Sailez sail ari dira Eusko Jaurlaritzak 2025erako aurrekontuak azaltzen Eusko Legebiltzarrean, eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren txanda izan da gaur. «Ezagutza aurreratuaren sorkuntzan, transmisioan eta transferentzian eta hedapenean jauzi kualitatiboa sustatzeko aurrekontu bat da», nabarmendu du Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak. Bide horretan, unibertsitate publikoaren lana ezinbestekoa iruditzen zaio, eta, horregatik, «apustua» egin dute «finantza nahikotasuna» ziurtatzeko: orotara, 401 milioi euro pasatxo jasoko ditu. Horietatik 317 milioi ohiko ekarpenari dagozkio, iaz baino %5,2 gehiago: «Azken hamarkadetan izandako igoerarik garrantzitsuena da, bai kopuru absolutuetan, bai ehunekoetan». Gainera, beketarako zenbatekoa ere %6 handitu dute. «Gobernuaren konpromisoetako bat da».
Ikusi gehiago
Diru sail handienetarikoa unibertsitate publikoarentzat izango da, beraz. Ordea, goi mailako hezkuntzako beste hainbat sektoretan ere egingo dituzte inbertsioak: guztira, ia 471 milioi bideratuko dituzte unibertsitateetara eta goi mailako beste zentro batzuetara, Musikenera-eta; ia 136 milioi euro, ikerketara eta berrikuntzara; eta sei milioi inguru beste helburu batzuetarako erabiliko dituzte. Beraz, orotara, sailak 612.750.000 euroko aurrekontua izango du, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak 2024an izan duena baino %8,8 handiagoa. Horren garrantzia nabarmendu du Perez Iglesiasek: «Euskal gizartearen oparotasuna, kohesioa eta kalitate demokratikoa areagotzen nabarmen laguntzeko asmoz egindako aurrekontua da».
«Ezagutza aurreratuaren sorkuntzan, transmisioan eta transferentzian eta hedapenean jauzi kualitatiboa sustatzeko aurrekontu bat da»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASEusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburua
Ikerketari eta berrikuntzari dagokienez, sailburuak adierazi du ez direla konformatzen «aurrerapen gradualekin»; aurkikuntza «apurtzaileak» egin nahi dituzte. Zenbait egitasmo bultzatu asmo ditu sailak, eta, horietarako, %10,3 handituko dute finantzaketa; ia 55 milioikoa izango da. Horren barruan sartuta daude hamahiru milioi euro inguru BERC Basque Excellence Research Centreentzat; hamabi milioi, Ikerketa Kooperatiboko Zentroentzat; zazpi milioi, Ikerbasquek koordinatutako «proiektu estrategikoentzat»; eta bederatzi unibertsitateko ikerketa proiektuentzat eta berrikuntza proiektuentzat.
Bereziki ikertzaileei begiratu die Perez Iglesiasek; horien karrera bultzatzeko eta hobetzeko programetara bideratutako zenbatekoa %12,1 handiagoa izango da. Gainera, doktoretza egin aurreko eta ondoko laguntza programen zenbatekoa %6,2 handiagoa izango da.
Gai bati erreparatu dio bereziki: ikertzaileen ongizate psikologikoari. Legealdiko asmoen berri emateko Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian ere esan zuen, eta gaur berretsi du badagoela zer hobetua ikertzaile horien ongizate psikologikoan. Lehenengo azterketa bat egin beharra dagoela uste du, gaur egungo egoera zein den ikusi: «Zein da arazoaren tamaina? Ikerketa zentroetara bisitak egiten ari gara, eta eduki dugu arazo hauen berri. Eman dizkigute ideiak, baina hau guztia ondo aztertu behar dugu, ikusteko zer arazo dauden eta zein izan daitekeen kasu bakoitzean neurririk egokiena».
Langileei erreparatzearekin batera, azpiegituretan ere eragin nahi dute: ikerketarako eta berrikuntzarako azpiegituren finantzaketa %24 handitu dute.
Berrikuntza Funtsa
Beren-beregi sailarentzat den diru funtsa ez ezik, Berrikuntza Funtsa ere —hainbat sailen artean banatuta egoten da dirua— Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak kudeatuko du; 76 milioi euro izango dituzte. «Funts horrek, sail batzuen ekarpen gehigarriarekin, laguntza deialdi bateratuak —hainbat sailen artekoak— egiteko balioko digu, berrikuntza itsasargien esparruan gizartean eragina izateko helburu esplizitua duten ikerketak egiteko eta ekimenak gauzatzeko, hain zuzen».