Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 34 elgorri kasu egiaztatu ditu

Gaixo guztiek «bilakaera ona» izan dutela adierazi dute, eta erantsi txertaketa dela elgorria prebenitzeko «tresnarik eraginkorrena».

Bilboko Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 7a
12:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «inportatutako kasu batetik» abiatutako elgorri agerraldi bat atzeman zuen joan den hilabetean Bizkaian. Gaur jakinarazi dutenez, 34 kasu egiaztatu dituzte. Horietatik hamasei osasun profesionalak dira.

«Bilakaera ona» izan dute gaixo guztiek. Jaurlaritzaren arabera, txertoaren babes handia da horren arrazoia: %96,79koa da lehen dosian, eta %92,44koa, bigarrenean. Halere, zaintza eta jarraipen protokoloa aktibo dago oraindik. Azpimarratu dutenez, protokolo horri esker, kasuak garaiz identifikatu ahal izan dituzte, eta egin beharreko azterketak egin dizkiete elgorriak jotakoekin harremana izan dutenei.

Birus batek sortzen duen arnas «gaixotasun arina» izan ohi da elgorria, eta pertsonatik pertsonara transmititzen da. Kutsatuak birusa kanporatzen du hitz egitean edota eztul edo doministiku egitean. Birus hori airean geratzen da, eta sudurretik edo ahotik sar daiteke arnasa hartzean. Azalaren bidez ere transmiti daiteke, kutsatu bat ukitu eta eskua ahora eramanez gero.

Honako hauek dira elgorriaren sintomak: sukarra, eztula, exantemak —negelak azalean—, konjuntibitisa eta mukiak pilatzea. Sintomarik izanez gero, Osasun Sailak herritarrei eskatu die telefonoz kontsulta dezatela euren egoera osasun langileekin, eta maskara erabil dezatela.

Gomendio batzuk

Ahalik eta jende gutxien kutsa dadin, Osasun Sailak hainbat gomendio eman ditu. Argi utzi dutenez, txertaketa da «prebentzio tresnarik eraginkorrena». Hala haurrei nola helduei gomendatu diete berrikus dezatela beren txertaketa egoera, eta, behar izanez gero, egunera dezatela. Bereziki talde hauei dei egin diete: 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jaioetakoei —baliteke-eta hamarkada horietan jaiotakoen artean asko txertatu gabe edo txerto bakarra jasotakoak izatea—, beste txertaketa egutegi batzuk dituzten herrialde edo eskualdeetatik iritsitakoei, eta txertaketa babes txikiagoak dituzten herrialdeetakoei.

Osasun zentroetan prebentzio neurriak zorroztea ere eskatu dute; besteak beste, langileek, pazienteek eta laguntzaileek maskara erabiltzea, izan ere, «maskarak birusaren sakabanatzea» murrizten du eta «beste paziente eta laguntzaileak» babesten ditu. Bestalde, kontsultetan alertari eustea iradoki dute, «diagnostiko goiztiarra» egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.