Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak Gorenera jo du ziurtagiria ezartzea baimentzeko

«Bizitzeko eskubideak eta osasunaren babesak» justifikatu egiten dute, helegitean argudiatu dutenez. Nafarroak ere egin dio eskaera Auzitegi Nagusiari. Parisek neurriak ezarriko ditu gaur

50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eskatu nahi dute ziurtagiria, besteak beste. Irudian, Iruñeko taberna bat. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Edurne Begiristain - Oihana Teyseyre Koskarat - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiriari emandako ezezkoaren aitzinean, goitiagoko instantzietara jo du Eusko Jaurlaritzak, hondarrean. Aitzinetik jakinarazi zuen ez zuela halakorik eginen, baina kasazio helegitea jarri dute azkenean, Espainiako Auzitegi Gorenean. Atzo arratsaldean jakinarazi zuen erabakia, Eusko Jaurlaritzak berak, eta haren zerbitzu juridikoek helegitean aleturiko argudioak azaldu zituen ohar baten bidez. Zehaztu zuenez, helegitean defendatu dute «proportzionala» dela COVID ziurtagiria eskatzea, eskubideen murrizketak «beharrezkoak» baitira baldin eta «goragoko eskubide bat defendatzeko» badira. Kasu honetan, «osasunaren babesa eta bizitzeko eskubidea» lituzke ziurtagiriak xede.

Jaurlaritzak argudiatu du, halaber, neurriak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako behar duela, hots, «erkidego osorako», «lurralde azalera txikia, bertako biztanleen interakzio maila handia, lurralde osoko komunikazio onak eta biztanleriaren mugikortasun zabala» kontuan hartuta. EAEko Auzitegi Nagusiak errana zuen, bertzalde, COVID ziurtagiriak biltzeko eta sorkuntza artistikorako askatasunei eraginen ziela. Bada, Jaurlaritzak jarritako helegitearen ustez, ez da hala, «eskubide horiek garatzeko» ez baita «beharrezkoa» eskubide horiek «COVID ziurtagiria eskatzen den lokaletan gauzatzea» gaueko aisialdi lekuetan eta 50 lagunetik goitiko jatetxeetan eskatuko zatekeen—.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak egin bezala, Nafarroako Gobernuak ere COVID ziurtagiria lurraldean ezartzeko foru agindua igorri dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Gobernuak atzo goizean bidali zion baimen eskaera epaitegiari, COVID ziurtagiria ostalaritzan, gaueko aisialdian eta kultur ekitaldi jendetsuetan ezartzeko asmoz. Justiziak aldeko erabakia hartzea espero du gobernuak, atzo Javier Remirez bozeramaileak jakinarazi zuenez. Neurri «egokia», «zentzuzkoa» eta «proportzionala» delakoan espero du gobernuak onespena.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baimena emanez gero, foru gobernuaren nahia da larunbat honetan bertan ezartzea ziurtagiriaren eskakizuna, eta urtarrilaren 6ra arte indarrean egotea. Remirezek ia segurutzat jo du etzitik aurrera COVID ziurtagiria eskatzeko moduan egongo direla 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan, gaueko aisialdian besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan, bai eta barrualdeetan egiten diren ekitaldi jendetsuetan ere, horietan jateko edo edateko aukera baldin badago, betiere.

Zalantzak daude COVID ziurtagiria nola eta nork eskatu beharko duen toki horietan, eta horri buruz galdetu zioten atzo Remirezi. Hark erantzun zuen aipatutako establezimenduetako eta ekitaldietako arduradunen esku egongo dela horren ardura, eta udaltzainek eta foruzainek ere «ausaz» egingo dituztela kontrol eta ikuskaritzak.

Nafarroako Justizia Auzitegiak ezezkoa emanez gero, gobernuak ez du aurreikusia bestelako neurri murriztailerik hartzea. Argi mintzatu zen atzo gobernuko eleduna: «Ez dugu B planik. Baimena ematen badu, ongi, eta, bestela ere, ongi». Hala ere, zehaztu zuenegoeraren arabera aztertuko duela gobernuak neurri berriak ezarri behar dituen ala ez.

Egoera, okerrera

Oraintxe, ilunak dira birusaren transmisioari buruzko datuak Nafarroan. Intzidentzia metatua etengabe igotzen ari da, eta azken hamalau egunetan 418 kasu atzeman dira 100.000 biztanleko. Azken orduetan 300 kasuren langa gainditu dute positiboek; zehazki, 319 kutsatu atzeman dituzte, eta %7,9 da positibo tasa. Adinekoenegoitzetan ere sartu da birusa: 11 kasu atzeman dituzte egoitza horietan, eta beste zazpi mendekotasunen bat duten pertsonak artatzeko zentroetan. Ikastetxeei so, orotara, Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.693 ikasle daude bakartuta gaitzarengatik.

Izurriaren bilakaera ere okertuz doa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ikastetxeetan ere sumatzen da intzidentziaren gorakada. Hala ere, «kualitatiboki eta kuantitatiboki» duela urtebetekoa baino egoera hobea da egungoa, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo azpimarratu zuenez. Egun, 109 ikasgela daude itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasgela guztien %0,6 baino ez. Hala eta guztiz ere, jakitera eman zuen Hezkuntza Sailak zirkular bat bidaliko diela ikastetxe guztiei koronabirusaren aurrean arreta ez murrizteko eskatuz. Halaber, Bildarratzek gurasoei eskatu zien ikastetxeetatik kanpo ere «eskoletan bezain arduratsu» izan daitezela, eta, besteak beste, bilkurarik edo urtebetetze festarik ez egiteko.

Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseilua bildu zen atzo, bertzalde, eta, bileraren ondotik, Carolina Darias Osasun ministroak txertaketan eta prebentzioan jarri zuen arreta. Erran zuen ahalik eta dosi gehien jarri nahi dituztela «Eguberriak baino lehen». Kirol ikuskizunetan maskara jartzeko deia egin zuen, halaber: hala barnean nola kanpoan.

Veranen agerraldia, gaur

Frantziako Gobernuko Osasun ministro Olivier Veranek agerraldi bat eginen du gaur, eta neurriak ezarriko ditu izurriaren okertzeari aurre egiteko asmoz. Frantziako Gobernua Defentsa Kontseiluan bildu zen atzo goizean, eta, Gabriel Attal gobernuko bozeramailearen arabera, hiru neurri izan zituzten aipagai: maskararen erabilera hedatzea, osasun ziurtagiriaren erabilera zorroztea, eta hirugarren dosiaren bidez txertaketa kanpainaren zalutzea. Ipar Euskal Herrian, oraingoz, maskara ez da beharrezkoa ziurtagiria eskatzen duten lekuetan, baina erabilera berriz ezartzea erabaki lezake Veranek gaur. Txertoaren hirugarren dosiaren inguruko irizpideak ere emanen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.