AHT

Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio ETSri Arkautiko lotunearen akordioa sinatzeko Madrilekin

'Euskal y'-aren bigarren lotunea eraikiko dute akordioari esker. Eusko Jaurlaritza arduratuko da eraikuntza prozesuaz, Espainiako Gobernuaren diruarekin.

Gasteizko tren geltokia. L. RICO / EFE
Gasteizko tren geltokiaren artxiboko irudia. L. RICO / EFE
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 26a
12:20
Entzun

Iragarrita bazegoen ere, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarrirako Sailak Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren baimena behar zuen Madrilekin Arkautiko lotunearen (Araba) eraikuntzari buruzko akordioa sinatzeko. Bada, gaur jaso du baimena Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak akordio hori sinatzeko. Hala, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du Arkautiko loturaren eraikuntza prozesu guztia, eta 146 milioi euro pasatxo emango dizkio horretarako.

Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Garcia Chueca sailburuak iragarri duenaren arabera, sinaduraren ostean administrazio prozesua amaitu eta lehiaketa fasea hasiko du ETS Euskal Trenbide Sareak. Espainiako Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioak eta ADIFek —Espainiako Trenbide Azpiegituren Administrariak— proiektua onartu beharko dute, eta hilez hil ordainduko diote ETSri. Ordainketa zuzenak izango dira; hau da, ez da kupoaren bidez ordainduko. Azpiegitura egin ostean, ADIF izango da plataforma lanak amaitzeaz eta gainegitura lanak egiteaz arduratuko dena; aurreikusi dute lan horiek ia 35 milioi euroko kostua izango dutela.

Jarraipenerako bi batzorde sortuko dituzte: teknikoa, hiru hilabetean behin elkartuko dena, eta bestea, erakundeetako arduradunena, urtean behin elkartuko da gutxienez. Bakoitzak ADIFeko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari bina izango ditu.

Garcia Chuecak adierazi du Eusko Jaurlaritza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan AHTko lanetan egongo dela, eta hori «albiste ona» dela gehitu du. Sailburuak ez du eperik eman nahi izan, baina esan du Espainiako Gobernuarekin «datozen asteetan» sinatuko dutela hitzarmena, eta horren ostean ETSri emango diotela proiektua abiatzeko enkargua. Garcia Chuecak iragarri du ETSk 2025 urteko «lehen hilabeteetan» abiatuko duela prozesu guztia, behin erakundeek hitzarmena sinatuta eta ETSk lanak egiteko enkargua jasota.

Nafarroako loturaren zain

Espainiako Gobernuak 146 milioi euro baino gehiago emango dizkio Eusko Jaurlaritzari proiektua ordaintzeko; zatirik handiena, 130 milioi euro, lanak ordaintzeko izango da; hamahiru milioi euro obren zuzendaritza fakultatiborako izango dira, eta 3,25 milioi eurorekin eraikuntza proiektuaren idazkia ordainduko da. Euskal y-ko bigarren lotunea izango da, Bergarakoaren ostean (Gipuzkoa); hori ADIF ari da eraikitzen.

Arkautiko loturarekin, Gasteiztik abiatzen diren trenak gainontzeko Hego Euskal Herriko hiriburuetara bideratuko dira, 10,7 kilometroko tarte batean. Hala ere, proiektua ez da oraindik guztiz itxia izango, oraindik erabaki gabe baitago nondik egingo den Nafarroako AHTaren eta euskal y-aren arteko lotura: Sakanatik edo Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa).

Asko luzatzen ari da bi sare horien lotunearen gaineko erabakia; administrazio batzuk bataren alde daude, eta besteak bestearen alde. Ezkio-Itsasokoa garestiagoa izango da, eta Aralarren hogei kilometrotik gorako tunela egitea ekarriko du. Alternatiba horren aldekoek diote laburtu egingo direla bidaiak.

Erabaki horrek Arkautiko lotunearen proiektua baldintzatuko du; izan ere, Sakanako aukera gailentzen bada, trenak iparraldera (Bilbora eta Donostiara) bidali beharko dira, baina baita ekialdera (Iruñera) ere. Ezkio-Itsasoko alternatibarekin, iparraldera bidali beharko dira soilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.