Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera izan du gaur, eta 3.949 lanpostuko LEP lan eskaintza publiko bat onartu du. Lanpostu gehienak Osakidetzan eta Hezkuntzan eskainiko dituzte, eta 2025etik eta 2027ra bitartean egingo dituzte deialdi publikoak. Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren helburua «enplegu publiko egonkorra» sustatzea da, «kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen segitzeko».
Ubarretxenak zehaztu du 1.896 lanpostu eskainiko dituztela Osakidetzan, 1.046 Hezkuntzan, 420 administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan, eta 525 Ertzaintzan. Gainerakoak Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartean, Euskalmeten, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Visesa alokairu publikoa sustatzeko sozietate publikoan eskainiko dituzte.
Bestalde, Ubarretxenak jakinarazi duenez, urtea amaitu baino lehen administrazio orokorreko 3.400 lanpostu egonkortuko dituzte, eta datorren urtean abiaraziko dute lekualdatze lehiaketa. Gainera, bozeramaileak iragarri du hurrengo urteetan beste eskaintza batzuk onartuko dituztela, eta, beraz, lanpostu gehiago izango direla. Lan eskaintza publiko horien helburua da behin-behinekotasun tasa %8tik behera gelditzea eta belaunaldi erreleboari erantzutea. «2025ean, kargu hartzeak amaituta, lekualdaketa lehiaketei helduko zaie, ondoren LEPen beste etapa bat hasteko».
Lan eskaintza publikoak bat egingo du Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren agintaldian onartutako Berpiztu 2020-2024 programarekin. Hura «ekonomia eta enplegua suspertzeko» asmoz ondutako programa bat da.
Sindikatuak, kexu
LAB sindikatuak langileenganako «begirune faltatzat» jo du lan eskaintza publikoaren berri emateko modua. Ohar batean, azaldu du hedabideen bidez izan dutela haren berri, eta ez dela hartaz hitz egin EAEko Mahai Orokorrean: «Aldebakarrez erabaki eta inposatuko du neurria orain ere». Izatez, Jaurlaritzari leporatu dio azaroaren amaieran egindako bilkuran «hurrengo baterako» utzi izana «enplegu publikoa negoziatu beharraz» sindikatuek egindako eskaera: «Gure iritziz, Urkulluren eta Pradalesen gobernuen artean ez dago alderik, eta badirudi harrotu egiten direla langileenganako betiko begirune faltarekin».
Lan eskaintza publikoaren nondik norakoei erreparatuta, berriz, LABek adierazi du lan eskaintza publiko horrekin ez dela beteko Europako Batasunak 2024rako ezarritako helburua: behin-behinekotasuna %8tik jaistea. Kontrara, hura hiru urte atzeratuko dela kritikatu du. Era berean, «seriotasun» falta kritkatu dio gobernuari, hark adierazi duelako datozen urteetan «plaza gehiago» gehituko direla, «inolako zehaztasunik» eman gabe. Hala, LABek «eznahikotzat» jo du lan eskaintza.
ELAk, berriz, Osakidetzarako egindako planteamenduari erreparatu dio zehazki. Batetik, adierazi du Madrilek ezarritakoaren menpe dagoela, eta Jaurlaritzak ez duela hori aldatzeko eta eskumena bereganatzeko borondaterik erakutsi. Bestetik, salatu du Jaurlaritzak xede duela 2023ko LEPari dagokion hautaketa prozesuarekin —1.265 plaza— eta orain iragarritakoarekin Osakidetzan behin-behinekotasuna %9,73an ezartzeko. Ehuneko hori, baina, «faltsua» eta «tranpatia» da, ELAren arabera. Eta, beraz, sindikatuak Jaurlaritzari eta Osakidetzari leporatu die plantillaren benetako behin-behinekotasun datuak «makillatu» eta «ezkutatu» nahi izatea: «Kalkuluetan, Osakidetzak ahaztu egiten ditu aldi baterako 6.000 langile, gehienak urteak daramatzatenak kontratuak kateatzen. Zehazki, Osakidetzak 2.879 plaza ditu koderik gabe, eta horiek betetzea ezinbestekoa da zerbitzuaren ohiko funtzionamendurako. Ohiko beharrei erantzun arren, modu irregularrean formalki sortu gabe dauden plazak dira».