Eusko Jaurlaritzak baieztatu du La Pau enpresak uko egin nahi diela Osakidetzarekin dituen kontratuei

Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak jakinarazi du Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzeko beste enpresa bat kontratatu nahi dutela azaroaren 30erako. Onartu du gobernua ez dagoela «eroso» egungo zerbitzuarekin.

Anbulantzia bat Lantziegon (Araba). RAQUEL MANZANARES / EFE
Anbulantzia bat Lantziegon (Araba). RAQUEL MANZANARES / EFE
edurne begiristain
2024ko urriaren 21a
14:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz onartu du Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzen dituen La Pau enpresak Osakidetzarekin dituen kontratuei uko egin nahi diela. Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak baieztatu du Kataluniako enpresak ez duela kontratuarekin jarraitzeko intentziorik, eta horren berri eman diola gobernuari azken bileretan. Horiek horrela, anbulantziak kudeatzeko beste enpresa bat kontratatzeko prozedura abiatuko du Jaurlaritzak; azaroaren 30erako nahi du beste kontratu hori adjudikatzea.

EH Bilduk eskatuta, agerraldia egin du Bilbaok Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta onartu du Jaurlaritza ez dagoela «eroso» La Pau enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantzietan eskaintzen duen zerbitzuarekin. Enpresa horren inguruko polemika bizi-bizirik izan da azken hilabeteetan, eta irailean hainbat hedabidek zabaldu zuten haren asmoa zela Osakidetzarekin dituen kontratuei uko egitea. Ordea, hori gezurtatu zuen enpresak.

Gaur, aldiz, Bilbaok aitortu du uztail hondarretik hona anbulantzien zerbitzuaren egoerak «okerrera» egin duela, eta arazoak izan dituztela langileei nomina batzuk ordaintzeko, enpresaren egoera ekonomikoa ez delako ona. Gainera, onartu du anbulantziek gabezia franko izan dituztela azkenaldian, zerbitzu jakin batzuk eman gabe utzi dituztelako edo behar ziren baldintzetan ez dituztelako eskaini, eta Jaurlaritza egoerarekin «kezkatuta» dagoela.

Sailburuordeak anbulantzien kontratua adjudikatzeko erabilitako prozeduraren legezkotasuna defendatu du, baina aitortu du ez daudela «gustura» osasun zerbitzuan eta barne funtzionamenduan izaten ari diren arazoekin. Bihar bilduko dira Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa eta La Pau, eta enpresak zirt edo zart egitea nahi du Jaurlaritzak: «Nahi dugu enpresak argi eta garbi esatea zerbitzua eman ahal izateko baldintza guztiak bete ahal dituen, besteak beste, langileen lan baldintzak errespetatzeari edo betetzeari dagokionez». Eta ohartarazi du enpresari eskatuko diotela argitzeko «Euskaditik alde egin nahi ote duen» eta adjudikatutako zerbitzuak emateari utziko ote dion.

«Nahi dugu enpresak argi eta garbi esatea zerbitzua eman ahal izateko baldintza guztiak bete ahal dituen, besteak beste, langileen lan baldintzak errespetatzeari eta betetzeari dagokionez»

LOREA BILBAOJaurlaritzako Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordea

Hala, jakinarazi du «ezusterik ezean» aurrerantzean beste enpresa batek eman beharko duela zerbitzu hori. Eta adierazi du hurrengo lizitazioei begira, gainera, enpresei neurri «zorrotzagoak» exijituko dizkietela.

Bestalde, aurreratu du 2026rako Gipuzkoako Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzien zerbitzua publiko bihurtzeko asmoa dutela. Gaur egun, enpresa pribatu batek ematen du zerbitzu hori Gipuzkoan.

Arazo eta salaketa andana

La Pau Kataluniako enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantziak kudeatzen ditu 2020tik, bai larrialdietakoak, bai programatutakoak, eta urte hauetan guztietan makina bat gatazka izan ditu. Langileen lan baldintza kaskarrekin eta osasun zerbitzu desegokiarekin zerikusia duten salaketak pilatu zaizkio enpresari: atzerapenak nominen ordainketan, langile nahikorik ez izatea, anbulantzietan material eskasa egotea... Sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra, «hutsegite oso larriak» argudiatuta, eta nahiz eta Lan Ikuskaritzak behin baino gehiagotan zigortu izan duen, Jaurlaritzak ez du kontraturik eten. Are, salaketa eta isunak gorabehera, berriro esleitu zion enpresari anbulantzien kontratua. Larrialdietako kontratua 147 milioi eurotan adjudikatu zion, eta programatutakoa, 135 milioitan.

Aurtengo ekainean, UGT sindikatuak La Pauren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan. Hutsegite «oso larriak» argudiatu zituen; besteak beste, atzerapenak nominen ordainketan. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren mendeko erakundeak partzialki onartu zuen errekurtsoa, eta lizitazioa bertan behera utzi zuen. Hala ere, enpresak neurri zuzentzaile batzuk aurkeztu zituen, eta Jaurlaritzak haren zerbitzua kontratatzea erabaki zuen. Erabaki haren aurkako errekurtsoak aurkeztu zituzten UGT eta USO sindikatuek, Jaurlaritzari eskatuz enpresarekin sinatutako milioika euroko kontratua eteteko. Errekurtsoak, baina, atzera bota zituzten pasa den astean.

Jaurlaritza, «erantzule»

Gaurko batzordean, EH Bilduk Osasun Saila egin du osasun garraioaren egoeraren erantzule, eta dagokion ardura bere gain hartzeko eskatu dio: «Osasun garraio programatuan eta larrialdietan kalitatezko zerbitzua bermatzeko ardura Osasun Sailarena da, eta, horretarako, bitartekoak eta langileen lan baldintza egokiak ziurtatu behar ditu».

Bide horretan, Rebeka Ubera legebiltzarkideak esan du premiazkoa dela egungo egoera bideratzea, eta, hala, osasun garraio osoa publifikatzeko urratsak egiten hasteko eskatu dio Jaurlaritzari, Nafarroako ereduari jarraikiz. Uberaren ustez, pazientea «erdigunean» jartzeak bide emango lioke itxaronaldiak murrizteari, pazientearen segurtasun klinikoa lehenesteari, langileen prestakuntzari garrantzia emateari eta haien lan baldintzak bermatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.