Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justiziarako eta Giza Eskubideetarako sailburuaren ustez, Gogora institutuaren Gerra Zibileko hildakoak Euskadin txostenean jasotako errolda egokia da. Horregatik, esan du ez dutela aurreikusten datu basean aldaketarik egitea, EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak idatziz egindako galderari erantzunez.
Intxorta 1937 elkarte memorialistak agerraldia egin zuen otsailaren 14an, eta Gogora institutuari exijitu zion faxistak ezabatu zitzala bere zerrendetatik. Bi arrazoi eman zituen horretarako: alde batetik, memoria historikoaren legearen aurkakoa dela, eta, bestetik, matxinatuak eta errepublikaren alde borrokan hil zirenak parez pare ikustea «iraingarria» dela.
Eskakizuna bere eginda, Saez de Egilazek idatziz galdetu zion sailburuari ea egoera aldatu eta konpontzeko asmorik ba al duen. Konpontzeko ezer ez dagoela iruditzen zaio San Joseri, eta horregatik esan du ez dutela aurreikusten datu basean aldaketarik egitea.
San Josek dio egungo zerrendak «aplikatu beharreko araudiari» erantzuten diola, eta memoria historikoaren legearen xedea eta printzipio orokorrak betetzen dituela. Azaldu duenez, legearen 7. artikuluak zehazten du erroldaren parte izango direla administrazio egoitza Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan zutenak, eta baita hil zirenean bertan zeudenak ere, bestelako bereizketarik egin gabe. Gaineratu du Gogora Institutuaren webguneak aukera ematen duela matxinatuek eragindako edo errepublikanoek eragindako hildakoak diskriminatzeko, eta hildako bakoitzaren fitxan zehaztuta dagoela diziplina historikoaren araberako kalifikazioa.
Kalifikazioa giza eskubideen nazioarteko zuzenbide penalaren araberakoa dela esan du; hau da, bonbardaketan hildakoak, gerra kontseiluen bidez exekutatutakoak, gatibu zeudela hildakoak eta matxinatuek epaiketaz kanpo exekutatutakoak.
Izaera ezberdina
Sailburuak adierazi du bi aldeetako hildakoak ez direla parekatu. Hori arrazoitzeko, esan du errepublikanoen fitxetan, hala badagokio, jasota dagoela nazioarteko zuzenbide penalaren araberako urraketa mota, gizateriaren aurkako krimenaren kategorian. Kontrara, errepublikanoek eragindako hildakoei eta borrokan hildako matxinoei ez zaie inolako kalifikaziorik eman, haien aurkako indarkeria «ez zelako antolatutako plan baten ondorio izan». Hau da, «gatazka armatuan zehar hildako pertsonak direlako».
Guerra Civil en Euskadi txostenak ere —Gerra Zibila Euskadin— batzuen eta besteen arteko bereizketa egiten duela gogorarazi du. Dokumentuak dioenez, izaera edo estatus ezberdina dute; izan ere, demokraziaren aldeko borrokan hil ziren borrokalariei dagokienez nahi «legitimoa» dago erreparazioa eskatzeko, eta hil ziren borrokalari matxinatuei dagokienez, ordea, ez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin loturaren bat duten eta 1936ko gerran hil zirenen zerrenda «ikerketa lan sakon baten emaitza» dela azaldu du San Josek. Gaineratu du Gogora institutuaren zuzendaritza kontseiluko kide guztiak ados zirela zerrenda osatzeko. Kontseilua Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariek osatzen dute, eta baita legebiltzarreko taldeek ere.
Oroibidean lekurik ez, baina gogora-n bai
Nafarroako Gobernuak ere badauka 1936ko gerran hil ziren nafarren zerrenda bat. Oroibidea plataforman kontsultatu daiteke. Zerrenda horretatik baztertu egin zituzten matxinatuen arteko hildakoak, eta Nafarroako Parlamentuak behin baino gehiagotan egin dio uko horiek ere erroldan sartzeko eskariari. Gogora-ren datu basean, baina, jasota daude matxinatuen artean hildako nafarrak.