Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 260 ikastetxetan obrak egiten ari direla

86 milioi euroko inbertsioa egin dute horretarako. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren arabera, garrantzitsua da azpiegiturak berritzea, «ikasketa prozesu arrakastatsu bati» bide emateko.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Etxebarriko Institutuaren eraikin berria bisitatu du gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Etxebarriko Institutuaren eraikin berria bisitatu du gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Etxebarri
2024ko abuztuaren 14a
15:20
Entzun

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Etxebarriko Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (Bizkaia) eraikin berria bisitatu du gaur goizean. Jakinarazi duenez, 260 ikastetxetan ari dira obrak egiten: «Ikastetxeak egokitzeko, eguneratzeko eta modernizatzeko apustua egin du Jaurlaritzak, hezkuntza proiektu berritzaileen beharretara egokitu daitezen».

86 milioi euroko inbertsioa egin dute obrak egiteko. Horietatik 79,5 milioi euro 50 ikastetxetara bideratu dituzte; «garrantzi handiko obrak» egiten ari dira horietan. Besteak beste, Leioako eta Muskizko (Bizkaia) ikastetxe batzuetan ari dira horrelako lanak egiten. Gainerako 210 ikastetxeetan, berriz, «hobekuntza obra txikiak» egiten ari dira, 6,5 milioi euroko inbertsioarekin. «Ikastetxeek eurek eskatutako moldaketak dira; besteak beste, komunetako aldaketak edota irisgarritasun kontuak», zehaztu du Pedrosak.

Sailburuaren iritziz, ikastetxeetan «azpiegitura eta toki berriak izatea» garrantzitsua da, horiek ere bide ematen baitiote «ikasketa prozesu arrakastatsu bati». Gogorarazi du azpiegitura plan bat martxan dutela horretarako. 2032ra arte ikastetxeetan inbertsioak egiteko modua emango du horrek, «batez ere ikastetxe publikoetan». Aldaketa horiek, baina, bat egin behar dute arlo pedagogikoan gertatzen diren aldaketekin: «Ikastetxeetan berrikuntza proiektuak ezartzeko apustua egiten ari gara, bi arloetako aldaketak batera joan daitezen».

Besteak beste, tokiak «arlo emozionalean» eragiten duela esan du Pedrosak, baita ikasleen hezkuntzan ere. «Elkarbizitza ikastetxeko toki guztietara eraman behar da». Esaterako, Etxebarriko institutuko jantokian proiektu bat jarriko dute martxan: «Toki horretan ikasleak askatu egiten dira, baina hor ere hezten ari gara, eta elkarbizitza sustatzen». Ikaslab proiektu «berritzailea» ere abiaraziko dute. Duela bi ikasturte jarri zuten martxan, eta berrogei «laborategi» dituzte orain, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zenbait zentrotan. Ikasleen arteko parte hartzea, talde lana eta elkarrekintza sustatzea du helburu. «Hainbat txokotan egiten dute lan, betiere curriculumean egiten ari direnari lotuta». 

Kiroldegi bat ondoan

Eraikin zaharraren ondoan sortu dute Etxebarriko institutuaren eraikin berria. Irailean irekiko ditu ateak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko 621 ikaslek ikasiko dute bertan. Eraikin berria amaitzen dutenean, bestea eraitsiko dute, kiroldegi bat eraikitzeko. Bertara sartzeko, ikasleek sarbide zuzena izango dute institutuko bigarren solairutik. Obra guztia datorren urteko udaberrian amaitzea aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.