Espainiako Garraio Ministerioak aurreko astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren esku utzi duela abiadura handiko trenaren Bilboko sarrerako tunelaren obra. Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera egin du gaur, eta onartu egin du Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) adostutako ituna. Hala, Jaurlaritzaren esku egongo da Bilboko tren lasterreko sarrerako eraikuntza proiektua idaztea, eta zati bereko lanak egitea eta zuzentzea.
Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburuak «oso albiste ontzat» jo du itun hori, «beste bultzada» bat emango dielako tren lasterra egiteko obrei. Arriolak gogoratu du Jaurlaritzak Euskal Y-aren beste hainbat lan egin dituela, nagusiki Gipuzkoako zatian. Gogoratu du lan gehienak amaituta daudela zati horretan —Bergara eta Donostia artean—, eta Hernani eta Astigarraga artekoa bakarrik falta dela, eta Donostiako geltoki berria. Bi obra horiek 2024an eta 2025ean amaituko dira hurrenez hurren, Arriolak esan duenez.
Orain, Basauri eta Abantoko geltokira arteko tren zatiaren proiektua idatzi eta gauzatu beharko du Jaurlaritzak. 6,2 kilometroko tunel bat da, jadanik bukatuta dagoen Galdakao-Basauri zatia eta Bizkaiko hiriburuko geltokia lotuko dituena. AHTaren geltoki berria egungoaren azpian eraiki nahi dute, baina hori ez da sartzen proiektu honetan. Geltokia diseinatzeko lana Idom ingeniaritza egiten ari da.
Arriolak uste du pausoz pauso joango direla. Hala, lehenik eta behin, Adifekin akordioa formalizatu, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) lehiaketara aterako du eraikuntza proiektua. Hori heldu den urteko lehen hilabeetan egitea espero dutela esan du Garraio sailburuak. Bi urte beharko dira proiektua idazteko. Hortaz, Jaurlaritzak espero du 2026. urtearen erdialdean eta amaieran hasi ahal izatea obrak. Bitarte horretan, 2027rako, Euskal Y-a jar dezaketela uste du Arriolak, prest egongo delako horretarako Basaurin eraikiko duten behin-behineko geltokia. Gasteizko geltokia ere behin-behinekoa litzateke, 2027rako ez baitago aurreikusita amaituta egotea hiriko sarrerako zatia eta geltoki berria.
Basauri eta Bilbo arteko zatiaren aurrekontua 280 milioi euro da. Horietako 226,5 milioi plataformako obrak egiteko izango dira, eta 5 milioi, berriz, proiektuak idazteko. Gainerakoa —53,5 milioi euro— gainegitura, elektrifikazioa eta segurtasuneko instalazioak egiteko erabiliko da, baina lan horiek Adifek egingo ditu.