Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko baimen administratiboa eman berri dio Labraza proiektu eolikoari. Aixeindar enpresa da proiektuaren bultzatzailea, Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak sortutako enpresa —%60ko parte hartzea du Iberdrolak eta %40koa EEEk—. Hala, eraikitzen hasteko behar den guztia du proiektuak: ingurumen inpaktuaren adierazpen aldekoa, aurretiazko administrazio baimena eta erakitzeko administrazio baimena. Oiongo (Araba) lurretan egongo da guztiz. Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak interes publikoko proiektu izendatu zuen.
Labrazakoarekin, Aixeindarrek bi parke eoliko erakitzeko baimena du; izan ere, 2023ko maiatzean Azazeta proiektuak eraikitzeko baimen administratiboa jaso zuen, gaur Labrazak jaso duen moduan. Hori ere Araban egongo da, Dulantzi, Donemiliaga, Arraia-Maeztu eta Bernedo herrietako lurretan. Bi horietaz gain, Aixeindar beste proiektu bat ere bultzatzen ari da: Laminoria. Kasu horretan, energia eolikoa eta fotovoltaikoa baliatu nahi ditu parkeak.
Eusko Jaurlaritzak 2006an eman zuen azken aldiz parke eoliko bat eraikitzeko baimena, eta ordutik ez da gehiago eraiki. Ia hogei urteko hutsune hori amaitzeko intentzioa duela azaldu du Aixeindarrek: «Proiektu horiek behin betiko bultzada emango diote Euskadin energia berdea sortzeko apustuari».
40 megawatteko bi parke
Oso antzeko proiektuak dira Labraza eta Azazeta. Zortzina aerosorgailu izango dituzte, bost megawatteko potentziakoak; beraz, parke bakoitzak 40 megawatteko potentzia izango du. Kalkulatu dute Labrazako parkeak urtean ia 100.000 megawatt-ordu ekoitzi ahal izango dituela —adierazi dute ia 30.000 etxe hornitzeko adina energia dela hori—. 49 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko duela kalkulatu dute, eta Guardiako azpiestaziora bideratuko du argindarra.
Bestalde, Aixeindarrek azaldu du jada eraikitzeko baimena duten bi proiektuek eta tramitazio bidean dagoen beste proiektuak «hegaztiak eta biodibertsitatea babesteko neurri berritzaileak» izango dituztela, hala nola hegaztiak detektatzeko sentsoreak jartzea, paisaian integratzea...
Adierazpen horrek zerikusia du Euskal Herrian parke eolikoen zenbait proiektuk sortzen duten aurkakotasunarekin. Bortzirietan, Malerrekan, Urola Erdian, Gorbeialdean eta Durangaldean proiektatu dituzten parkeek haserrea eragin dute, eta horien aurkako mugimenduak sortu dira, eta hainbat udal iritziz aldatzera bultzatu dituzte; Azpeitikoa eta Errezilgoa, esaterako. Haize erroten parke horien aurkako haserrea apirilaren 13an mamitu zen, Azpeitian (Gipuzkoa): Euskal Herria Bizirik plataformak antolatuta, egun osoko egitarau bat antolatu zuten gaiari buruz hausnartzeko, eta manifestazio jendetsu batekin amaitu zuten.