Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas, Pasaiako (Gipuzkoa) sarraskian hildakoak, motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak. Haien senideek gaur jakinarazi dute erabakia. Hain zuzen, larunbatean beteko dira 41 urte dozenaka poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide haiek tiroka hil zituztenetik. Senideek adierazi dutenez, etzi prentsaurreko bat egingo dute, lehenbiziko balorazioa egiteko.
Xehetasunak etzi emango dituzte, baina aitortza egiteko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak erabilitako dokumentazioaren zenbait pasarte aurreratu dituzte gaur. Batetik, batzordeak ondorioztatu du bizitzeko eskubidea urratua izan dela: «Poliziak nahita eta askoz lehenagotik planifikatutako ekintza baten ondorioz, eta bizitza kentze hori nahita egindakoa izan zela».
«Autopsiak hortxe daude; lau gazte zuloz josita, eta frogarik ez armak erabili zituztela esateko; kontakizun ofizialak kontraesan garbi-garbiak ditu; lekukotzek eta zeharka bildutako datuek zalantza objektiboak eragiten dituzte; polizia-agintariek behin eta berriz uko egin diote esateari nortzuek agindu edo parte hartu zuten gertakari haietan; etengabe ibili dira nahas-mahasean ea lortzen zuten informazioa berandutzea, oztopatzea eta ezkutatzea; faktore horiek denak ustezko egitateak dira, denak ere azkenean argi eta garbi norabide berean doazenak: polizia operazio omen zena epaiketaz kanpoko exekuzio bilakatzen da», dio pasarteetako batek. Are, nabarmendu dute espedientearekin batera aurkeztutako aditu txostenak erakusten duela badirela zenbait zantzu erakusten dutenak «epaiketaz kanpoko exekuzioa» izan zela; hala nola, balen kopurua, mota eta ibilbidea, eta ikerketarik ez egotea.
Bestalde, post mortem ikerketaren zenbait xehetasun eman dituzte, esanez kasua ez dela «behar bezala» ikertu: «Ez zen aztertu gertakarien lekua, gorpua altxatzea ere eskas eginda dago, ez zen arropa aztertu, eta ez zen egin ez azterketa kriminalistikorik ez balistikorik». Beste pasarteetako batek dio justizia administrazioan ez zela egon «ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik». «Inork inolako ikerketa eginbiderik proposatzen bazuen agenteak identifikatzeko edo 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen argitzeko, fiskaltzak, ia-ia beti, aurka egin du», gehitu dute.
Gainera, Balorazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gomendatu die aitortza eskaera egin diezaietela Espainiako Estatuko erakundeei, «aztertutako egitateetan haien segurtasun kidegoek eta indarrek izandako erantzukizuna kontuan hartuta».
41 urte
1984ko martxoaren 21ean, Rosa Jimeno kidearen deia jaso zuen Aizpuruk, hurrengo gauean Pasaiako badian hitzordu bat ixteko. Jimeno, baina, Espainiako Poliziak atxilotu zuen egun batzuk lehenago, eta torturatu ostean behartu zuten dei hori egitera. Hala, Aizpuru, Isart, Izura, Delas eta Joseba Merino Pasaiako badiara txalupaz iritsi zirenean, polizia andana zuten zain; 2004an, haietako batek auzitegietan aitortu zuen ehundik gora zirela. Tiroka hartu zituzten, eta Merino atxilotu zuten; gainerakoak han hil zituzten.
Familiek Merinoren eta Jimenoren testigantzen bidez izan dute jazotakoaren berri, eta sarraskiaren nondik norakoak azaltzen ditu Francisco Etxeberria auzitegi medikuak egindako autopsien txostenak ere: lau gorpuetan 113 bala zulo topatu zituzten.
Halere, auzitegietan ez dute erantzunik topatu. Iaz egindako agerraldi batean, salatu zuten urteak egin dituztela justizia lortu nahian, baina ez dela benetako borondaterik izan zer gertatu zen argitzeko, nahiz eta Donostiako Instrukzio Epaitegiak frogatutzat jo zuen hilketa bat izan zela, eta ez tiroketa bat. Hori dio bertsio ofizialak.
Hain zuzen, 2017an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean artxibatu zuen auzia. Gero, familien ahaleginari esker, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriro ireki zuen auzia, baina ez zen urrats esanguratsurik iritsi. Nabarmenenetako bat: 2023an, segadan parte hartu zuen polizia bat identifikatzeko saioa egin zuen Merinok, baina hutsala izan zen.
Halere, ez diote uko egin auzitegietan bidea egiteari. Hildako lau kideen anaia banak, Peio Aizpuruk, David Isartek, Francisko Javier Izurak eta Karlos Delasek, parte hartu dute estatu indarkeriaren hemezortzi biktimak Jose Barrionuevo Barne ministro ohiaren kontra aurkeztuko duten kereilan. Hain zuzen, Barrionuevori egozten diote ZEN Planaren barruan egin ziren giza eskubideen urraketa larrien erantzule izatea, oinarri nagusitzat hartuta Ipar Euskal Herrian ziren errefuxiatuen kontra egindako delituak. Hain zuzen, Aizpuru, Isart, Izura eta Delas Ipar Euskal Herrira ihes eginak ziren.
Egia instituzionala eskuratzeko bidea ere ez dute erraza izan. Eusko Jaurlaritzak auziaren inguruko txosten bat egiteko eskatu zion EHUko Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrari, baina osatu eta hiru urtera izan zuten haren berri senideek. «Hiru urtean tiradera batean gorderik eduki du Jaurlaritzak. Hori oso mingarria izan da guretzat», esan zuten orduan. Izan ere, txosten hark zalantzan jartzen du bertsio ofiziala, «epaiketarik gabeko exekuziotzat» jotzen du gertatutakoa, eta zehazten du Poliziak ahaleginak egin zituztela auzibidea «atzeratu eta oztopatzeko».
Ekitaldiak larunbatean
Larunbatean, sarraskiaren 41. urteurrenean, ekitaldi sorta bat egingo dute Azpeitian. Pasaia Argitu plataformak deituta, gertaerak argitzeko exijitzeko eta lau biktimen gurasoak omentzeko ekitaldia egingo dute, Azoka Plazan, 19:00etan. Hain zuzen, azaroan hil zen Maria Pilar Arbelaitz, Dionisio Aizpururen ama, eta, haren heriotzarekin, sarraskiko lau biktimen guraso guztiak hilik dira. «Bizi izan ziren bitartean ez zuten ez justiziarik, ez errekonozimendurik izan», salatu zuen aurreko astean plataformak.
Goizean, berriz, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, mahai inguru bat —Errepresioaren aurpegi ezberdinak aztergai— eta ekitaldi politiko bat egingo dituzte.