EAE-ANVren lege kanporatzea. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia

Eusko Jaurlaritzaren ustez, epaiak ez luke baldintzatu behar egoera politikoa

EH Bildurentzat, Alderdien Legearen «hil arnasestua» da erabakia, eta Gallardonentzat, berriz, «bermea»

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia «iraganean» geratzea eta «egungo eta etorkizuneko joko politikoa ez baldintzatzea» espero du Eusko Jaurlaritzak. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, Jaurlaritzaren iritzia bat dator EAJk legez kanporatzeen eta, bereziki, Alderdien Legearen inguruan duen aurkako iritziarekin. Horren harira, esan du «ahalegina» egingo dutela gisa horretako ebazpen gehiago egon ez dadin.

EH Bildu koalizioak, berriz, adierazi du «Alderdien Legearen hil arnasestua» dela ebazpena. Julen Arzuaga legebiltzarkideak uste du Alderdien Legea «hilda» dagoela eta lekurik ez duela egungo agertoki politikoan. Hori hala, salatu egin du Estrasburgok babestu izana «Espainiaren legez kanporatze estrategia».

Ezker abertzaleak, berriz, komunikabideei igorritako ohar batean, esan du Estrasburgoko Auzitegiaren epaia «ulergaitza» dela, eta ez diola inongo mesederik egiten «garai berriari». Ezker abertzalearen ustez, «gatazkaren zio zein ondorioak gainditzearen mesedetan» jarri beharko lirateke «lege eta justizia mekanismoak». Horren harira, nabarmendu du euskal gizartearen «gehiengo zabalak» konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak exijitzen dituela. Hori dela eta, Euskal Herriko zein nazioarteko eragileei eta erakundeei dei egin die «bakearen eta konponbidearen aldeko aldarriarekin» bat egiteko.

Aralarrek ere kritikatu du Estrasburgoren ebazpena. Esan du «albiste txarra» dela «demokraziarentzat», eta gaineratu du epaiaren argudioek ez dutela aintzat hartzen egungo egoera politikoa. Horren harira, esan du garai berrira egokitu behar direla «Alderdien Legea eta halako salbuespenezko legeak eta Auzitegi Nazionalaren moduko epaitegi bereziak».

Alternatibak ere salatu egin du Europak babestu izana Espainiako Gobernuaren estrategia. Uste du horren atzean «ideiak legez kanpo uzteko» helburua dagoela. Hori hala, «anakronikotzat» jo du erabakia, eta nabarmendu du euskal gizartearen «gehiengoa» aurka dagoela.

Eusko Ekintza alderdiarentzat, berriz, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak agerian uzten du Alderdien Legeak indarrean jarraitzen duela eta «mehatxua» dela indar ezkertiar eta independentista guztientzat.

Eusko Lurra fundazioak salatu du «estatu arrazoiak» legez kanporatu duela EAE-ANV, eta gogoratu du 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran alderdi hori «faxismoaren» aurka borrokatu zela, demokraziaren alde.

«ETAren kontrako erabakia»

Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek, aldiz, esan du ebazpenak «bermatu» egiten duela Alderdien Legea eta, halaber, «Espainiako zuzenbide estatuaren jarduna». Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearentzat, berriz, «normala eta zentzuzkoa» da ebazpena, eta berretsi egiten du PPren tesia: «Ilegalizazioei esker, amaiera iragarri behar izan zuen ETAk».

UPDko Gorka Maneirok, berriz, esan du erabakiak «bermatu» egiten duela bere alderdiak EH Bildu, Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko eginiko eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.