Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Armentia II-n gasa ustiatzeari

Ohar batean azaldu duenez, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu ondoren, «ez du zentzurik». EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek esan dute albiste pozgarria dela

Subillan egin nahi zuten gasa ustiatzeko proiektua. Artxiboko irudi batean, lursail horietako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Jone Bastida Alzuru - Lander Muñagorri Garmendia
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar batean jakinarazi duenez, uko egin dio Subilla Gasteizko (Araba) Armentia II putzuan gasa ustiatzeari, Espainiako Kongresuan asteon Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu ondoren; Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. «Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak uste du ez duela zentzurik ustiatzeko aukerarik gabe Jaurlaritzak trantsiziokotzat jotzen duen energia iturri bat esploratzeak».

Ostegunean onartu zuten Kongresuan lege proiektua, tartean EAJren eta PSOEren botoekin. Hasieran, Armentia II putzua esploratzen jarraitzeko asmoa agertu zuen Jaurlaritzak. Atzo zabaldu zuten oharrean aitortu zutenez, ordea, ez luke zentzurik izango horrekin hasteak onartu berri den lege proiektuak gasa ustiatzeko baimenak eteteko helburua izanik. «Gorte Nagusietan izapidetzen ari den testuaren argitan, Armentia II putzuan gasa ustiatzea erabat baztertuta geratzen da». Arau berriarekin, ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak ustiatzeko.

Oharrean Jaurlaritzak gogoratu zuen gasa ustiatzeko proiektua 2011n sortu zela, eta garai horretan kokatu behar dela. Gaineratzen du aldeko ingurumen baimena ere baduela, «2019an Trantsizio Ekologikoko Ministerioak berak egindako esplorazioaren izapidetzean aurrera egiteko». Lege berriak esplorazioa baimentzen duela dio, baina, ustiaketa baztertzen duenez, atzera egitea erabaki dutela esan dute.

«Berandu» iritsi da berria

Albistea jakin bezain laster iritsi ziren erreakzioak. Mikel Otero EH Bilduko bozeramaileak albiste pozgarritzat hartu zuen Jaurlaritzaren erabakia. «Azkenean onartu dute aspaldian esaten geniona. Hau da, ez duela zentzurik gas putzurik egiteak, esplotaziorik egitea ezinezkoa izango bada». Erabakia berandu iritsi dela esan zuen, eta «azkenean onartu behar izan dutela beren posizioa okerra zela». Gas ustiaketa geratzea gizarte eragileen lorpena dela ere esan zuen. Eguzkik esan du energia eredu berri baterako urratsak egiteko aukera dela.

Juantxo Lopez Uralde Podemos Ahal Dugu-ko Arabako diputatuak, bestalde, «albiste zoragarria» dela esan zuen, eta Jaurlaritzak «ebidentziari amore eman diola». Klima aldaketaren legea argia dela esan zuen, eta proiektuarekin jarraitzea «zentzugabekeria bat zela» ziurtatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.