Ikasturtea hasteko astebete pasatxoren faltan, aurten ere bazeuden zantzuak arazoak egongo ote ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola garraioa bermatzeko; izan ere, zenbait hedabidek argitaratutakoaren arabera, hutsik geratu ziren hainbat eskola ibilbide betetzeko egindako deialdiak. Gaur, baina, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak ziurtatu du jada bermatu dutela behar duten ikasle guztiek eskolara autobusez joateko aukera izatea: «Eskola garraio zerbitzua bermatuta dago, eskola garraioko ibilbide guzti-guztiak martxan egongo direlako ikasturtearen hasieran».
Hori lortzeko, sailburuaren hitzetan, Hezkuntza Sailak «modu diskretuan eta arduratsuan» egin du lan garraio sektoreko espresekin: «Enpresekin etengabe eta zuzenean izan ditugun harremanei esker, ikasturte berriaren hasieran ikasleek bermatua izango dute ikastetxeetara garraiatzeko zerbitzua». Pedrosak eskerrak ere eman dizkie garraiolariei, «akordioa lortzeko izandako jarreragatik» eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritzeagatik. Halaber, nabarmendu du saila «konpromiso eta helburu argi batekin» aritu dela lanean: «Familia eta ikasle guztiei eskola garraioko zerbitzua bermatzea ikasturte hasieran».
Aurten ez bezala, iaz eta orain bi urte arazoak izan zituzten eskola garraioa bermatzeko. Aurreko ikasturte hasieran, esaterako, sare publikoan garraiatuak izaten diren ikasleen «erdiei» eragin zien garraioaren auziak, gutxi gorabehera, orduan Hezkuntza sailburu zen Jokin Bildarratzek azaldu zuenez. Zerbitzurik gabe geratu ziren Arabako ikasleen «erdiak baino gehiago», eta Bizkaiko ikasleen «%10 baino zertxobait gutxiago». Gipuzkoan, berriz, «ez zen arazorik egon». Ikasturteko lehen egunean, Araban eta Bizkaian, 7.400 ikasle inguru garraio zerbitzurik gabe geratu ziren, eta hamar bat egun behar izan zituzten zerbitzua guztiz berrezartzeko. Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki zien Arabako 25 garraio enpresari, Bizkaiko 45i eta Gipuzkoako seiri, ustez elkarrekin ados jarri zirelako Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko.