Irakasleen lana eskertzeko ekitaldi bat egin dute, gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua ez ezik, bertan izan dira hainbat irakasle, familien eta sare publikoaren eta itunpekoaren ordezkariak eta EAEko Eskola Kontseiluko kideak ere.
Oholtza gainean izan dira erretiroa hartu berri duten lau irakasle, baita aurten lan horretan hasi diren beste lau irakasle ere. Horrela, «belaunaldi erreleboa» irudikatu nahi izan dute, Hezkuntza Sailaren hitzetan.
Gainera, kanpaina bat ere abiatu dute hedabideetan, «irakasleen lana aitortzeko»: «Bilbon egin den ekitaldiak, baita gaur bertan komunikabideetan abiatuko den kanpainak ere irakasleen lana, konpromisoa eta inplikazioa nabarmendu nahi dituzte, hainbat belaunalditako maisuek eta andereñoek irakasteko eta berritzeko erakutsi duten grina txalotzearekin batera». Azaldu dutenez, kultura, zientzia, komunikazio eta kirol arloetan ezagunak diren pertsonak dira kanpainako protagonistak, eta haurtzaroko edo nerabezaroko irakasleren batek utzitako «arrasto sakona» kontatzen dute bideo batzuetan.