tresna juridiko eta politiko berriak behar direla defendatu du.
Eusko Legebiltzarrak «herriaren parte bat» ordezkatzen duela azpimarratu du. «Herri honek zazpi lurralde historiko ditu, eta instituzionalizazio prozesua askotarikoa izan da, erritmo desberdinetan aurrera eginez». Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat 1980. urteko martxoaren 31 «garapen instituzionalerako une garrantzitsua» izan zela ez du ezkutatu.
Eusko Legebiltzarraren jarduna «funtsezkoa» izan arren, «hainbeste pertsonaren inplikazio militantea» ere goraipatu ditu, «autoantolaketa komunitarioaren, mobilizazio kolektiboaren eta parte hartze aktiboko beste modu batzuen bidez». «Azken batean, belaunaldi askoren ahaleginari esker, nazio txiki honen sugarra bizirik mantendu ahal izan da», borobildu du.
Erlazionatuta