Eusko Jaurlaritzak begi onez hartu ditu Kanaria uharteetako eta Espainiako gobernuek adingabe migratzaileak banatzeko ezarri dituzten irizpideak. «Berri ona da», esan du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan gaur goizean kazetariei eginiko adierazpenetan.
Akordioan bost neurgailu zehaztu dituzte, argitzeko Kanaria uharteetan dauden 4.500 adingabe nola banatu Espainiako erkidegoen eta Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren artean. «Garrantzitsua da», Melgosaren hitzetan, «Euskadik aspalditik eskatzen zituen irizpideak finkatu baitira». Zehaztu du irizpideak ez direla arrazoi politikoen arabera ezarri, «era akademikoan» baizik, eta «gaur egungo egoera aintzat hartzen» duela. Biztanleria, errenta, langabezia eta adingabeak artatzeko baliabideak izango dira neurgailuetako batzuk.
Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena aintzat hartu dela. Melgosak esan duenez, Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Clavijo Kanaria uharteetako Gobernuko presidenteak «gidatutako» proposamenaren «zati garrantzitsu bat» jaso da itunean. Pradales lehendakariaren lidergoa goraipatu du.
Akordioari esker banaketa «ekitatiboagoa, justuagoa eta ordenatuagoa» izango dela azaldu du, eta erkidegoen artean «solidarioagoa» izango dela. Halere, hobetu daitekeela onartu du. Azkenik, erabakitakoa «ahalik eta azkarren» gauzatzeko tresnak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Madrilen eskumenekoak dira migrazio politikak.
Melgosak ez du zehaztu zenbat adin txikiko iritsiko diren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. «Ez dakigu. Ez digute zenbakirik aurreratu».
Alderdi Popularra kexu agertu da, haien ustez Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dagozkien baino adingabe gutxiago hartuko dituztelako, Kataluniak bezala. «Guk ez dugu halakorik eskatu. Guk banaketa justua besterik ez dugu eskatu». Gaineratu du PPrekin ez dutela hitz egin, «presidenteen arteko elkarrizketa izan baita».