Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du «foro sozial iraunkor bat» sortuko duela, etxebizitza politika berriak sustatzeko eta bereziki gazteei eragiten dien arazo bati «herri gisa» erantzuna emateko. Etxebizitzaren aldeko itun sozialaren parte diren eragileek agerraldia egin dute gaur goizean lehendakaritzan, eta bertan eman du foroaren berri Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak. Are, legegintzaldi honetarako dituzten helburuetako batzuk zehaztu ditu. Besteak beste, esan du hurrengo lau urteetan 7.000 etxebizitza babestu berri sortu nahi dituztela.
«Foro sozial iraunkorra elkarlanerako plataforma bat» izango dela azaldu du Itxasok, eta horretan «inplikatutako eragile guztiak» bilduko dituela, hala nola gazteak, erakundeak, gizarte organizazioak eta finantzen mundua. Haien helburua izango da «bizitzeko leku bat izateko pertsona guztiek duten eskubidea» bermatzea. Lankidetza «publiko-pribatuaren» alde egin du Itxasok, «gobernu berriak etxebizitzarako eskubidearekin hartu duen konpromisoa» indartuz.
Sortu nahi dituzten 7.000 etxebizitzetatik erdia gazteentzat izango dira. Horrez gain, funts bat sortu eta zuzkitu nahi dute, merkatuan etxebizitzak erosteko eta alokairu babestura bideratzeko. Etxebizitza plan bereziak garatu nahi dituzte tentsio handiko eremuetarako, eta aldundiekin batera fiskalitatearen arloko jarduera lerroak ezartzeko asmoa dute, «etxebizitza babestua merkatuan jartzea sustatzeko eta herritarrek etxebizitza horiek eskuratzeko erraztasun handiagoa izateko». Finantza eta eraikuntza sektoreekin ere bilduko direla iragarri du sailburuak, «gaur egungo etxebizitza eskaintza igotzeko formulak aztertzeko».
Legegintzaldiaren asmoak zehazteaz gain, itunean ezarritako helburuak berretsi ditu Itxasok: hurrengo hamabi urteetan alokairu eskuragarriko etxebizitzen kopurua bikoiztu nahi dute, eta etxebizitza babestuen parkea %50 baino gehiago handitu, 116.000 etxebizitzetara iritsi arte.
Imanol Pradales lehendakaria ere agerraldian izan da, eta adierazi du etxebizitzaren erronkari «belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegitik» heldu behar zaiola. Haren ustez, etxebizitza eskuratu ahal izatea «herri erronka bat» da, eta horrela ari dira auzia lantzen. Gaur egun, gazteek «urruti» ikusten dute emantzipatzeko aukera, eta horrela ezin dute «bizi proiektu bat» eraiki: «Horrek eragin zuzena du euren erabakietan eta etorkizunerako euren asmoetan; hori ezin dugu onartu».
Ia 900 milioi euro
Itun sozialaren jarraipenerako txostenaren emaitzak eman dituzte gaurko ekitaldian. Mario Ioldi Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren zuzendariak jakinarazi duenez, oro har ia 900 milioi eurokoa da Etxebizitza Sailaren eta bere sozietate publikoen inbertsioa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %1a da hori; ehunekoa %1,5era eraman nahi dute hurrengo hamabi urteetan.
2024ra arte, alokairu eskuragarriko 1.000 etxebizitza eraikitzeko 37 milioi euroko laguntza eman dute. Bestalde, esan dute Gaztelagun programak 7.288 onuradun dituela. Tentsio handiko eremuei dagokienez, txostenean ondorioztatu dute 43 udalerrik betetzen dituztela baldintzak alokairu prezioen igoerari muga jarri ahal izateko.
Datuak ikusita, hurrengo urteetarako lehentasun batzuk ezarri ditu txostenak. Besteak beste, zerga erreforman eragin nahi dute, gazteek etxebizitza eskuratzeko erraztasunak izateko neurriak indartu nahi dituzte, eta udalek etxebizitza politiketan gehiago parte hartzea nahi dute.