Eusko Jaurlaritzak ere Laminorian haize errotak eraikitzearen kontra egin du

Arabako Foru Aldundiak bezala, Eusko Jaurlaritzak uste du zortzi aerosorgailuek kalte «larriak» eta «konponezinak» egingo lituzketela. Parke fotovoltaikoari, baina, baiezkoa eman dio.

Haize errota batzuk, parke eoliko batean. MAURITZ ANTIN / EFE
Haize errota batzuk, parke eoliko batean. MAURITZ ANTIN / EFE
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 14a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aixeindarrek Laminorian egin nahi duen parke eolikoaren eta fotovoltaikoaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenak egin ditu Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, eta ezezkoa eman die zortzi aerosorgailuei, aurreikusi baitute kalte egingo diela hegazti migratzaileen mugimenduei eta Natura 2000 Sareko espazioei. Hala ere, baiezkoa eman dio parke fotovoltaikoari; izan ere, Laminoriako harrobi izandakoak hondatutako lurretan egingo da, eta Eusko Jaurlaritzak uste du ingurumen eragin eta aztarna ekologiko txikiena izango duen alternatiba dela. Arabako Foru Aldundiak azaroan eman zuen gaiaren inguruko iritzia, eta, orain, Eusko Jaurlaritza antzera mintzatu da.

Parke eolikoaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak Aixeindarrek aurkeztutako alternatiba guztiak aztertu ditu, eta ezezkoa eman die denei. Arrazoi asko jarri dituzte mahai gainean ingurumen eraginari buruzko baimena ukatzeko. Lehenik eta behin, uste dute erabilera publikoko mendiei kalte egingo diela. Horrez gain, adierazi dute proiektuak landarediari ere eragingo diola, haize errotak jarri ahal izateko belardi eta landaredi hektarea batzuk moztu beharko liratekeelako. Aldiz, parke fotovoltaikoari dagokionez, ez dute arazo handirik ikusten, eguzki plakek hartuko duten eremuaren %70 jada antropizatuta dagoelako. Aurreikusi dute oinarrizko landare espezie batzuei egingo zaiela kalte.

Arazorik handienak, baina, faunaren kontserbazioan antzeman dituzte. Laminoriako parke eolikoaren inguruan 60 hegazti espezie baino gehiago dago, eta espezie mehatxatuen zerrendan daude horietako bederatzi: galtzeko arriskuan dago miru gorria; espezie arraroen zerrendan daude aztore eurasiarra, arrano txikia, liztorjale eurasiarra eta okil beltza, eta interes bereziko espezieen kategorian sartzen dira gabirai arrunta, erroia, sai arrea eta zata arrunta. Horrez gainera, ohartarazi dute haize errotak egongo liratekeen eremutik hainbat hegazti espezie pasatzen direla, migratzaile izanik ohiko ibilbidea ingurune horretan zehar baitute, eta haientzat ere kaltegarria litzatekeela. Aipatutako hegaztiei ez ezik, zenbait saguzar espezieri ere egingo lieke kalte; hain zuzen, adierazi dute gaueko saguzar txikia izango litzatekeela gehien kaltetutako espeziea.

Aerosorgailuen proiektua atzera botatzeko beste arrazoietako bat da biodibertsitatearentzat funtsezkoak diren hainbat eremutatik gertu leudekeela errotak. Esaterako, errotetako bat Entzia kontserbazio bereziko eremutik 50 metrora legoke, eta antzeko beste eremu batzuetatik kilometro gutxira. Bestalde, azaldu dute loturik dauden beste kontserbazio bereziko eremuen artean eta parke naturalen arteko konexio-bide naturalean dagoela parke eolikoa, eta uste dute Natura 2000 Sareko eremuei ere kalte egingo liekeela.

Azkenik, kontuan hartu dute jada onartuta dauden beste parke eoliko batzuetatik gertu egongo litzatekeela Laminoriakoa, eta, haien ustez, gehikuntza efektua izango luke, eta horrek kaltea baino ez du handitzen hegaztiei eta paisaiari dagokienez. Hori guztia aintzat hartuta, hala ebatzi du Eusko Jaurlaritzak: «Ingurumen-organo honek ondorioztatzen du Laminoriako parke eolikoaren proiektua eraikitzeak eta abian jartzeak sortuko lukeen ingurumen-inpaktuak garrantzi kritikoa, onartezina, izango lukeela arriskuan dauden abifaunan eta kiropteroetan, Natura 2000 Sareko eremuen arteko konektagarritasun ekologikoan eta Batasunaren Intereseko edo Lehentasunezko Intereseko landaredian eta habitatetan».

Horiek hala, «21/2013 Legearen 2. artikuluaren b) apartatua aplikatzea» erabaki du, «bertan adierazten baita ingurumen-ebaluazioko prozedurak zuhurtziaren eta kautelazko ekintzaren printzipioari lotuko zaizkiola, eta adierazten du ingurumen-inpaktuaren adierazpena Laminoriako parke eolikoaren proiektuaren kontrakoa dela».

Eguzki plakak aurrera

Parke fotovoltaikoaren proiektua, baina, ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak, gehienbat jada kaltetutako eremu batean egingo delako. Uste du parke horren jarduera bateragarria dela «inguruneko landarediarekin eta faunarekin»; hala ere, prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk hartzea eskatuko du. 34,37 MWeko potentzia izango du parkeak, eta instalazio guztia Arraia-Maeztu udalerriaren lurretan (Araba) egongo da, Laminoriako harrobiaren esparruan.

Ia 58 hektareako eremu bat hartuko du parkeak, eta eguzki plakek, berriz, 18,2 hektarea. Ingurunea eta nekazaritza jarduera babesteko hainbat neurri hartu beharko ditu parkea eraikitzen duenak. Proiektua egiten hasteko lau urteko epea izango dute gaurtik aurrera, eta aurreikusi dute parkea egiteko zortzi aste beharko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.