Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak milioi bat euroko diru laguntza ematea nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei, euskara susta dezaten. Laguntza eguneroko prentsara, edizio digitaletara, irratietara eta Internet bidez albisteak ematen dituzten berri agentzietara bideratuta dago. Gobernu kontseiluaren ostean, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek —tartean zen Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua—, baina ez dute aipatu laguntza hori emango dutela. Ohar bidez jakinarazi dute haren berri.
Hiru multzotan banatuko dute laguntza. Alde batetik, 900.000 euro jarriko dituzte batez ere gaztelaniaz aritzen diren eguneroko prentsan eta egunkarietan euskararen presentzia areagotzeko. Horietako 550.000 paperean inprimatutako egunkariak diruz laguntzeko izango dira, eta beste 350.000 euroak, haien edizio digitaletarako. Ez dute zehaztu gutxienez zenbat albiste idatzi beharko dituzten euskaraz.
Beste aldetik, 50.000 euro albisteak Internet bidez euskaraz ere ematen dituzten berri agentzientzat izango dira. Baldintza bat ezarri diete: gutxienez egunero hamabi albiste ekoitzi beharko dituzte euskaraz.
Azkenik, gaztelaniazko irratiak ere diruztatuko dituzte. Orotara, 50.000 euro erabiliko dituzte horretan. Laguntza izateko, emanaldi orduen %85 euskaraz eduki beharko dituzte, eta astean gutxienez 25 ordutan euskaraz egin beharko dute.
Ez da halako laguntza bat ematen duten lehen aldia. Iazko deialdiaren bidez, gaztelerazko hamahiru komunikabidek jaso zuten diru laguntza: El Diario Vasco-k, El Correo-k, Gara-k, Noticias de Alava-k, Deia-k, Noticias de Gipuzkoa-k, Naiz-ek, Segura irratiaketa Europa Pressek, besteak beste.