2023tik 2027ra arte iraungo duen adikzioen plana aurkeztu du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Adikzioa eragiten duten jokabideen eta substantzien kontsumoaren aurka lurralde «osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa» lortzea izango da planaren helburu nagusia. Horretarako, hogei jarduera ildo eta lehentasunezko 58 ekintza zehazten ditu planak.
Jaurlaritzak adikzioen alorrean egindako zortzigarren plana izango da, eta bide «luze eta oparo» hori goraipatu du Sagarduik: «Adikzioak dituztenei eta horien familiakoei laguntzen ibilbide luze eta oparoa egin du Jaurlaritzak. Plan berria horren jarraipena eta, era berean, aurrerapausoa izango da». Berritasun gisa adin tartei garrantzia berezia eman dietela aipatu du sailburuak: adinaren arabera adikzioak ezberdinak direla esan du eta kasu bakoitzean lanketa egiteko modua ere horren araberakoa izan behar duela. Genero ikuspegia ere txertatu dute plan berrian.
Plana indarrean dagoen bitartean lortu nahi dituzten zenbait helburu zehaztu ditu: besteak beste, adikzioa eragiten duten kontsumoen eta jarreren hasiera eragoztea edo atzeratzea; eragiten dituzten desberdintasunak murriztea; edota adikzioei lotutako estigmak gutxitzea. Horretarako, beste hainbat helburu «instrumental» txertatu dituzte planean, horien araberako jarduera ildoak garatzeko. Helburu instrumental horien artean daude, esaterako, portaera osasungarriak sustatzen dituzten inguruneak sortzea, gizarteratzeko laguntza zerbitzuak hobetzea edo adikzioen arloko ezagutzak garatzea zein hedatzea.
Adikzio gisa hartzen ez direnak
Aurtengo udazkenean adikzioen inguruko inkesta egiteko asmoa dutela jakinarazi du sailburuak. Lau urtean behin egiten dute, eta adikzioen inguruko «argazki zehatza» lortzeko balio duela adierazi du Sagarduik. Halere, eman ditu adikzioa eragiten duten substantzien kontsumo datu batzuk: tabakoa eta alkohola dira oraindik gehien kontsumitzen diren substantziak, baina zertxobait behera egin dutela esan du. Zigarreta elektronikoen erabiltzaileak, ostera, gero eta gehiago direla jakinarazi du, baita kalamuaren kontsumitzaileak ere. Gainera, azken hori gazteen artean «normalizatuta» dagoela ohartarazi du. Legez kanpoko drogen kontsumoak ere «pixka bat gora» egin duela adierazi du.
Psikofarmakoak ere gero eta gehiago kontsumitzen dira, eta Sagarduik azaldu du batez ere emakumeen eta nerabeen artean igo dela kontsumoa. Gainera, ohartarazi du gizarteak askotan ez duela adikziotzat hartzen. Berdin gertatzen da teknologiarekiko menpekotasunarekin. Substantzien kontsumoaz gain, Jaurlaritzaren planean, adikzio gisa definitzen dituzte menpekotasuna eragin dezaketen jokabideak. Horien artean dago teknologiarekiko dependentzia: bideojokoak, Internet eta sakelakoak aipatu ditu sailburuak. Apustuak ere jokabide horien artean sartu dituzte, eta erabilera gora egiten ari dela adierazi du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle guztien %2,5ek jokatzen dutela jakinarazi du Sagarduik, eta gero eta gehiago direla online apustu egiten dutenak.