El Mundo egunkariak jakinarazi duenez, Marian Moreno Martuteneko (Donostia) espetxeko zuzendariak dimisioa aurkeztu du, eta gauza bera egin izanen lukete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako hainbat arduradunek. Horien artean dago Arantza Collado, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen espetxeetako langileen arduraduna, eta zerbitzuetako hiru arduradun: Zaballako (Araba) tratamendu eta segurtasun zuzendariordeak eta Basauriko (Bizkaia) administraria. Espainiako hedabidearen arabera, joan den urriaren 1ean espetxe eskumena Jaurlaritzak hartu zuenetik kartzeletan dagoen «antolaketaren kaosagatik» aurkeztu diote dimisioa bortz kargudun horiek Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari. Jaurlaritzak, ordea, erran du ez dagoela dimisiorik: baieztatu duen bakarra da Colladok postua utzi duela, baina bertze sail batean aritzeko utzi duela azaldu du.
Nolanahi ere, nahas-mahasa dago espetxeetan, eta sindikatu batzuek protestara deitua dute biharko Zaballako kartzelan: ELAk, CCOOk, APFPek eta TAMPMek, zehazki —azken bi horiek funtzionarioen sindikatuak dira—. Protestetatik kanpo gelditu da ACAIP-UGT sindikatua, zeinarekin Jaurlaritzak adostu baitzuen espetxeetako langileen lan baldintzei bi urtez eustea.
CCOOk joan den astean ohar baten bidez gaitzetsi zuen gero eta preso gehiago daudela, moduluak beteta, eta gatazkak sortzen ari direla espetxeetan. Sindikatuak deitoratu zuen prestakuntza ikastaroak hasi gabe dauzkatela, eta tratamendu programak, berriz, presoei aplikatu gabe.El Mundo-ren arabera, funtzionarioen lan baldintzetan dago arduradunen ustezko dimisioen iturria: azken lehiaketan adostu baino langile gutiago hartu dituzte, hedabidearen hitzetan, eta soldatak txikitu eta egun libreak gutxitu dizkiete funtzionarioei.
Gaur egun 1.300 preso inguru daude Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan, eta 700 funtzionario. Motibazio politikoekin lotutako euskal presoak 91 dira hiru espetxe horietan —Iruñekoan zortzi daude—.