Eusko Jaurlaritzaren energia berriztagarrien lurralde plana kritikatu dute talde ekologistek

Ekologistak Martxan-ek salatu du bidea hasia duten parke eolikoen eta fotovoltaikoen ehun bat proiektu LPStik kanpo geratuko direla; Euskal Herria Bizirik-en ustez, enpresek errazago izango dute makroproiektuak ezartzea.

Euskal Herria Bizirik sare ekologistako kideak, gaurko prentsaurrekoan, Gasteizen. EH BIZIRIK
Euskal Herria Bizirik sare ekologistako kideak, gaurko prentsaurrekoan, Gasteizen. EH BIZIRIK
2024ko abenduaren 23a
17:30
Entzun

Talde ekologistek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) behin-behineko bertsioa. Ekologistak Martxan taldearen aburuz, plana berandu iritsi da, partziala da, eta «ez ditu natura eta landa ingurunearekiko errespetuzko trantsizio energetiko justu baten oinarriak». Euskal Herria Bizirik sareak gaur Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean salatu duenez, LPSen bidez «enpresek errazago izango dute makroproiektuak ezartzea, eta horrek lurraldearen suntsiketa eta herritarren bizi kalitatearen galera ekarriko ditu».

Eusko Jaurlaritzak esku artean daukan lurralde plan sektorialak, behin betiko onartzen denean, arautuko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan energia berriztagarrien azpiegiturak non eta zein baldintzatan kokatu ahalko diren. Jaurlaritzak hilaren 20an onartutako behin-behineko bertsioak azpiegitura eolikoak eta plaka fotovoltaikoak ezartzeko 110 eremu posible ezarri ditu; 57 eolikoentzat eta 53 eguzki plakentzat.

Ekologistak Martxan-ek ohar baten bidez ohartarazi duenez, plan hori egiten ari den bitartean, dagoeneko tramitatzen ari diren parke eolikoen eta fotovoltaikoen ehun proiektu baino gehiago LPSak aurreikusitako antolamendutik kanpo geratuko lirateke. Egoera hori Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorioa dela salatu du.

Eusko Legebiltzarrak 2019ko otsailean eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Energia Berriztagarrien LPSa egiteko. Prozesu luze horretan osatutako dokumentuari 4.387 alegazio aurkeztu dizkiote. Alegazio gehienak norbanakoek eta gizarte eragileek egin dituzte. Nolanahi ere, LPSak zuzenean eragiten dien erakunde publikoek —EAEko hiru foru aldundiek eta udalek, besteak beste—, baita enpresek ere, aurkeztu dituzte txostenak. Alegazioen erantzunak jasotzen dituen txostena urriaren 31n plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzak; alegazio ia guztiak baztertu zituen.

«Alegazioak mespretxatzeak agerian uzten du elkarrizketa eta gardentasun falta direla energia eta lurralde plangintza bezalako gai delikatu batean»

EKOLOGISTAK MARTXAN

Ekologistak Martxan-en ustez, «bereziki esanguratsua da hiru foru aldundiek, lurralde eta ingurumen kudeaketan funtsezkoak diren erakundeek egindako ekarpenak aintzat hartu ez izana». Talde ekologistaren hitzetan, «alegazioak mespretxatzeak agerian uzten du elkarrizketa eta gardentasun falta direla energia eta lurralde plangintza bezalako gai delikatu batean». Haien ustez, ez diete entzun ingurumen babesarekin bateragarria den garapen berriztagarria helburu dutenei.

Alegazioak erantzuteko txostenean, Jaurlaritzak berretsi egin ditu LPSaren hasierako proposamenean zehaztutako baztertze eremuak —energia berriztagarrien instalazioak jartzetik salbuetsita gelditzen direnak—; ez gehiago ez gutxiago. Zenbait alegaziok eskatzen zuten, salbuetsita dauden eremu horien artean, beste eremu batzuk ere aintzat hartzea: onura publikoko mendiak, sai zuriarentzat eta ugatzarentzat ezinbesteko eremuak direnak, kultura ondasun eremu batzuk hartzen dituztenak, korridore ekologikoak eta interes bereziko paisaia dutenak. Baina, Eusko Jaurlaritzaren arabera, «irizpide zerrenda zabala hartu da kontuan», eta, beraz, baztertu egin du elementu gehiago aintzat hartzea.

«Nafarroan, neurri honetan berriztagarriak zabaltzeak lurraldea suntsitu, bai, baina ez du agindutako onurarik ekarri; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak»

EUSKAL HERRIA BIZIRIK

Euskal Herria Bizirik sareak, berriz, Jaurlaritzari egotzi dio enpresen interesak lehenestea eta Europatik etorritako aginduei men egitea, «bertako herritarrekin adosturiko lurralde plangintza bat egin beharrean». Sare ekologistak gogorarazi du, Nafarroan, berriztagarriak zabaltzeak ez dituela ekarri hasieran agindutako onurak: «Nafarroan, neurri honetan berriztagarriak zabaltzeak lurraldea suntsitu, bai, baina ez ditu agindutako onurak ekarri; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak, Nafarroako hidrokarburoen kontsumoak gora egin du eta, horrekin batera, CO2 isuriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.