Eusko Jaurlaritzak eta EPk lortu dute aurrekontuak onartzeko aurreakordioa

Gaur emango dituzte zehaztapenak, baina Lander Martinezek aurreratu du ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztuko, «negoziatzen jarraitu ahal izateko»

Pedro Azpiazu eta Lander Martinez, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
2020ko aurrekontuak onartzeko aurreakordioa dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek, Lander Martinez EPren bozeramaileak iragarri duenez. Gaur emango dituzte xehetasun gehiago, eta balorazioa egingo, baina dagoeneko ziurtatu dute ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztuko, «negoziatzen jarraitzeko asmoa» daukatelako.

Lander Martinez eta bere taldea Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin elkartu ziren atzo, Gasteizen. Bilera amaitutakoan, Martinezek esan zuen aurrekontuen aurreakordioak ahalbidetuko duela negoziatzen jarraitzea gizarte zerbitzuen, hezkuntza publikoaren, lanaren eta osasunaren inguruan, eta «Euskadi bi abiaduratan joatea» murriztuko duela.

Bihar amaituko da talde parlamentarioek aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Elkarrekin Podemosek adierazi du tartea dagoela negoziatzen jarraitzeko abenduaren 16ra arte, orduan bozkatuko baitira osoko zuzenketak Eusko Legebiltzarrean. EPk ziurtatu du ez duela osoko zuzenketarik aurkeztuko. «Horrek ahalbidetuko du, konfiantza giro batean, akordio bat lortzea, etorkizuneko krisiaren aurrean familiak babestuko dituena», nabarmendu du Martinezek. Gaineratu du gaurko prentsaurrekoan azalduko dutela ados dauden puntuak zein diren.

Ez du zehaztu zer akordio lortu diren, baina gaiak ordenan landu dituztela esan du: «Berdintasunetik eta klima aldaketatik hasi gara, eta gero hezkuntza publikoaz eta lanaz hitz egin dugu. Azken horretan izan ditugu desberdintasun gehien, baina lortu dugu bideratzea». Beraz, gizarte babeserako neurriez eta diru sarrerak bermatzeko errentaz aritzea geratzen da, baina, Martinezek nabarmendu duenez, horietan ere «oinarri eta ikuspegi ona» dago negoziazioetarako.

Aurrekontuen bozketa hilaren 27an egingo da, eta Martinezek ez du esan aurrekontuak baiezko botoarekin edo abstentzioarekin babestuko dituzten. Gaineratu du hori erabakitzea Elkarrekin Podemosi soilik dagokiola.

Negoziazio giroa aurretik

Eusko Jaurlaritzak ere balorazio positiboa egin du, aurreakordioa lortu dutelako eta «negoziazioan aurrerapen handiak» egon direlako. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak goizean eman zituen arratsaldean gerta zitekeenaren pistak. Esan zuen akordioa «gero eta gertuago» zegoela eta «esperantza» zeukala akordio bat ixteko.

Hirugarren aldiz bildu ziren atzo bi aldeak. Lehenengoan, EPk aurrekontuetan 350 milioi euroko aldaketak egitea proposatu zuen. Bigarren bileran, feminismoaren eta klima larrialdiaren inguruko hurbilketa bat egon zen. Hirugarrenean, berriz, hezkuntza publikoaren eta lanaren inguruan hitz egin dute, eta aurreakordio baten berri ematen dute bileraren amaieran.

Hala eta guztiz ere, koalizio moreko alderdi guztiek ez dituzte babestuko kontuak. Azpiazurekin lehenengoz bildu ondoren, Ezker Anitza-IUk erabaki baitzuen bat ez egitea. Hori ez da eragozpena izango Eusko Jaurlaritzarentzat, nahikoa baitute oposizioko bi kideren abstentzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.