Eusko Jaurlaritzak %2,5 murriztu du Emakunderen aurrekontua

EH Bilduk jaitsiera kritikatu du. Iriondok azpimarratu du ez dagoela murrizketarik.

Mikel Iriondo eskuinean, gaur Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Mikel Iriondo eskuinean, gaur Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 4a
16:10
Entzun

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen 2025eko aurrekontua aurtengoa baino apalagoa izanen da: 7,9 milioi euro izanen dituzte, aurten baino %2,5 gutxiago. Mikel Iriondo Eusko Jaurlaritzako Koordinaziorako eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiak eman du horren berri, Eusko Legebiltzarrean, eta oposizioaren aldetik kritika ugari jaso du.

Emakunde Lehendakaritzan txertatuta egon zen 1988tik. Urkulluren azken legealdian, ordea, gobernuan Berdintasun Saila sortu, eta zuzendaritza moduan hara eraman zuten, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekin batera. Haserrea eragin zuen erabaki hark bai aurretik Emakundeko zuzendari izandakoen artean, bai mugimendu feministan. Eskatu zuten Lehendakaritzan kokatzeko berriz. Lau urte geroago iritsi da aldaketa: Imanol Pradalesek Lehendakaritzan txertatu ditu berdintasun politikak.

Bada, ildo horretatik, EH Bilduko Oihana Etxebarrietak adierazi du positiboa dela berdintasun gaiak Lehendakaritzatik kudeatzea, baina hori zenbakietan islatuta agertu behar dela. Kritikatu du aurrekontuetan egon diren murrizketak, baita indarkeria matxistari aurre egiteko neurrietan egin den murrizketa ere. Iriondok, baina, erantzun dio aurrekontua ez dela murrizten, programentzat dagoena gehiago dela argudiatuta.

Lorea Bilbao jeltzaleak azaldu du badirela hainbat ekinbide «ekonomikoki ongi hornituta»: 450.000 euro «gizarte pedagogiarako», 260.000 euro Gizonduz maskulinitate berriei zuzendutako programarendako eta 50.000 euro soldata arrakalari aurre egiteko. Horrez gain, 10.000 euro bideratuko dira funtzionarioei formakuntza feministak emateko eta 60.000 euro berdintasunerako behatokia sortzeko.

Ekain Rico sozialistak, berriz, txalotu egin du aurkeztutako proposamena: «Berdintasun politikak oso garrantzitsuak dira gizartearentzat. Uste dugu konpromiso horiei aurre egiteko baliabide nahikoa jartzen dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.