Eusko Jaurlaritzak Berangoko Udalari laguntza eskaini dio, herrian bizi diren etxegabeak artatzeko

Biltzen zerbitzuaren bidez pertsona bakoitzaren egoera zein den aztertuko dute, eta horren arabera egoerari zein erantzun emanen dioten erabaki.

Berango eta Getxo arteko oihan batean hainbat etxegabe bizi dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Berango eta Getxo arteko oihan batean hainbat etxegabe bizi dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 19a
13:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak adierazi berri du Berangon (Bizkaia) bizi diren etxegabeak artatzen lagunduko diola herriko udalari. Zehazki, datorren astelehenetik aurrera pertsona horietako bakoitzaren egoera aztertuko dute, eta, horren arabera, egoerari zer erantzun emanen dioten erabaki. Halere, Jaurlaritzak zehaztu du azken pausoa, erantzuna ematea, Uribe Kostako mankomunitateari dagokiola. 

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria gaur bildu da Itziar Aginagalde Berangoko alkatearekin, eta Javier Perez Biltzen Integraziorako eta Kulturarteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuko zuzendariarekin. Bertan zera zehaztu dute, etxerik gabe dauden gazte horietako bakoitzari «erantzun indibidualizatua» ematen ahaleginduko direla. Biltzen integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuaren bidez egingo dute.

«Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiekin, udalekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan eta koordinatuta, etxegabetasuna eta bizitegi bazterketa prebenitzen eta horiei aurre egiten dihardu dagoeneko», erran du Legarretak. Gehitu du egoerari ezin zaiola «migrazioaren ikuspegitik» erantzun, «etxegabetasunaren ikuspegitik» baizik. «Bazterkeria egoeran dauden pertsonak dira, etxegabetasun egoeran daudenak, eta banakako arreta eman behar zaie», borobildu du. 

Alde horretatik, erran du Biltzen zerbitzuak arabieraz eta frantsesez emanen duela laguntza, pertsona horien eta herriko agintarien arteko komunikazioa errazagoa izan dadin. Gainera, pertsona horiei azalduko diete zer egoeratan dagoen administrazioa, zer dokumentazio behar duten, eta orientazioa ere emanen diete. Horrekin guztiarekin egoeraren diagnostiko bat eginen du Jaurlaritzak, eta eman beharreko erantzuna zein den zehaztu.

Mankomunitatearen lana

Legarretak aurreratu du Uribe Kostako mankomunitatea —Barrika, Berango, Gorliz, Plentzia, Sopela, Lemoiz eta Urduliz udalerriak— dela erantzun hori eman behar duena, hari baitagokio etxerik gabeko pertsonak artatzea. Hortaz, mankomunitatea gonbidatu dute «etxerik gabeko pertsonen bi urtez behingo zenbaketarekin bat egitera, pertsona horiei arreta emateko baliabide deszentralizatuak sortzeko lan prozesuekin bat egitera, gizarte zerbitzuen maparen arabera, haiek duten gaitasuna handituz», eta baita «familia laguntzarako sarerik ez duten gazte migratzaileen edo ez migratzaileen profilari zuzendutako erantzun berriak bideratzera» ere. 

Ez da lehenbiziko aldia mankomunitatearen ardura aipatzen dutena. Izan ere, horixe bera adierazi zuen atzo Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Baieztatu zuen ez dagoela adingaberik pertsona horien artean, eta, beraz, afera «ez dagokiola» aldundiari. 

Berango eta Getxo (Bizkaia) arteko oihan batean bizi dira pertsona horiek, kanpin denda batzuetan. Hainbat hedabidetan zabaldutako informazioaren arabera, horietako batzuk inguruko kanpinetara lekualdatu dituzte, Getxoko San Nikolas Zabalik elkartearen laguntzarekin. Halere, ez dute leku gehiagorik, eta ez dakite nola egin aurre egoerari. Ildo horretatik, Legarretak erran du mankomunitateak ez duela «kontingentzia hori aurreikusi»: «Ez da prestatu zuzenean edo beste udal batzuekin edo hirugarren sektore sozialarekin egindako akordioen bidez erantzuteko». Eta horregatik lagunduko diete Biltzen zerbitzuaren bidez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.