Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu du Espainiako Etxebizitza Legearen kontra

EAJren esanetan, gakoa «eskumenen urraketa» da, ez legearen edukia. EH Bilduk jeltzaleei leporatu die etxebizitzaren auzia arautzearen kontra egotea.

Olatz Garamendi, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Garamendi, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 26a
09:15
Entzun

Espainiako Etxebizitza Legearen inguruko eztabaidan, EAJk adierazi zuen eskumen urraketa bat zekarrela legeak, eta Eusko Jaurlaritzak ere hori berretsi zuen gerora, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko aukera jarriz mahai gainean. Espainiako Gobernuarekin izaniko elkarrizketetan akordiorik erdietsi gabe, atzo aurkeztu zuen helegitea Jaurlaritzak. EH Bilduren ustez, «oso larria» da hartutako erabakia, eta gobernuko bi alderdien arteko talka baten adierazgarri. Jeltzaleek, baina, ukatu egin dute eraginik izatea EAJren eta PSE-EEren arteko harremanetan. Iñigo Iturrate legebiltzarkidearen esanetan, «normaltasun demokratikoaren» barruan ulertu behar da erabakia.

Iturratek adierazi du legea onartu aurretik ere jeltzaleek adierazi zutela Espainiako Etxebizitza Legeak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen zituela, eta gehitu du horregatik egin zutela iaz legearen kontra. Hala, zehaztu du ez diotela legearen edukiari erreparatu, «eskumenen markoarekiko errespetuari» baizik. «Helegitea aurkeztu da gobernuaren zerbitzu juridikoen proposamenez, eta gobernuak gaizki egingo luke ez entzunarena eginez gero», esan du, Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Jeltzaleak ukatu egin du aferak Eusko Jaurlaritzako bi alderdien arteko talka areagotu dezakeela. Izan ere, argudiatu du Eusko Jaurlaritzako Politika Publiko eta Autogobernu Sailak hartutako erabakiak bat egiten duela jeltzaleek eta sozialistek 2020an adostu zuten gobernu akordioarekin, helegitea aurkeztearen oinarria «autogobernuaren defentsa» baita. Era berean, Iturratek zehaztu du ez direla halako jarrera bat erakutsi duten bakarrak, eta gogoratu du, besteak beste, Kataluniako Generalitateak eta parlamentuak ere Espainiako Etxebizitza Legearen kontra egin dutela, arrazoi berdinengatik. Horiek hala, Iturratek uste du denborak arrazoia eman diela.

EH Bilduk, zeinak legearen alde egin zuen, bestelako interpretazio bat egin du. Oihana Etxebarrieta parlamentari eta hauteskunde kanpainako eledunak EAJren jarrera txarretsi du, esanez Eusko Jaurlaritzaren zati batek besteari egindako «zuzenketa» bat dela helegitea, eta «euskal herritarren gehiengoak adierazitakoaren aurka» egiten duela. Izan ere, Etxebarrietak gogoratu du EAJk EAEko Etxebizitza Legearen kontra ere egin zuela Eusko Legebiltzarrean, 2015ean, eta, ondorioz, «gustatzen» ez zaiona dela etxebizitzaren auzia arautzeko legedi bat izatea: «Lehen, esaten ziguten ezin zutela euskal etxebizitza legea garatu, estatuko lege batek emango lukeen segurtasun juridikoa falta zelako; eta, orain, estatuko legeak eskumenak urratzen dituela diote». Horiek hala, Etxebarrietak adierazi du etxebizitzaren inguruko eztabaida kanpainaren erdigunean kokatu beharreko gaietako bat dela, herritarrek erabaki dezaten zer konponbide eman arazo horri: «Aldaketa bat behar da».

PSE-EEren kasuan, Eneko Andueza idazkari nagusiak atzo hitz egin zuen gaiaz, Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan ostean. EAJri leporatu zion PPrekin bat egitea, alderdi popularra agintean den zenbait erkidegotan ere antzeko erabakiak hartu dituztelako. Izan ere, PSE-EEk Espainiako Etxebizitza Legearen balioa nabarmendu izan du, EAEko legedia garatzeko baliagarria delakoan. Hain zuzen, Iñaki Arriola sozialista da egun Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Saileko burua, eta hark legearen aldeko jarrera erakutsi du. 

Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek ere txarretsi dute EAJren jarrera. Elkarrekin Podemosen lehendakarigai Miren Gorrotxategik «putre funtsen eta higiezinen espekulazioaren» aldeko apustua egitea leporatu dio alderdi hari, eta horren «konplizetzat» jo du PSE-EE ere. Gorrotxategik defendatu du «euskal herritar guztientzat lege on bat» dela etxebizitzarena, eta gakoa dela EAJk ez duela mugatu nahi alokairuen prezioa. Sumarrek, aldiz, «etxebizitza eskubidearen aurka» egitea egotzi die jeltzaleei. «Hau da Imanol Pradalesek babesten duen EAJ eredua: autogobernua gehien dutenen onurarako», adierazi du Alba Garcia lehendakarigaiak.

Kontrara, PPren lehendakarigai Javier de Andresek uste du EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk bat egiten dutela Etxebizitza Legearen inguruan, eta eztabaida eskumenen auzira mugatzen dela: «Ados daude jendeak bere pisuak alokatzea zailtzen duen eta etxebizitzak garestitzen dituen lege batekin». Hala, eskumen talkaz haratago, legearen oinarria kritikatu du, eta PP jo egoera iraultzeko alternatibatzat. 

Akordiorik eza

Ohar bidez eman zuen erabakiaren berri Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, atzo: «Estatuak baztertu egin du akordiorako aukera oro, eta Eusko Jaurlaritza errekurtsoa jartzera behartu du, etxebizitzaren arloan eskumenak urratzeagatik». Izan ere, Olatz Garamendik zuzendutako sailak argudiatu du zazpi artikuluk, xedapen iragankor batek, xedapen gehigarri batek eta bi azken xedapenek ez dituztela errespetatzen Jaurlaritzaren eskumenak, ezta EAEko Etxebizitza Legea ere.

Kongresuak iazko apirilean onartu zuen Espainiako Etxebizitza Legea. Espainiako Gobernuak sustatutako lege proiektuaren xedea zen «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea». Horretarako, besteak beste, legeak tentsio handiko eremuak izendatzeko baldintzak ezarri zituen, eta eremu horietan dauden etxebizitzen alokairuaren igoerari gehienezko muga jarri —%3 2024an—. Era berean, legeak zehazten du etxebizitzen jabeek ordaindu beharko dituztela etxe agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrek. Espainiako Gobernuko alderdiek —PSOE eta Unidas Podemos— EH Bilduren eta ERCren babesa izan zuten orduan. Izan ere, legearen inguruko eztabaidan, koalizio subiranistako diputatu Oskar Matutek adierazi zuen «etxebizitzarako eskubidearen aitortzan» urrats bat zela, nahiz eta gehitu zuen «pauso motz bat» zela.

EAJk, berriz, legearen kontra egin zuen, argudiatuta «eskumenetan eginiko inbasio bat» zela. Orduan jada, Aitor Esteban jeltzaleen eledunak hizpidera ekarri zuen helegite bat aurkezteko aukera, baina bi puntu nabarmenduta: batetik, erabakia Eusko Jaurlaritzak hartu behar zuela; bestetik, «zuhurtziaz» jokatu behar zela. Hala, Eusko Jaurlaritzak legearen inguruko «negoziazioa hasteko» eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta hala aritu dira azken hilabeteetan, akordiorik lortu ez duten arren.

EAJ ez da legearen kontra azaldu den bakarra. Kataluniako Generalitateko Estatutuaren Berme Kontseiluak ebatzi zuen erkidego haren eskumenak urratzen zituela legeak; zehazki, zortzi artikuluri eta hiru xedapeni erreparatu zien. Horren berri izanda, Kataluniako Parlamentuak gehiengoz onartu zuen helegite bat aurkeztea, ERCren, JxCren eta CUPen aldeko botoekin. PPk zuzentzen dituen zenbait erkidegotako gobernuek ere ezbaian jarri zuten legea, eta Madrilgo Erkidegoko Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.