Aldaketak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketan: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Lanbide Heziketako titulu ofizial bat emango diete beren konpetentziak ofizialki egiaztatzen dituztenei.
Horretarako, bi baldintza hauetako bat bete beharko dute: bi urteko lan esperientzia edukitzea, azken hamabost urteetan gutxienez mila orduan lan eginda, edo 200 orduko prestakuntza ez-formala jaso izana. Horrek lehenengo mailako Lanbide Heziketako titulua lortzeko balioko du; aldiz, bigarren edo hirugarren mailakoa lortu nahi dutenek betebehar hauek izango dituzte: hiru urteko lan esperientzia edukitzea, azken hamabost urteetan gutxienez 2.000 orduan lan eginda, edo azken hamar urteetan gutxienez 300 orduan prestakuntza ez-formaleko ikastaroetara joan izana.
Horrela, konpetentziak akreditatzeko prozesu baten ostean, titulu ofizial bat lortu ahal izango dute. Hala azaldu du Hezkuntza Sailak, ohar bidez: «Sistema erraza eta doakoa da, eta profesionalek beren ibilbide profesionalean eta egindako ikastaroetan eskuratu dituzten trebetasunak eta ezagutzak aitortzen ditu. Sistema honen bidez, konpetentziak ofizialki ebaluatu eta egiaztatu ahalko dira, konpetentziak non eta noiz eskuratu diren kontuan hartu gabe».
Prozesuaren nondik norakoen berri ere eman du sailak. Titulua eskuratu nahi dutenek www.euskadi.euswebgunean dagoen inprimakia bete beharko dute. Gero, lanean aritutako urteetan ikasitakoa frogatu beharko dute, Eusko Jaurlaritzako ebaluatzaileek egingo dizkieten elkarrizketa pertsonalen bitartez. Hezkuntza Sailaren arabera, abantailak izango dituzte prozesu hori egiten dutenek: Lanbide Heziketako titulu ofizial bat lortuko dute; aukera izango dute enpresetan maila goragoko lanpostuak eskuratzeko; lan merkatuan sartzeko erraztasunak izango dituzte; eta, lortutako tituluari esker, aukera izango dute beste ikasketa edo ikastaro batzuk egiten jarraitzeko.