Beste ikasturte bat, aurrera, aurrera doa/ Eta hezkuntza Euskadin, atzeraka dabil/ Eskolako maistrak alde batera doaz/ Eta delegaritza beste aldera doa. Hala abestu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek Donostian egin duten manifestazioan. Sindikatuek eta bertaratutako irakasleek bi helburu nagusi izan dituzte, eta hala adierazi dute protestan aireratu dituzten mezuekin, pankartekin zein oihuekin: irakasleen lan baldintzak hobetzeko eskatzea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken egunetan izan duen «utzikeria» gaitzestea.
11:30etan ziren mobilizazioa hastekoak, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, baina Bilbotik zetozen autobusak berandu heldu direnez, hogei minutuz atzeratu behar izan dute hasteko ordua. Berandu hasi badira ere, ehunka irakaslek hartu dute Donostiako Bulebarra —han hasi eta bukatu da manifestazioa—, baina bertaratutakoek aurreko egunetan baino jende gutxiago zegoela nabaritu dute. «Atzo jende gehiago ginen, Gasteizen egon ginen, eta sekulakoa antolatu genuen», esan du manifestarietako batek. Izan ere, segidako hirugarren greba eguna izan dute gaurkoa irakasleek, eta, iragan asteetan egindakoak kontuan hartuz gero, jada zazpi protesta egun egin dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, hezkuntza publikoko ikastetxeetako irakasleen %45ek egin du gaur greba —%75ek, sindikatuen arabera—.
«Hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke»
ENRIKE GAZTAÑAGABeasain BHIko irakaslea
Zazpi egunez protesta eginda ere, irakasleek argi dute aurrerantzean ere borroka egin behar dutela «hezkuntza publiko duinago baten alde». Izan ere, egun hamaika arazo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko ikastetxeek, eta zentroaren arabera oztopo batzuk edo beste batzuk izan arren, gehienek konponbide bera dutela iritzi diote irakasleek: Eusko Jaurlaritzak jarrera aldatzea, eta giza baliabide eta baliabide material gehiago bideratzea.
Enrike Gaztañaga Beasain BHI ikastetxeko (Gipuzkoa) irakaslea da. Hark azaldu duenez, gero eta zailagoa da «kalitatezko hezkuntza» ziurtatzea: «Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta askok arazoak dituzte harreman sozialak eraikitzeko orduan. Horregatik, eta hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke». Beasaingo irakaslea ez da izan baliabide eskasia salatu duen bakarra. Sestaoko Albiz eskolako (Bizkaia) irakasle Pili Loredoren aburuz, eskola publikoak kinka larrian daude: «Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere. Izan ere, askotan hain giza baliabide gutxi ditugu, non ezin diegun haien beharrei erantzun beharko genukeen eran».
«Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere»
PILI LOREDOAlbiz eskolako irakaslea
Are gehiago, egun dituzten ikasle kopuruekin «ito» egiten direla salatu du Loredok. «Gero eta haur gehiago datoz leku ugaritatik, eta aniztasun horri erantzun beharra dago. Horiei ondo irakastea zaila egiten zaigu, klaseko beste ikasleen beharrak ere aintzat hartu behar baititugu, eta gainezka bukatzen dugu». Horri gehitu behar zaio azken urteetan hezitzaileak murriztu dituztela. Hala, arazo horiek konpontzeko klaseko ikasle kopurua murriztu behar dela iritzi dio; hau da, ratioak jaitsi behar direla. Hala ere, galderei erantzun dieten irakasle denek ideia bera azpimarratu dute: ratioak murriztea ezin da baliabideak txikitzeko aitzakia izan.
Bide beretik jo dute sindikatuek ere. «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea», nabarmendu dute Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek.
Jaurlaritzaren «itxurakeria»
Gaurko manifestazioan zeuden irakasleek, atzokoek legez, auzi bati heldu diote nagusiki: sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak asteleheneko ordu txikiak arte negoziazioetan aritu izana. Gaztañagari ez zaio harritzekoa iruditu negoziazio horiek bide onetik joan ez izana. Beasain BHIko irakasleak nabarmendu du «gauza onik» ez dela lortzen goizeko ordu bietan negoziatzen: «Orain arte denbora sobera izan dute. Akordio bat lortzeko borondatea izan behar du Eusko Jaurlaritzak».
Hezkuntza Saila negoziazioak oztopatzen ari den ustea ez da Gaztañagaren iritzia soilik. Edurne Iraola Mariturri ikastetxeko (Gasteiz) irakasleak «itxurakeria» gisa definitu ditu Hezkuntza Sailaren azken egunetako ekintzak. «Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko. Akordio bat lortu izan balute, biharamuna hankaz gora jarriko zen, eta errespetu falta ikaragarria da alferrik bederatzi ordu mahaian eserita egotea».
«[Eusko Jaurlaritzaren jarrera] Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko»
EDURNE IRAOLAMariturri ikastetxeko irakaslea
Irakasleek ez ezik, sindikatuek ere aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari azken egunetan izan duen jarrera. «Sindikatuok argi dugu ez dagoela benetako negoziaziorik; hortaz, borrokan jarraituko dugu negoziazio horiek gauzatu arte», esan dute manifestazioa bukatutakoan egin duten adierazpen bateratuan.
Bestalde, sindikatuetako bozeramaileek Donostiako Bulebarrean iragarri dutenez, datorren asteazkenean berriz elkartuko dira Hezkuntza Saileko ordezkariekin. Azaldu dutenez, hezkuntza publikoko irakasleen kexuak eta eskaerak mahai gainean jarri nahi dituzte bileran. Hori dela eta, kutxa bat jarri dute manifestazioa amaitu denean, irakasleek beren ideiak bertan sar zitzaten.
Donostiako sarrera blokeatu
Aurreikusi baino lehenago hasi dituzte irakasle publikoek hirugarren greba eguneko protesta ekintzak: 09:30ak aldera, Donostiako sarrera bat blokeatu dute dozena bat lagunek, LAB sindikatuaren izenean. Hezkuntza publikoan inbertsio publikoa handitu zioen pankarta bat erakutsi dute, eta hainbat ke poto erabili dituzte. «Hezkuntza Sailaren itxikeria» ere salatu nahi izan dute, bide batez.

Bihar lanera itzuliko dira irakasleak. Baina datorren astean beste bi greba egun egingo dituzte, asteartean eta asteazkenean. Hortaz, orain arte egin dituzten zazpi egunak kontuan izanda, denera, bederatzi egun egingo dituzte greban.