Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza sendotu dute

Sanzek eta Lopezek 2009an izenpetutako lankidetza akordioa berritu eta zabaldu dute bi gobernuek. Nafarroako Gobernuak azpimarratu du bi erkidegoen interes komunak gogobeteko dituela

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzakoa, Iruñean, iazko irailean. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek bien arteko lankidetza sendotu nahi dute. 2009an, Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek bi gobernuen arteko elkarlanerako hitzarmen bat izenpetu zuten. Nahiz eta gerora dokumentu hura ezerezean geratu, bi gobernuek oinarri gisa hartu dute ituna zabaltzeko asmoz. Gaur aurkeztuko dute Gasteizen, eta Jaurlaritzaren aldetik, Josu Erkoreka eleduna egongo da. Hala ere, datozen egunetan izenpetuko dute hitzarmena Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Bi autonomia erkidegoen interes komunak gogobetetzen lagunduko du, arrazionaltasunari, sinpletasunari, gardentasunari eta baliabideen ekonomiari dagokienez», aipatu zuen ohar bidez Nafarroako Gobernuak atzo.

Nafarroako Gobernuaren kontseiluak gaur onartuko du ituna, eta litekeena da ondorio politikoak eragitea. Kontuan hartu behar da 1996an, Javier Otano sozialistaren agintaldi laburrean, orduko PSN, CDN eta EAren arteko koalizio gobernuak EAErekin lankidetza sustatzeko organo komun iraunkorra bultzatu zuela. Ekinaldi haren aurrean, UPN haserre bizian jarri zen, eta asaldatuta, hura bertan behera botatzeko presioa handia egin zuen. Parlamentuak organo komuna aurrera atera zuen 1996ko ekainean, baina handik astebetera jakinarazi zen Otanok Suitzan kontuak zituela, eta eskandalu hark betirako irentsi zuen gobernua eta harekin proiektua.

Hain justu, orduan iritsi zen agintera UPN, eta haren agintaldi luzean, mesfidantzaz ikusi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin urrats txikiena egitea. Dena den, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari izendatu zenean, saio bat egin zuen Sanzek. Lankidetza hitzarmena izenpetu zuten bi agintariek 2009ko uztailaren 3an. Itunean, batetik, abiadura handiko trena estrategikotzat jotzen zuten, eta azpiegitura garatzeko helburua zuen; bestetik, euskara sustatu eta ETB lurralde telebista digital bidez emateko konpromisoa jasotzen zuen. Urteen joan-etorrian, paper busti bilakatu zen hitzarmena, ETBren emisioa legezko egiteko ezintasuna azaldu zutelako bi gobernuek, euskararen sustapenean ez zutelako ezer egin, eta, AHTaren kasuan, bakoitzak bere bidetik jo zuelako.

Urkulluk Patxi Lopez ordezkatu zuenean eta Barcinak Miguel Sanz, ez ziren harremanak hobetu. Urkullu 2013ko azaroaren 7an Yolanda Barcinarekin batzartu zen Iruñean, eta «errespetuzko harremanak» zituztela adierazi zuten biek. Haatik, argazkitik harago, bi agintariek ez zuten bestelako urratsik egin.

Bi urte geroago, Urkulluk beste bilera ofizial bat egin zuen Iruñera, baina kasu hartan ez zuen aurrean UPNko agintaririk, Uxue Barkos baizik. Udan, Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k hitzartutako akordioak jaso zuen EAErekin harremanak normalizatzeko beharra. Irailaren 25ean Urkulluk egindako bisita ofizialean arlo sozioekonomikoan, kulturalean eta politikoan harremanak bideratzeko asmoa azaldu zuten. Eta kontzertu ekonomikoaren eta itun ekonomikoaren defentsa koordinatzeko borondatea adierazi.

Harreman sendotze horrek, 1996ko organo komunarekin gertatu zen bezala, ziurrenik Nafarroako eskuinean asaldura eragingo du. Hurreratze horren atzean, inoiz bi erkidegoek bat egiteko aukeraren mamua ikusi nahiko dute. Horren jakitun, atzo Nafarroako Gobernuak mesfidantza oro uxatu nahi izan zuen. Batetik, azpimarratu zuen Aragoi eta Errioxarekin «antzeko akordioak» dituztela. Bestetik, 2009ko uztailaren 3an izenpetu zen lankidetza akordio hura zabaldu eta eguneratu duela gaineratu zuen. Alta, Patxi Lopez eta Miguel Sanzen orduko itun harekin alderatuta, nabarmen zabalduko du elkarlanerako 18 esparru jorratuko dituztelako bi administrazioek.

Ez da esparru bakarra. Barkosek EAErekin eta Akitaniarekin euroeskualdean parte hartzearen alde egin du azken hilabeteetan. UPNren garaian, euroeskualdetik ateratzea erabaki zuen foru erkidegoak eta orain atzera itzuli da. «Oso pauso garrantzitsutzat» jo zen Nafarroaren parte hartzea martxoaren 18an Gasteizen akordioa berretsi zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.