Eusko Jaurlaritzak ez ditu debekatuko sakelakoak ikastetxeetan

Urtea amaitzerako, ikastetxeek barne araudi bat sortu beharko dute sakelakoaren erabilera erregulatzeko; datorren astean hasiko dira Hezkuntza Sailak eskainitako formakuntzekin.

Hezkuntza Sailak ikastetxeetan telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera arautzeko urratsak eman ditu
Jorge Arevalo eta Begoña Pedrosa, ikastetxeetan sakelakoen erabilera erregulatzeko prentsuaurrekoan, gaur, Donostian. JON URBE/FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko urtarrilaren 18a
15:20
Entzun

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe bakoitzak —bere antolamenduaren eta funtzionamenduaren arabera— neurri pedagogikoak hartu beharko ditu sakelako telefonoen eta erloju adimendunen erabilera erregulatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko urtea amaitzerako bidali zizkien ikastetxeei formakuntzaren jarraibideak, eta datorren astean hasiko dira prestakuntzarekin.

Urtea amaitzerako, ikastetxe bakoitzak sakelakoaren erabilera erregulatzeko barne araudia sortu beharko du; erregulazio horrek zuzenean eragingo die ikastetxe publikoei eta itunpekoei —Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeei eragingo die—. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eman du horren berri. 2024an zehar, neurri pedagogikoak «onartu beharko dituzte» ikastetxe guztiek: «Alde batetik, ikastetxeei jarraibideak bidali dizkiegu, urtea amaitu orduko neurri pedagogikoak har ditzaten. Bestetik, hezkuntza komunitateari formakuntza eskainiko diogu».

Prestakuntza egutegia

Hezkuntza sailburuordeak azaldu du «aspaldi» ikastetxeekin abiatutako digitalizazio plana lantzenari direla oraindik, eta datorren astean hasiko direla «prestakuntza pilulak» eskaintzen hezkuntza komunitateari. Ikastetxe bakoitzak, sakelakoen erabilera erregulatze aldera, kontuan hartu beharko du eskola jardunean sartzen den eskola ordutegi guztia: jolas ordua, jantokia, ikastetxeko garraioa eta jarduera osagarriak.

Teknologiak «ikaskuntza praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko» aukera ematen duela iritzita, Hezkuntza Sailak martxan jarri nahi ditu teknologia digitalek eskaintzen dituzten «baliabide positiboak». Ikastetxeetako arduradunentzat antolatuko dira prestakuntza jarduerak — zuzendaritza, berrikuntza, orientatzaile eta mentore taldeentzat—. Prestakuntzetan teknologiaren eta sakelakoaren erabilerari heldu nahi diote «hainbat esparru eta ikuspegitatik». Hori kontuan hartuta, pornografiaren inguruko «monografikoa» hasiko dira lantzen datorren astean. Gazteen artean pornografiak duen garrantziaz ohartarazteaz gain, gaiak sortu ditzakeen arazoen berri eman nahi dute.

Hezkuntza sailburuordeak berretsi du debekatu egin daitekeela eduki jakin batzuen erabilera edo sarbidea —pornografia aipatu du adibide gisa—, baina, haren hitzetan, «gazteek beti bilatuko dute bide bat» hori saihesteko. «Herritar arduratsuak nahi baditugu, haiek prestatu eta kontzientziatu besterik ezin dugu egin».

Ikastetxeen ardura

Ikasleek sakelakoa eta erloju adimenduna noiz erabili, zer ordutan erabili, zer adinetatik aurrera... hori guztia ikastetxe bakoitzaren erabakia izango da. Hezkuntza Sailak ez ditu sakelakoak debekatuko. «Guk eskainitako erregulazio ereduetan ez dugu debeku hitza erabili». Ikastetxe askok sortua dute sakelako telefonoen erabilera erregulatzeko erregelamendu zehatzeko barne araudia, baina urtea amaitzerako ikastetxe guztiek izan beharko dute barne araudia egina. Horretarako, Pedrosak jakinarazi du Hezkuntza Sailak «laguntza emango diela» gailuen erabilera arautzearen inguruan: «Eskola eremuan sakelakoa erabiltzeko arauak ezartzea ikastetxearen autonomiaren barruan kokatu nahi dugu, zentro bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta». Ikastetxe bakoitzak araudia zehaztean, adostutakoa hezkuntza komunitateari helarazi beharko zaio.

Familien prestakuntza

Ikastetxeetatik kanpo ikasleek igarotzen duten denbora kontuan hartuta, familien prestakuntzan jarriko du arreta Hezkuntza Sailak 2024-2025eko ikasturtean. Pedrosak azpiamarratu du familien zereginak «garrantzia» duela Internet eta gailu mugikorrak modu seguru eta arduratsuan erabiltzeko orduan: «Funtsezkoa da gai honi beste ingurune batzuetatik ere heltzea, hala nola familian edo gizarte arloan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.