Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek sinatutako hezkuntza akordioaren inguruan hautsak harrotu dira berriro ere. Herenegun publiko egin zuten Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak aurrekontuen negoziazioetan PP+C's-ri eskaini diola itunpeko ikastetxeetan 2 urteko haurren gelak ere ituntzea —ekaineko agindu batean jasota dago— eta Haurreskolak partzuergoa doako izatea —hori ere jakinekoa zen. Lehen neurriaren inguruan ezinegonez mintzatu dira itunaren sinatzaileetako bi, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU. Gogor hitz egin du EP-IUren bozeramaile Miren Gorrotxategik Eusko Legebiltzarrean, eta Eusko Jaurlaritzari hezkuntza ituna haustea leporatu dio: «Gobernuak ekintza honekin ituna apurtu du». Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, ordea, ukatu egin du halakorik gertatu denik. EH Bildu ere kritiko agertu da, Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen ahotik.
EP-IU izan da desadostasuna erakusten lehenengoa. Gorrotxategiren esanetan, itunpeko ikastetxeen eremua zabaldu egingo da gela horiek itunduta: «Areagotu egiten du pribatuaren indarra; ez publikoarena».
Alabaina, itunean jarraitzen dutela zehaztu du: «Ez gaude akordiotik kanpo. Eusko Jaurlaritzaren ekintzen zain geratzen gara». Dena den, zalantzan jarri du Hezkuntza Legeari babesa ematea bera ere; esan dutenez, ez baitaude prest 2 urtekoen gelak ituntzea jasotzen duen legea onartzeko. Gainera, «desleialtasuna» ikusi dute, eta «onartezina» begitantzen zaie eskaintza «akordioaren antipodetan» dagoen talde bati egin izana.
EH Bildu ere ez dago konforme. Arreseren irudiko, «ulergaitza» da Jaurlaritzak PP+C's-ri egitea eskaintza, eta atzean «intentzio politikoak» egon daitezkeela iradoki du: «Eskaintza horrek mesfidantza eragin digu, ulergaitza delako; ez dugu ulertzen zertara datorren hezkuntza akordioa sinatu ez duen alderdi bati horrelako eskaintza bat egitea, ez dugu ulertzen zein den eskaintza horren intentzio politikoa, Jaurlaritzak bidali nahi duen mezua». EH Bilduri eskaintza horrek «deskonfiantzak» eragiten dizkiola erantsi du. Gainera, gogorarazi du neurria ez dagoela akordioan jasota, agindu batean baizik.
Gauzak horrela, irizten dio egoera «oso nahasia» dela eta «gauzak ez doazela ondo»: «Akordioaren garapenean tirabira batzuk izan ditugu, eta atzokoak [herenegungoak] ez du batere laguntzen; egoera zaildu egiten du, mesfidantza sortzen duelako». Hori ikusita, eskatu du urgentziaz bil dadila itunaren jarraipen batzordea datorren astean; Bildarratz prest agertu da.
Neurri zehatz batez harago, Hezkuntza Legearen aurreproiektua ere baloratu du Arresek. Ez ditu «asebetetzen»: «Oraindik ere falta dira hezkuntza akordioan nuklearrak ziren hainbat kontu; adibidez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua definitzea».
Oposizioaren kritikei erantzun die Bildarratzek, eta bestelako bertsioa eman du. Haren hitzetan, «goitik behera» errespetatzen dute ituna: «Berresten dut konpromiso argia dugula hezkuntza akordioarekin. Ez da akordiorik hautsi, eta ez da egon leialtasun faltarik».
Areago: neurriak akordioarekin bat egiten duela iruditzen zaio. Izan ere, uste du balekoa izango dela segregazioari ikasleak eskolara sartzen diren unetik aurre egiteko, «hezkuntza orekatua» eta doakoa izatea baitu xede. Dena den, onartu du ez dakiela zein den Ekonomia eta Ogasun Sailak PP+C's-ri eskaintza hori egin izanaren arrazoia, Hezkuntza Sailak jada aintzat hartuta zeukan neurria delako.
Ez da lehenengoa
Oraingoa ez da akordioari buruzko lehen tirabira. Maiatzean eta ekainean ere eztabaida egon zen, unibertsitate kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborro bat publiko egin zenean —besteak beste, planteatzen zuen itunpekoetan ratioak jaistea eta ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatzea—. Gorrotxategik esan zuen testuak ez zuela errespetatzen akordioaren «letra eta izpiritua». Halere, akordioaren jarraipen batzordean itunaren gaineko konpromisoa berretsi zuten lau alderdiek.
Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du hezkuntza akordioa hautsi izana
EH Bilduk eta EP-IUk salatu egin dute PP+C's-ri 2 urtekoen gelak ituntzeko eskaintza egin izana. EH Bilduk eskatu du urgentziaz bil dadila akordioaren jarraipen batzordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu