Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gizarteratu dezala espetxeetako funtzionarioek pairatutakoa

Pedro Arrupe institutuak txosten bat osatu du ETAk kartzeletako funtzionarioengan izandako eraginaren inguruan, eta auzia azaleratzeko zenbait proposamen egin dizkio Jaurlaritzari.

Basauriko espetxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Basauriko espetxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Espetxeetako funtzionarioek eta haien familiek ETAren mehatxuaren ondorioz jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena ondu du Deustu Unibertsitateko Pedro Arrupe institutuak. Dokumentuan jaso dutenez, ETAk espetxeetako sei langile hil zituen 1983tik 2000ra bitarte, eta beste baten ama ere bai. Dena den, datuak biltzeaz gainera, institutuak zenbait proposamen egin dizkio Jaurlaritzari berari; tartean, funtzionario horiek jasandako «bidegabeko sufrimendua» eta espetxeetako lana ezagutarazteko lan egitea. 

Datu kuantitatiboak biltzeaz gainera, ikertzaileek hamabi funtzionariorekin egindako elkarrizketetan oinarritutako analisi kualitatibo bat ere egin dute, bost ildo nagusitan banatuta: jasandako «mehatxuak»; hartu beharreko «babes neurriak» eta horiek egunerokoan izandako eragina; euskal presoekin izandako harremana; erakundeen eta gizartearen erantzuna; eta «memoria kolektiboaren eraikuntza». 

Hala, lan hori baliatuta, txostenean zenbait ondorio plazaratu dituzte, hiru alorretan banatuta: «memoria eta egia», «justizia eta erreparazioa», eta «adiskidetze soziala». Lehenari dagokionez, espetxeetako funtzionarioen «estigmari» erreparatu diote, eta beharrezkotzat jo dute neurriak hartzea «indarkeriaren bidegabekeria aitortzen laguntzeko» eta «giza eskubideen urraketa guztiak onartezinak» direla adierazteko, baita nabarmendu ere «memoriak orainaldiarekin lotuta» egon behar duela.

«Inpunitatea eragotzi»

Justiziari eta erreparazioari dagokionez, berriz, «inpunitatea eragoztearen» garrantzia nabarmendu dute, eta erakunde publikoek izan beharreko rolean indar egin. Horretarako, «biktimen sufrimenduarekiko enpatia» eskatu dute, eta egindako «bidegabekeriaren aitortza». Azkenik, «adiskidetze soziala» xede, barkamena baino gehiago, «ulertzea» jarri dute oinarrian, eta zehaztu biktimarioek adierazi behar dutela «adiskidetzeko konpromisoa».

Horiek horrela, Pedro Arrupe institutuak iradokizun sorta bat egin dio Eusko Jaurlaritzari. Haren esanetan, instituzioek lan egin behar dute indarkeriaren biktimek jasandako erasoak «ez erlatibizatzeko», eta «herritarrak kontzientziatu» behar dituzte espetxeak gizarteratzeko duen rola ezagutzeko. Funtzionarioei dagokienez, horien aitortza publikoa sustatzearen alde egin dute, eta horien lanaren «dimentsio etiko eta soziala» azpimarratzeko eskatu. 

Gogora institutuari ere bi gomendio egin dizkiote txostenean. Batetik, Espainiako Estatuko beste erakunde batzuekin espetxeetako funtzionarioen errealitatearen inguruko «ekintzak koordinatzea». Bestetik, hausnarketa espazioak sustatzea «giza eskubideak urratu dituzten pertsonek berriz gizarteratzeko bideari ekin ahal izan diezaioten modu publikoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.