Zentral eolikoak

Eusko Jaurlaritzaren ereduak «naturaren suntsipena» dakarrela salatu du Arabako Mendiak Aske elkarteak

Biodibertsitatea zaindu eta arrisku egoeran dauden espezieen kontserbazioa bermatzen duten energia berriztagarriak eskatu ditu elkarteak. Maiatzaren 20an egingo dute egoera salatzeko manifestazioa.

Elgeako (Gipuzkoa) parke eolikoa, 2015. JUAN CARLOS RUIZ
iraia vieira gil
2023ko urtarrilaren 19a
12:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Labrazako eta Azazetako zentral eolikoak eraikitzeko proiektuek aurrera egingo dutela adierazi eta egun batzuk geroago, energia berriztagarrien eredu horrek «naturaren suntsipena» besterik ez dakarrela salatu du Arabako Mendiak Aske elkarteak. Haize errotetan animaliak detektatu bezain laster aerosorgailuak gelditzeko mekanismoa jarriko baldin badute ere, hegazti eta saguzarren hilkortasunean eragin «larriak» izango dituztela uste dute. «Neurri horiek ez dira eraginkorrak, martxan dagoen aerosorgailu bat gelditzen denerako, hegaztiak talka egin duelako haren aurka». Erroten kokalekua hegazti horien pasabide naturala da eta, beraz, «aurretik iragarritakoa» da haien heriotza.

Era berean, haize errotek eragingo dituzten natura, arkeologia eta ondare kalteak konponezinak izango direla ohartarazi dute. Hartutako erabakien atzetik dagoen arrazoia etekin ekonomikoak direla da elkartea gehien kezkatzen duena. Azazetako zentral eolikoa nabarmendu dute zentzu horretan, Europako Next Generation funts publikoez jabetzeko aukera emango dielako. «Atal desberdinetan banaturik dagoen tamaina handiko zentral bakarra diseinatu dute, eraginak banakoak balira bezala kudeatzeko». Horrek, era berean, zentral txikiak direla sinetsarazteko aukera ematen dio Jaurlaritzari. «Zentralek 50 megawattekotik beherako potentzia dutenez, erabakiak ez dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan ebazten».

Bestalde, zentralak eraiki nahi diren lurren jabeei erabakitzeko boterea kentzea leporatu dio elkarteak Jaurlaritzari. «Megaproiektu hauek eraiki nahi diren lurren jabeek ezetz esan dute». Hala, pertsona horien eskubideak defendatzeko eskatu diote Arabako Kontzejuen Elkarteari. «Administrazioak ez du enpresa energetikoen proposamenak onartzeko eragozpenik, nahiz eta eremu komunak hartu eta industrializatu nahi dituzten». Gizartearen ongizatearen aurkako jarrera dela ere salatu eta maiatzaren 20an manifestatzeko deia egin dute, Labrazaz eta Azazetaz gain, zentral eolikoak eraikitzeko beste 70 kokaleku aurreikusi dituztelako Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. «Orain da garaia kalera atera eta lurraldea defendatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.