Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Kutxabankek euren logoak jarri dituzte Frantziako Tourrerako atera dituzten 60.000 ikurrinetan. Gaur aurkeztu dituzte, eta, irudietan ikus daitekeenez, ikurrinaren behealdean ipini dituzte logotipoak: Euskadi Basque Country, EITB eta Kutxabanken K ikurra. Horiekin batera, lelo bat ageri da: Ongi eTourri. Aurkezpenean azaldu dutenez, gaurtik daude eskura Tourra igaroko den herri eta hiri guztietan, Kutxabanken bulegoetan. EITBk Bilbon, Donostian eta Gasteizen kalean banatuko ditu.
«Ekintza berezitzat» jo dute hiru erakundeetako ordezkariek babesletza. Ezohikoa bada behintzat ikur nazional batean logotipoak ipintzea. Eta, are gehiago, finantza erakunde pribatu baten logotipoa.
Hona hemen, esate baterako, Espainiako 39/1981 Legeak Espainiako banderaren erabileraz zer dioen zortzigarren artikuluan: «Debekatuta dago Espainiako banderan edozein alderdi politiko, sindikatu, elkarte edo erakunde pribaturen ikurrak edo siglak erabiltzea». Bederatzigarren artikuluak gaineratzen du agintariei dagokiela lege horren urraketak zuzentzea.
Luis Manuel Martin eta Ines Monguilot, logotipoak dituzten ikurrinetako batekin. / EITB
AEBetako Legeen Kodeak ere, laugarren artikuluan, debekatu egiten du ikur nazionala hala erabiltzea: «Banderak inoiz ez du izango gainean, ezta zati batean edo itsatsita ere, inongo markarik, intsigniarik, letrarik, hitzik, figurarik, diseinurik, irudirik edo marrazkirik».
Ines Monguilot Kutxabankeko Marketin eta Publizitateko zuzendariak eta Luis Manuel Martin EITBko Promozioko eta Irudi buruek aurkeztu dituzte ikurrinak. «Euskadi ez ezik, Kutxabank ere gure herrialdeko erreferentziako finantza erakunde gisa kokatu nahi dugu», esan du Monguilotek. «Lasterketa eta milaka gonbidatuak Euskadira iritsiko diren honetan, dagokien bezala hartu nahi ditugu, edizio hau bakarra eta errepikaezina izango baita», gaineratu du Martinek.