Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremu izendatu du Errenteria

Alokairuen prezioen igoera mugatzen lehena izango da Hego Euskal Herrian. Hiru urteko ekintza plan bat ere martxan jarriko dute, etxe politika ikuspegi integral batez egiteko.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, gaur, Errenterian. JON URBE / FOKU
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, gaur, Errenterian. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Errenteria
2024ko urriaren 2a
16:55
Entzun

«Iritsi da eguna», esan du Aizpea Otaegi Errenteriako (Gipuzkoa) alkateak gaur goizean, pozik, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua alboan zuela. Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremu izendatu du Errenteria, eta mugarri bat ezarri dute, udalerri hori baita Hego Euskal Herrian hala izendatu duten lehena. Aurreikusi dute datorren urtearen hasieran gauzatuko dela izendapena, eta, ordutik aurrera, alokairuen prezioen igoerak mugatuko dituzte Errenterian, gutxienez hiru urtez.

«Guretzat egun garrantzitsua da, mugarria, etxebizitzaren erronkari aurre egiteko politika publikoen esparruan orain arte eduki ez ditugun baliabideak eskainiko dizkigulako izendapenak», azpimarratu du Otaegik. Garrantzia berretsi du Itxasok: «Jaurlaritzan konpromisoa hartu dugu Espainiako Etxebizitza Legeari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Tentsio handiko eremu izendatzea ez da jarrera edo keinu hutsa: konpromiso eta erantzukizun bat da».

Bi irizpideren arabera izendatu ditzake Eusko Jaurlaritzak udalerriak tentsio handiko eremu: bata, alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada. Bietakoren bat betez gero, tentsio handiko eremu izenda daiteke, eta Errenteriak biak betetzen ditu.

«Tentsio handiko eremu izendatzea ez da jarrera edo keinu hutsa: konpromiso eta erantzukizun bat da»

DENIS ITXASOEusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua

Espainiako Gorteek iaz onartu zuten Espainiako Etxebizitza Legeak arautzen ditu eremu horiek, eta Errenteriako Udalak urtearen hasieran egin zion hala izendatua izateko eskaria Jaurlaritzari. Hainbat hilabetez aztertu ostean, atzo sinatu zuen Etxebizitza sailburuak izendapen agiria. Datozen egunetan argitaratuko dute erabakia Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialetan, eta Espainiako Etxebizitza Ministerioak izango du azken hitza. Espero dute datorren urtearen hasieran Espainiako aldizkari ofizialean argitaratzea erabakia.

Ordutik aurrera, martxan jarriko dituzte tentsio handiko eremua izateak dakartzan neurriak. Neurri nagusia zera da, alokairuen prezioen igoera mugatuko dutela. INE Espainiako Estatistika Institutuak oraindik ez du zehaztu zer neurritan mugatu ahalko diren igoerak datorren urtean, baina aurten tentsio handiko eremuetako jabeek %3 baino ezin dute igo alokairuaren prezioa. Datorren urteko indizeak KPIaren azpitik egon beharko du.

Muga hori ezingo diete ezarri indarrean dauden alokairu kontratuei, baina eguneratu ahala legea bete beharko dute alokairu kontratu guztiek. Neurri horren bidez, prezioen «hazkunde neurrigabea» mugatzea lortu nahi dute.

«Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko orain arte eduki ez ditugun baliabideak eskainiko dizkigu izendapenak»

AIZPEA OTAEGIErrenteriako alkatea

Gainera, Errenterian datorren urtearen hasieratik jabe handitzat joko dituzte bost higiezin baino gehiagoren jabe direnak. Haientzat neurri zorrotzagoak ezarriko dituzte; esaterako, haiek alokatzen dituzten etxeen prezioek gehienezko eta gutxieneko kopuru batzuen artean egon beharko dute. Indarrean dauden alokairuei ere ezarriko diete neurria, eta jabe handiak kontratuak eguneratzera derrigortuta egongo dira. «Maizterrek beren eskubideak exijitu ahalko dizkiete jabe handiei», nabarmendu du Etxebizitza sailburuak.

Beste indize batek zehaztuko ditu jabe handiek alokatzen dituzten etxeen prezioek bete beharreko gehienekoak eta gutxienekoak, baina oraindik zehaztu gabe dago. Izan ere, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ezarriko du indizea, eta hori osatzeko beharrezkoa den informazioa bidaltzeke dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek —Nafarroakoak igorria dio—. Itxasok nabarmendu du urtea bukatu baino lehen egingo dituztela etxeko lanak diputazioek, eta Errenteria tentsio handiko eremu bihurtzerako indize hori zehaztuta egongo dela.

Hiru urteko ekintza plana

Hiru urteko iraupena izango du tentsio handiko eremuaren izendapenak, baina luzatzeko aukera egongo da. Dena dela, Otaegik eta Itxasok nabarmendu dute helburua ez dela Errenteriak beti tentsio handiko etxe merkatua izatea eta alokairuen prezioen igoera beti mugatzen ibiltzea. «Hori ez da epe luzerako konponbidea». Horregatik, egoerari «buelta ematea» dutenez helburu, hiru urteko ekintza plan bat adostu dute Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak.

Alokairu eskuragarria sustatuko dute, etxe turistikoak arautzen segituko dute, eta alokairua ordaintzeko laguntzak eskaintzen segituko dute, besteak beste, plan horren bidez. «Garbi dugu ikuspegi integral batez lan egin beharko dugula», azaldu du Otaegik. Itxasok erantsi du aurrerantzean tentsio handiko eremu izendatuko dituzten udalerriekin antzeko planak martxan jartzea dela haien asmoa.

Izan ere, beste zenbait udalerrik ere egina dute eskaria. Zumaiak eta Lasarte-Oriak (Gipuzkoa) egina diote eskari ofiziala Jaurlaritzari, eta Galdakaok ere bai (Bizkaia), udalerriko eremu jakin baterako. «Azterketa egiten ari gara. Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea dauka bidalitako dokumentuak egiaztatzeko eta baloratzeko. Guk nahiko genuke hiru hilabeteak bukatu baino lehenago edukitzea hori izendatuta eta sinatuta», azaldu du Itxasok.

Gaineratu du Donostiak eta Irunek (Gipuzkoa) urrian egin asmo dutela eskari ofiziala, eta Bilbok eta Gasteizek ere borondatea dutela eskaria egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.