Eusko Jaurlaritzak presoak gizarteratzeko erakunde propio bat sortuko du

Datorren urteko urtarrilean hasiko da lanean Aukerak erakunde publiko gisa, eskumena lortu ostean, Artolazabalek jakinarazi duenez

Artolazabal, espetxe ereduari buruzko hitzaldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Astebete da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak espetxe eskumenen transferentzia sinatu zutela, eta dagoeneko hasia da Jaurlaritza espetxe eredu berriaren nondik norakoak zehazten. Presoen gizarteratzea sustatzea izango du helburu eredu berriak, eta, horretarako, erakunde publiko bat sortuko du Jaurlaritzak: Aukerak. Erakunde berria «malgua» eta «aldakorra» izanen da, eta presoei «bigarren aukera bat ematea» izanen du helburu.

Atzo azaldu zituen erakunde berriaren nondik norakoak Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.«Aukerak zubi bat izango da gizarteak laguntza eman diezaien kasu askotan estigmatizatuta eta aurrez epaituta dauden pertsona horiei», nabarmendu zuen Radio Vitorian egindako adierazpenetan. Datorren urteko urtarrilean hasiko da lanean erakunde berria, behin espetxe eskumenen transferentzia egikaritu ostean. Erakundeari paratutako izenak ere badu intentzioa; izan ere, erreferentzia egiten dio pertsona orok berek bizitzan izan dituen aukerei: «Helburua da denek aukerak izatea. Batzuk lehenengoa aprobetxatzen dugu, bertzeek bigarrena, eta batzuek aukera gehiago behar dituzte gizarteratzeko» nabarmendu zuen Artolazabalek.

Hain zuzen ere, prozesu hori egiteko «tresnak» ematea izanen da erakunde edo agentziaren eginbeharra. «Presoek aukera izango dute gizarteratzeko ibilbide hori egiteko. Gizartean integratzeko aukera emango dieten tresnak eskura izango dituzte, dituzten gabezia horiek asetzeko». Hala, Aukerak erakundearen bidez, formazio praktikoa jasoko dute, baina baita bertzelako gaitasunak lortzeko ikastaroak eta lan egiteko aukerak ere. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako preso gehienak hirugarren graduan daude, eta, Artolazabalen iritziz, gradu hori «aprobetxatu» behar dute gizarteratu eta espetxera berriz ez itzultzeko.

Espetxe eredu berria

Iragan astean onartu zituen Eusko Jaurlaritzak espetxe eredu berriaren oinarriak, eta, bertan zehazten denez, erdi-askatasunezko erregimenak sustatuko ditu exekutiboak. Gainera, hirugarren graduak eta baldintzapeko askapenak indartzeko asmoa ere jasotzen du txostenak. Espetxeak emakume eta gizonen arteko desberdintasuna areagotzen dituela nabarmentzen du bide orriak, eta beharrezko jotzen du genero ikuspegia lantzea espetxean bertan. Gainera, 70 urtetik gorako eta buruko gaixotasunak dituzten eta espetxean dauden pertsonen kasuan, beren egoera espezifikoa aztertu eta kasuan kasuko neurriak hartzea zehazten du txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.