Pandemiaren garaian dozena bat eragile sozialek, Espainiako Kongresuko talde ugarik eta nazioarteko komunitateko eragile askok bezala, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio neurriak har ditzala euskal presoekin; zehazki, eskatu dio euskal kartzeletara ekar ditzala, «osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko». Jaurlaritzako Osasun Sailak txosten bat osatu du, eta Espainiako Espetxe Erakundeei igorri die, baita Eusko Legebiltzarrari ere. Jaurlaritzak 2017an Mariano Rajoy gobernuburuari eta 2018an Pedro Sanchezi eskatu zien presoak Euskal Herriratzeko edo hurbiltzeko, urte honen hasieran ere bai, eta lehen aldia da idatzi batean guztiak euskal kartzeletara ekartzeko galdegin duena.
Proposamena apirilaren 27an bidali zion Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak, Lehendakaritzaren izenean, gobernuaren erakundeari. Maiatzaren 14an beste idatzi bat igorri zion, eta ekinbidea atzo baieztatu zuen Jonan Fernandez idazkari nagusiak, Noticias de Gipuzkoa egunkariak albistea aurreratu ondotik. «COVID-19a kutsatzeko arriskuarekin lotutako prebentzio eta babes neurriei eusteko beharra hilabete askotan luzatuko da, alarma egoera kendu eta gero ere bai, eta, ziurrenik, txertoa edo tratamendu eraginkorra lortu arte», dio Jaurlaritzaren idatziak. «Testuinguru» horretan eskatu du presoak «familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara» lekualdatzeko.
Jaurlaritzak ez du multzorik egin presoen artean. «Ez da bereizketarik egiten terrorismoagatik eta beste edozein delitugatik zigortutako presoen artean, eta ez da euskal esparrura mugatzen. Proposamenean, berariaz, azpimarratzen da 'orokorrean preso guztientzat' formulatu dela». Espetxeetako lege organikoaren 12.1 artikuluan ere oinarritu da eskaera egiteko. Proposamenak dakar Donostiako Martuteneko, Basauriko (Bizkaia) eta Zaballako (Araba) kartzeletara eraman ditzatela «Euskadin jatorria, ohiko bizilekua edo familia ingurunea duten preso guztiak». Fernandezek atzo Radio Euskadin zioen 330 presoz ari direla. BERRIAren datuen arabera, egun lau euskal preso daude euskal espetxeetan horietako bat, zentro batean—, eta Espainiako Estatuko besteetan, 201 —Frantzian, berriz, 35—.
Urruntzearen kalteak
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren arabera, eskaeraren «helburu nagusia» presoen «urruntzearen errealitatearen» ondorioz haien senideek eta lagunek egin beharreko «joan-etorri luzeak saihestea» da, baita bidaietako eta bisitetako kontaktuen bidezko kutsadura arriskua eragoztea ere. «Urruntze politikak osasun publikoko arazo larria du. Hori guztia ez da batere testuinguru gomendagarria, osasun publikoaren ikuspegitik. Gomendagarria ez izateaz gain, saihestu daiteke eta konponbideak ditu». Fernandezen hitzetan, gobernuak lekualdaketa horiek egitea litzateke «logikoena eta zentzudunena». Gainera, azaldu du balitekeela lauzpabost hilabete barru COVID-19aren beste agerraldi bat gertatzea, «eta litekeena» dela «autonomia erkidegoen mugikortasuna berriro mugatzea, eta bisitatzeko aukerak berriro blokeatzea». Erantsi du presoen senideek hiru hilabete daramatzatela bisitarik egin gabe.
EH Bilduren «ongietorria»
EH Bilduk «ongietorria» egin dio Jaurlaritzaren proposamenari, «berandu» datorrela uste badu ere, eta esan du ekinbidea «gertaera zehatzekin batera iristea» espero duela. Azken asteetan izandako eskaerak gogoratu ditu EH Bilduk. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko eledunari «euskal presoen auzia konpontzeko» proposamen «garrantzitsua» iruditu zaio, eta uste du urruntzearen amaierak «erraztuko» lukeela presoen «gizarteratzea». Etxerat-ek «ongi» deritzo eskariari; «euskal gizarteak eskatzen du presoak Euskal Herriratzea. Ea premiaz gauzatzen den». Sarek adierazi du «positiboa» dela proposamena, «baina berandu egindakoa» dela. Coviteren iritzian, EPPK-ren espetxe politika bera planteatu du Jaurlaritzak; hots, «presoei aurrez ez die terrorismoa eta indarkeria errefusatzeko eskatu». Carlos Iturgaiz EAEko PPren lehendakarigaiak ere baztertu egin du proposamena.