Eusko Jaurlaritzak meteorologia eta hondamendien prebentziorako zerbitzuak berrituko ditu

Pradales lehendakariak iragarri duenez, gobernuak bost milioi euroko inbertsioa egingo du. Kapilduiko radarra ordezkatuko du, eta neurketak hobetzeko bestelako gailu batzuk instalatuko ditu.

Euskalmeteko langileak agentziaren egoitzan, radar datuak aztertzen
Euskalmeteko langileak agentziaren egoitzan, radar datuak aztertzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 22a
12:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzak «azken teknologiarekin» hornituko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako meteorologia eta hondamendien prebentziorako zerbitzuak. Imanol Pradales lehendakariak iragarri du haren gobernuak bost milioi euroren inbertsioa onartuko duela datozen asteetan, helburu horrekin.

Zehaztu duenez, gobernuak radar meteorologiko berri bat eskuratuko du, Euskalmetek Bernodoko (Araba) Kapildui mendian duena ordezkatzeko. Horrez gain, neurketak hobetzeko gailuak instalatuko ditu: 120 plubiometro eta 40 disdrometro, tenperatura eta hezetasun datuak biltzeko 150 sentsore, eta ingurumena behatzeko 40 kamera gehiago, besteak beste. Inbertsioari esker, iragarpena hobetzeko eredu berriak erabili ahal izango dira, Pradalesen esanetan.

Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean eman ditu azalpen horiek, Voxek hondamendien prebentziorako azpiegiturei buruz egindako galdera bat baliatuta. Bere erantzunean, Pradalesek argitu du Segurtasun Sailak koordinatu eta zuzenduko duela larrialdietarako krisi mahaia, halakoak gertatzen direnean. «Horrek izugarri errazten du lana. Denbora eta koordinazio egokia urrea dira muturreko egoeretan».

Pradalesek garrantzia aitortu dio, larrialdi egoeretan, Eusko Jaurlaritzak bere informazio propioa izateari. «Xehetasun handiagoz lan egiteko aukera ematen digu, eta ezagutzen dugun errealitate bati egokitutako erantzunak ematen dizkigu». Euskalmet Euskal Meteorologiaren Agentzia da Jaurlaritzaren iturri propioa, eta haren izaera nabarmendu du lehendakariak. «Euskalmet ez da ohiko meteorologia agentzia bat, baizik eta fenomeno meteorologiko jakin batek herritarrengan izango duen eragina bere iragarpen eta alertetan integratzen duen agentzia bat».

1983ko uholde izugarriaz geroztik, Jaurlaritza bere larrialdi sistema «hobetzen» ari dela adierazi du. «Erantzun azkarra eta eraginkorra» ziurtatzeko aldaketak egin dituela gobernuak. Pradalesen iritziz, «ez gaude katastrofe batetik libre, baina aurre egiteko prest gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.