Eusko Jaurlaritzak ziurtatu duenez, pausoak ematen ari dira Europako Batasunean euskara ofiziala izan dadin. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak euskararen egungo egoerari buruzko txosten bat bidali du, baita eskaera formal bat egin ere, Europako Batasunak Euskalterm IATE Europako Terminologia Interaktiboa datu basearekin lotu dezan.
Hain zuzen, igorritako txosten horretan euskararen egungo egoera xehatu dute. Gainera, ziurtatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badaudela «azpiegiturak eta gaitasuna», eta betetzen direla «baldintzak eta eskakizunak» euskara Europan ofiziala izan dadin.
Euskaltermi dagokionez, maiatzaren 10ean bidali zuten hura IATErekin lotzeko eskatzen duen lehen gutuna. «Tresna horretan euskara sartzeak Europan euskara termino ofizialetan erabiltzea ahalbidetuko du», azaldu dute. Jaurlaritzak nabarmendu du aurrerantzean ere lanean jarraituko duela.