Barakaldo eta Irun tentsio handiko eremu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Erabakia behin betikoa izanen da Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean.

Emakume bat etxe agentzia baten aurretik pasatzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Emakume bat etxe agentzia baten aurretik pasatzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 23a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Irun (Gipuzkoa) eta Barakaldo (Bizkaia) tentsio handiko eremu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, EAEko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dute Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren agindua. Erabakia behin betikoa izanen da Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean.

Irungo Udalak joan den urteko urrian egin zion eskaera Jaurlaritzari, eta, Cristina Laborda alkateak erran zuenez, udalaren aitortza bat dakar udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskeak; izan ere, alkatearen irudiko, eskaera horrek erran nahi du herritarrek etxea eskuratzeko dituzten «arazo larrien» jakitun dela udala: «Irunen egindako diagnostikoak berretsi eta agerian uzten du hori».

Hain zuzen ere, memoria txosten horretan jasotzen denez, Irunek bete egiten ditu tentsio handiko eremu izateko bi baldintzak, legeak ezarritakoak. Batetik, udalerri horretako etxebizitzen prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino %3 gehiago egin behar izan dute gora azken bortz urteetan, eta Irunen %18,5 egin dute gora, alkatearen hitzetan. Eta, bertzetik, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) gutxienez etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa izan behar du; Irunen, %32 da. «Diagnostikoak berretsi du Irunek, bere osotasunean, bi baldintzak betetzen dituela», adierazi zuen alkateak iazko urrian. Orduan egin zuen udalak Irun tentsio handiko eremua izendatzeko eskaera.

Labordaren irudiko, «funtsezkoa» da udalaren ahaleginak etxebizitza politiketara bideratzea, Irungo herritarrek aukera izan dezaten beren bizi proiektuak herrian bertan abian jartzeko.

Are, iaz eskaera egin zutenean, Etxebizitza Plana ere aurkeztu zuen udalak, eta bertan babes ofizialeko 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zela iragarri. Joan den astean agerraldia egin zuen Labordak, eta azaldu eraikuntza horiek datozen hiru urteetan egitea aurreikusi dutela. Hain zuzen, aurten 420 etxebizitza egiten hasi dira. «Zalantzarik gabe, Irunen etxebizitzari emandako bultzadarik handienaren aurrean gaude, eta asmo handiko plan honek agerian uzten du udalak benetako apustua egin duela herritarrak gehien kezkatzen dituen arazo bati aurre egiteko», adierazi zuen Labordak.

Barakaldoko Udalak, berriz, 2023 akaberan eman zuen izendapen hori lortzeko lehenbiziko pausoa; are, izendapena lortu duen lehenbiziko udalerri bizkaitarra izan da. Tentsio handiko eremu izendatzeko baldintza betetzen duela adierazi du udalak: alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) gutxienez etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa izan behar du legearen arabera, eta %32,8koa da.

Erabakia EAEko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu bada ere, hilaren hasieran iragarri zuten. Agerraldi hartan Amaia del Campo udalerriko alkateak erran zuenez, izendapena «tresna garrantzitsua» da: «Udalean urteak daramatzagu etxebizitza eskuratzen laguntzeko ekintzetan lanean, bai etxebizitza babestu berrien eskaintza zabalduz, bai etxebizitza hutsak merkatura ateratzea bultzatuz, edo gazteak emantzipatzeko udal laguntzak sortuz; baina babes handiagoa behar genuen, eta ziur gaude tentsio handiko eremuaren izendapenarekin hori lortuko dugula».

Alkateak iragarri zuen izendapenak familia anitz lagunduko dituela eta aukera emanen diela egoera hobetzeko «neurri zehatzak» martxan jartzeko: «Etxebizitza eskuragarria lortzea da bertako herritarren kezka nagusietako bat, eta ezin dugu beste aldera begiratu».

Izendapen gehiago

Irun eta Barakaldo ez dira tentsio handiko eremu izendatu dituzten lehenbiziko udalerriak. Are, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak iazko otsailean plazaratutako txostenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemeretzi udalerrik betetzen zituzten tentsio handiko eremu izateko baldintzak. Nafarroan, berriz, tentsio handiko eremuak errazago izendatu ahal izateko, Nafarroako Etxebizitza Legea egokitzea onartu zuten iaz Nafarroako Parlamentuan. Eta 21 udalerrik abiatu dute izendapena lortzeko prozesua —Nafarroako herritarren %68,3 bizi dira toki horietan—.

Hiriburuei dagokienez, Hego Euskal Herriko hiriburu guztiak daude zerrenda horietan, eta, Bilborekin batera, Donostiak soilik abiatu du prozedura; iazko azaroan egin zuen eskaera. Gasteizko alkate Maider Etxebarriak berriki adierazi zuen diagnostikoa egiten ari zirela eta laster espero zutela emaitza. Iruñeari dagokionez, Nafarroako Gobernua ari da eskaera horiek kudeatzen, eta, azaroan iragarri zuenez, irizpideak betetzen dituen udalerri guztietan eskaera egiteko asmoa dute. Errenteriak, Zumaiak eta Lasarte-Oriak izendapena lortu dute jadanik.

TENTSIO HANDIKO EREMU IZENDATZEAK ZER ABANTAILA DITUEN MAIZTERRENTZAT:

  • Kontratua hiru urtez luzatzeko aukera ematen du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.

  • Kontratu berriak ezinen du gainditu azken kontratuaren errenta. Errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo hobekuntzak egiten badira, hala nola etxea eraberritu, energia eraginkortasuna handitu edo irisgarritasuna hobetu.

  • Azken bortz urteetan alokatuta egon ez diren etxeak alokatzeko prezioa mugatuko da. Gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. 

  • Alokatuko den etxearen jabeak ondasun ugari baditu —bortz etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.