Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren «inkoherentzia» kritikatu du, eta haren gain jarri negoziazioen zama

Pradalesek koalizioari eskatu dio «bustitzeko», kontrakoak «mesfidantza» eragingo duelakoan. Itxasok «burutaziotzat» jo ditu koalizioaren proposamenak.

Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko abenduaren 4a
11:30
Entzun

EH Bilduko ordezkariek azken egunetan adierazitakoa berretsi du gaur Eusko Jaurlaritzak. 2025erako aurrekontu proiektuaren inguruko negoziazioetan etxebizitzaren egoerari eman beharreko erantzunak urruntzen ditu akordiotik gobernua eta koalizio subiranista. Alde nabarmena dago bi ereduen artean, Imanol Pradales lehendakariak azaldu duenez. Hark eta Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak koalizioaren gain jarri nahi izan dute haustura baten zama. Itxasoren ustez «inkoherentzia handiak» baitaude egindako proposamenetan.

Lehendakariak esan du EH Bildu aurrekontuetan «bustitzen» ez bada mesfidantza nagusituko dela «herri akordio garrantzitsuagoei» heltzeko garaian: «EH Bilduri dagokio erabaki bat hartzea, eta ikusiko dugu noraino bustitzeko gai diren». Zehazki, Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean, argudiatu du EH Bildu negoziazio mahaitik altxatzeak iradokiko liokeela koalizioak «itxurak» egin dituela, ondoren «konfrontazio» jarrera bat hartzeko: «Historikoki egin duen moduan». Eta horrekin batera, berriz leporatu dio Gasteizen ez izatea Madrilen eta Iruñean duen jarrera bera.

EH Bilduk negoziazioei nola heldu dien txarretsi du Pradalesek. Harridura adierazi du koalizioak «gai oso garrantzitsuak» negoziaziotik kanpo utzi dituelakoan: «Ez du euskararen inguruan hitz egin nahi, ez kulturaz, ez industriaz, ez migrazioaz, ez segurtasunez, ez trantsizio energetikoaz. Eta soilik oinarrizko bi gairen inguruan hitz egin nahi du: etxebizitza politikak eta lanbidearteko gutxieneko soldata».

Hain zuzen, etxebizitza politikak dira gakoa, bi aldeek adierazi dutenez. Atzo EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik adierazi zuen «politika publikoa estrukturalki» aldatu ezean zaila izango dela akordio bat lortzea, eta Jaurlaritzari leporatu zion «anbizio gutxiko planteamendu bat» izatea.

Pradalesek ere «oso urrun» ikusten ditu bi aldeen ereduak, eta bi afera kritikatu dizkio EH Bilduri. Batetik, lur publikoa egitasmo pribatuen esku utzi nahi izatea. Bestetik, udal mailako etxebizitza politikak eztabaidatik kanpo uztea.

Itxasok ez die neurri zehatzei erantzun, baina koalizioaren proposamenak definitu ditu. «Neurri oso irudimentsuak» eta «burutazioak» dira, haren esanetan, eta gehitu du «inkoherentzia handiak» dituztela. Haren hitzetan, baina, Eusko Jaurlaritzaren lana etxebizitza politikei koherentzia ematea da: «Eskaintza eta eskaria kudeatu behar ditugu, eta mahai gainean jarritako neurrietan inkoherentzia handiak ikusi ditut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.