Oraingoz, asmoa da. Eusko Jaurlaritzak nahi du garraio publikoa doakoa izatea 12 urtetik beherako haurrentzat. Garraio publikoko operadore guztiei proposatuko die EAEko Garraio Agintaritzaren hurrengo bileran, eta hurrengo urtean indarrean jartzea nahi du. «Horrekin, garraio kolektiboa erabiltzeko ohitura bultzatuko dugu adingabeen artean, eta seme-alabak dituzten familiei lagunduko diegu», esan du Susana Garcia Chuecak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak. Gaur egun ez dute ordaintzen 6 urte izan arte.
Sailaren lan ardatzen eta lehentasunen berri eman du Garcia Chuecak (PSE-EE) Eusko Legebiltzarrean. Haurrek garraio publikoa ez ordaindu behar izatea izan da proposamen deigarriena. Horrez gain, urtez urte atzeratutako gabezia historiko bat: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoaren txartelak —Bat, Barik eta Mugi, hurrenez hurren—, bateragarriak izatea, hau da, herrialde bateko txartela beste herrialdeetako garraio publikoetan erabili ahal izatea. Noiz? «Hurrengo urtean zehar». Oraindik ezartzeko dago Mugiren erabilera Bilbobusen eta Bizkaibusen, eta urtea amaitu baino lehen ezarri nahi dute. Bat eta Barik txartelak ere integratu behar dira Lurraldebusen zerbitzuetan. Hori 2025ean egitea aurreikusi dute. Horrekin lotuta, Tren Sektorearen Legea onartu nahi dute legegintzaldi honetan.
Ez da Mugikortasun Jasangarria Sailak lortu nahi duen herrialdeen arteko bateratze bakarra: «Tarifen eta beherapenen eredu bateratu bat sustatu nahi dugu, behin betiko». Eredu hori garraio publikoaren erabiltzeak eragindako beherapenetan eta erabiltzaileen egoera sozioekonomikoan oinarrituko litzateke. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeago. Erabileraren poderioz azkenean doakoa izatea ere planteatzen du ereduak. Sistema horrek mesede egingo lieke 26 urtetik beherakoei, langabetuei, desgaitasunen bat dutenei eta familia ugariei.
«Konplexua, luzea eta garestia»
Garraio publikoko txartelak bateratzeko prozesuak hala erakutsi du, eta Garcia Chuecak onartu du tarifen eta beherapenen eredu bateratu bat «prozesu konplexu, luze eta garestia» dela, bai estrategikoki, bai teknikoki. Aintzat hartu behar da eredu bat hitzartu behar dela, hainbat garraio operadoreren artean, eta gero teknologikoki ere garatu behar dela. Hala ere, Garcia Chuecak zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak ezarriak ditu eredu horren oinarriak, eta orain udalen eta foru aldundien esku dago proposamena, «beren gain hartzeko edo hobekuntzak proposatzeko». Sailburuak konpromisoa hartu du «garraio publikoa herrialdearen egituratze ekonomiko eta sozialerako funtsezko tresna izateko».
Mugikortasun Jasangarrirako Sailak «ia idatzia» du EAEko Mugikortasun Jasangarriaren Plana, eta udazkenean bertan eramango du Eusko Legebiltzarrera, aztertzeko eta eztabaidatzeko. Planak 100 ekintza proposamen baino gehiago ditu, errepideko garraiorako ez ezik, trenbiderako, mugikortasun aktiborako, logistikarako eta salgaietarako. Hamar urtez egongo da indarrean. Garcia Chuecaren esanetan, planak indartu egingo du «mugikortasun eredu berri baten eta isuri gutxiko garraio baten aldeko apustua».
«Tarifen eta beherapenen eredu bateratu bat sustatu nahi dugu, behin betiko»
SUSANA GARCIA CHUECAEusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburua
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu da Renferen aldirietako trenen kudeaketa, eta sailburuak aurreratu du trenak ibilbide berriak egingo dituela: alde batetik, Karrantza eta Aranguren artean (Bizkaia); bestetik, Miranda de Ebro (Buros, Espainia), Gasteiz eta Altsasu artean, 2025 hasieratik.
Araban, indartu egingo dituzte goizeko lehen orduko, eguerdiko eta arratsaldeko azken orduko tren zerbitzuak. Zerbitzu berriak eskainiko dituzte, eta gaur egun Gasteizen amaitzen diren batzuk beste herri batzuetara luzatu, Arabako herriak hobeto lotzeko.
Bizkaian, aztertu egingo dute Bilbo Loiuko aireportuarekin trenez lotzeko aukera. Aste honetan esleituko dute tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeko eraikuntza proiektua. Geltoki berri bat eta igogailu bat eraikiko dituzte Atxuri eta Bolueta artean, Larreagaburu inguruari zerbitzua emateko.
«Metropoli trenbidea»
Gipuzkoan, datozen lau urteetan trenbideari «behin betiko bultzada» emango diote, Garcia Chuecaren arabera. Topoa lurperatuta, besteak beste. Obrak bukatzear daudela nabarmendu du, bi geltoki eginda daudela eta hirugarrenean zenbait lan falta direla. «Metropoli trenbidea» kontzeptua erabili du etorkizuneko Topoa definitzeko. Trenak izango dira hamabost minutuan behin Zumaia eta Donostia eta artean, eta zazpi minutu eta erdian behin Lugaritz (Donostia) eta Errenteria artean. «Alternatiba publikoa eta eraginkorra izango da hain jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuen aldean».
Euskal Y-ari dagokionez, Hernani eta Astigarraga (Gipuzkoa) arteko zatia bukatuta, Donostiako tren geltokiko obrek aurrera egingo dutela esan du sailburuak. 2025 amaieran bukatzea espero dute.
EH Bilduk garraio sare publikoa indartu behar duela esan dio Garcia Chuecari, eta «alternatiba erreala, eraginkorra eta erakargarria» izan behar duela, auto pribatuaren erabilera murrizteko. Beherapenei eusteko eta tarifa sistema progresibo baten alde egiteko eskatu du, «garraio publikoaren erabileran prezioak eragin nabarmena duelako, eta azken bi urteetan aplikatu diren deskontuek garraio publikoaren erabiltzaileen kopurua igotzea ekarri dutelako», Amancay Villalba legebiltzarkidearen esanetan. Txartel bakarra ezartzeko ere eskatu dio.
EAJko Elena Lete legebiltzarkideak nabarmendu du urratsak egin behar direla ardatz atlantikoa bukatzeko. Sozialistek, Susana Corcuera legebiltzarkidearen hitzetan, baldintzarik gabeko babesa emango diote «mugikortasun jasangarriaren demokratizazioari». Sumarreko Jon Hernandezek salatu du Eusko Jaurlaritzaren politika batzuk ez direla ondo uztartzen jasangarritasunarekin: «AHTa, esaterako. Tren soziala bultzatu behar da».